Chiquita eta Fyffes, munduko platano ekoizlerik handienetako bi, batu egingo dira. Chiquita Brands International AEB Ameriketako Estatu Batuetakoa da, eta 1990ean hartu zuen izen hori; lehenago, United Fruit Company legez ezagutzen zen —Hego eta Erdialdeko Ameriketako herrialde askotan oroitzapen beltzak dakartzan izena, XX. mendean hainbat sarraski eta estatu kolpetan parte hartu eta diktadura ugari sostengatu zituelako—. Fyffesek, berriz, Dublinen (Irlanda) du egoitza nagusia, eta Europan lan egiten du batez ere. Hark banatzen ditu Europan kontsumitzen diren bananen %16.
Bien artean, banana ekoizlerik handiena osatuko dute, eta munduko merkatuaren %14 kontrolatuko dute. Beharbada, munta txikiko afera iritziko dio norbaitek horri. Oker dago hala pentsatzen duena. Herrialde askotan, banana da oinarrizko elikagaia, eta horren ekoizpenean edo salneurrian eragindako edozein gorabeherak ondorio zuzenak ditu jende askoren eguneroko bizimoduan. Milaka milioi mugitzen dituen negozioa da platanoena: gobernuak jarri eta kendu egin ditu, herritarren bizimodua moldatu du, eta herrialde askoren historiaren norabidea aldarazi du.
Garrantzi handiko industria da bananarena. Eta, orain, arazo larri bati aurre egin behar dio: izurrite batek ekar dezake kontsumorako ekoizten diren platano gehienak desagertzea, 1960ko hamarkadan gertatu zen moduan. Eta badirudi kontuak ez duela konponbide errazik.
United Fruiten itzala
United Fruit Company 1899an sortu zen, AEBetan. Hego eta Erdialdeko Ameriketan fruta tropikalak ekoitzi eta AEBetan merkaturatzea zen haren eginkizuna, eta bananen negozio horren zati nagusienetako bat bilakatu zen.
Baina enpresa arrunta baino zerbait gehiago ere bazen United Fruit Company, batez ere Erdialdeko Ameriketako herrialdeentzat. Hamarkada askoan, eragile politiko eta ekonomiko garrantzitsua izan zen aipatutako herrialdeetan. Bere eragiteko gaitasun guztia erabili zuen nekazari txikiak desjabetu eta euren lurretatik egozteko, langileen soldatak ahalik eta baxuen mantentzeko, sindikatuen jarduera oztopatu edo zuzenean debekatzeko, eta presio fiskala saihesteko.
Horretarako, eskura zituen trikimailu guztiak erabili zituen, gehienetan AEBetako Gobernuaren eta CIAren laguntzarekin. Gobernuak kendu eta jarri egin zituen; estatu kolpeak sustatu egin zituen, esaterako Guatemalan 1954an Castillo Armas militarra gobernura eraman zuena; Kuban iraultza gailendu zenean, beltz lan egin zuen Karibeko irlaren inbasioa ahalbidetzeko; eta errepresioa ere erruz erabili zuen enpresarentzat lan egiten zuten langileen kontra.
Azken arlo horri dagokionez, gertaerarik ezagunena da 1928an Cienagan (Kolonbia) lan egoera eskasa zela-eta protestan ari ziren langileen kontrako sarraskia. United Fruiten presioei ameto emanez, Cortes Vargas jeneralak grebalarien kontra tiro egiteko agindu zien bere soldaduei. Ehunka hildako egon ziren; 300 garai hartako prentsaren arabera, ia 3.000 gaurko zenbait historialariren aburuz.
Banana errepublika esamoldea —banana republic ingelesez, república bananera gaztelaniaz— United Fruiten agintaldian sortua da, eta, geroztik, kalitate demokratiko eskaseko herrialde eta sistema politikoak izendatzeko erabili izan da.
Berregituraketa baten ostean, United Fruits United Brands bilakatu zen 1970ean, eta 1985ean Chiquita Brands International izena hartu zuen, gaur arte mantendu dutena. Hurrengo urtean, Irlandako Fruit Importers of Ireland enpresak Chiquitaren meneko zen Fyffes erosi zuen. Orain, hamazortzi urte geroago, berriro bat egitea erabaki dute bi enpresek.
Izena aldatzeak ez zuen Chiquitaren ospea garbitu. 2007an, AEB-etako Justizia Departamentuak 25 milioi dolarreko isuna jarri zion Chiquitari, Kolonbiako talde paramilitarrekin kontaktuak izateagatik. Arazo gehiago saihesteko, Chiquitak salaketa onartu zuen, aitortu zuen zazpi urtez talde paramilitarrekin tratuetan ibili zela, eta isuna ordaindu zuen. Baina arazoak areagotu egin zaizkie: talde paramilitar horien biktima ugarik salaketak jarri dituzte Chiquitaren kontra.
