'Khaxoggi auzia'

Frogek "iradokitzen" dute Saudi Arabiako printzeak Khaxoggiren hilketarekin lotura duela, NBEren arabera

Kazetari saudiarabiarraren hilketa ikertzeaz arduratu diren behatzaileek ondorioztatu dute Riad "epaiz kanpoko exekuzio baten arduraduna" dela: "Frogak sinesgarriak dira".

Khaxoggiren oroimenez egindako mobilizazio bat, iragan urrian, Istanbulen. ERDEM SAHIN / EFE
ander perez zala
2019ko ekainaren 19a
07:31
Entzun

Agnes Callard Nazio Batuen Erakundearen (NBE) behatzailearen arabera, Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoak eta herrialde horretako goi kargudunek "zerikusia" izan zuten Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketarekin. Iazko urriaren 2an, Khaxoggi Saudi Arabiaren Istanbulgo (Turkia) konsuletxean sartu zen, eta ez zen inoiz handik atera. Eraikinean sartu eta hemezortzi egunera, Riadek aitortu zuen kazetaria konsuletxean hil zela.

Saudi Arabiako Fiskaltzaren arabera, kazetaria "eraikinean zeuden pertsona batzuekin borrokatu ostean" hil zen. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, aldiz, beste bertsio baten berri eman zuen: kazetaria "modu basatian" hil zutela, eta haren heriotza "aldez aurretik planifikatu" zutela; planifikazio lanetan parte hartua izango zen, beraz, Saudi Arabiako printzea.

NBEren giza eskubideen bulegoak hiru aditu izendatu zituen kazetariaren hilketa ikertzeko: Callard NBEren behatzailea, Helena Kennedy abokatua eta Duarte Nuno Vieira patologian aditua. Lantaldea Turkian izan zen urtarrilean, eta, Callardek jakinarazi duenez, frogek iradokitzen dute Saudi Arabiako printzea oinordekoak eta goi kargudunek parte hartu zutela hilketaren planifikazioan.

"Khaxoggi hiltzeko hamabost laguneko misioak gobernuaren koordinazioa, finantzaketa eta baliabideak behar zituen", ondorioztatu du Callardek gaur publiko egin duen txostenean.

Saudi Arabiak ustezko errudunak atxilotu zituen, eta haien aurkako epaiketa hasia dute. Saud al-Moyeb Saudi Arabiako fiskal nagusiak heriotza zigorra eskatu zuen ustezko hiltzaileetako bostentzat, eta bin Salman printze oinordekoa absolbitu egin zuen, adieraziz hark "ez zekiela ezer" krimenaren inguruan. Beste sei errudunentzat ere kontuak eskatu zituen fiskal nagusiak.

Baina, NBEren lantaldearen arabera, epaiketa horrek ez ditu nazioarteko eredua errespetatu, eta horregatik beharrezkotzat jo du prozesua etetea. "Saudi Arabiako printzeak ikerketa bati egin behar dio aurre", ondorioztatu du Callardek. Ez hori bakarrik: printze oinordekoaren eta goi kargudunen aurkako zigor ekonomikoak handitzeko eskatu du.

Lantaldeak datorren asteazkenean aurkeztuko dizkio ikerketaren ondorioak NBEren giza eskubideen batzordea bati.

Disidentziaren kontrako errepresioa

Saudi Arabia monarkia absolutu bat da, eta xaria islamikoa da legearen oinarria. Salman bin Abdelaziz 2015eko urtarrilean iritsi zen tronura, haren anaia hil ostean, eta iazko ekainean izendatu zuen haren semea printze erregegaia —Defentsa ministro izan zen aurretik—.

Bin Salmanek hainbat neurri iragarri zituen herrialdearen izaera hertsia eta kontserbadorea leuntzeko, baina emakumeak gidatzeko zuten debekua kentzea, ekonomia eraldatzeko neurria hartzea eta ustelkeriaren aurkako politikak ezartzea ez dira aski izan haren jarrera autoritarioa ezkutatzeko. Alderdi politikorik ez dagoen herrialde horretan oposizio xiita erabat jazarrita dago, eta, printzearekin, areagotu egin da disidentziaren kontrako errepresioa. Khaxoggi zen horietako adibide bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.