Chiquitak errefusatu egin ditu salaketa horiek, esanez beraiek talde paramilitarrei ordaindu zieten arren ezin dela loturarik ezarri enpresaren eta giza eskubideen urraketen kasu zehatzen artean. Berriki, Chiquitak AEBetako epaitegiei eskatu die enpresaren kontrako salaketak bertan behera uzteko.
Ikusteko dago salaketa horiek guztiek biderik egingo ote duten AEBetako epaitegietan. Baina salaketa jarri duten 173 familia kolonbiarren abokatuek adierazi dute hauxe izan daitekeela "historian inoiz izandako terrorismo auzirik handiena", hildako kopurua World Trade Centerreko dorreen kontrako erasoetakoa halako hiru delako, eta salaketek aurrera egitekotan enpresaren amaiera ekar dezakeela horrek.
Gaitzaren mehatxupean
Nekazari eta kontsumitzaileen eskubideen aldeko zenbait elkartek, Erresuma Batuko Banana Linkek eta Fairtrade fundazioak esaterako, ohartarazi dute Chiquitak eta Fyttesek bat egiteak monopolioa indartu, platanoen prezioak igoarazi eta ekoizleen egoera kaskartzea ekar dezakeela. Baina badirudi hori ez dela platanoen gainean dagoen mehatxu bakarra.
Sigatoka izeneko onddo batek izurrite bat eragin du, eta kalkulatzen da munduan dauden platano landareen 4,5 milioi hektareetatik erdiak baino gehiago kutsatuta daudela. Gaitzak ez die fruituei eragiten, hostoei baizik. Baina gaitzaren kontra borrokatzeko, pestizida kopuru handiak erabili behar dituzte, eta horrek fruituak pozoitzen ditu.
Lehen ere, antzeko arazo bati aurre egin behar izan zion industriak. Naturan, dozenaka platano mota desberdin daude, berdeak, moreak zein horiak, gozoak eta zapore mingotsekoak. XX. mendearen hasieran platanoa negozio bikain bilakatu zenean, enpresa ekoizleek erabaki zuten etekinak handiagotzeko komenigarria zela platano mota bakar bat sustatzea, Gros Michel izenekoa, horia eta zapore gozokoa. Hala egin zuten, kapitalismoaren logikak bultzatuta. Monolaborantzak gainerako platano motak ia desagertzeraino eraman zituen.
Baina horrek agerian utzi zuen etekin azkarrak lortzean oinarrituriko nekazaritza industrialaren ahultasuna. Panamako gaitza izenekoa agertu zen, zenbait platano motatan eraginik ez zuena baina Gros Michel platanoaren uztak hondatzen zituena. 1960ko hamarkadarako, Gros Michel motako platanoak ia desagerturik zeuden.
Platanoaren industria erreka jotzear zegoela, Panamako gaitzaren kontra babestuta eta merkaturatzeko egokia zen beste platano mota bat aurkitu zuten, Cavendish izenekoa, gaur egun munduan gehien kontsumitzen dena. Hori masiboki landatzeari ekin zioten; horri esker, industriak erabateko porrota saihestu ahal izan zuen.
Baina akatsetatik ikasi beharrean, harri berean egin zuen estropezu platanoaren industriak. Egun, kontsumorako landatzen diren platanoen %95 Cavendish motakoak dira, denak berdin-berdinak, klonikoak ia. Horrek esan nahi zuen ostera ere platano mota horri erasotzen dion gaixotasun bat agertuz gero egoera errepikatuko zela. Eta horixe gertatu da. 1980ko hamarkadan, Cavendish platano motaren uztak hondatzen zituen gaitza agertu zen Malaysian. Geroztik, mundu osora hedatu da. Kontsumorako landaturiko bananondoen erdiak baino gehiago kutsatuta daude jada.
Orain, FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea ari da gaitzaren kontra babestutako platano mota baten bila. Erakundearen agindupeko ikerlariek mutazio genetikoak sorrarazten dituzte Cavendish espezieko platanondoetan, eta gero aztertzen dute genetikoki aldarazitako mota horiek babestuta ote dauden gaitzaren kontra. Baina ez da segurua ikerketa horiek arrakasta izango ote duten.
Euskal Herrian, mehatxatutako platano mota Ipar Euskal Herrian kontsumitzen da batez ere. Hegoaldean ere salgai egoten da, baina merkatuaren zati handi bat Kanarietako platanoek hartzen dute.
Kanarietako platanoa ere Cavendish motakoa da, baina beste aldaera batekoa, beste modu batera ekoizten dena. Horrek, eta Kanarietan bertakoak ez diren platano motak landatzeko debekuak, lortu dute orain arte platano horiek gaitzetik salbu egotea. Zenbat denboraz, ezin jakin.