08:53an (13:53 Euskal Herrian) abiatu da Santiagoko aireportutik Limara Alberto Fujimori Peruko presidente ohia daraman hegazkina. Txileko Auzitegi Gorenak Fujimoriren estradizioari baiezkoa eman zion atzo, eta giza eskubideen kontrako eta ustelkeria delituengatik epai dezaten daramate dute Perura. Hain zuzen ere, Peruko Gobernuko Barne Sailak agertu du iritsitakoan, behin-behinekoz, Polizia Nazionalaren Operazio Berezietako Zuzendaritzaren egoitzan sartuko dutela, Lima ekialdean.
Alberto Fujimori 1990eko uztailetik 2000ko azaro arte izan zen Peruko presidente, eta "terrorismoari" aurre egiteko aitzakiarekin erregimen autoritarioa jarri zuen indarrean. 1992an Legebiltzarra eta botere judiziala bertan behera utzi zituen, eta autokolpea ematea egotzi zioten. Larrialdiko gobernua jarri zuen abian, eta Konstituzio berria eginarazi beretzako botere eremu handiak hartuz.
2000. urtean Fujimoriren agintealdiko gehiegikeria eta ustelkeria agerian uztea lortu zuen oposizioak, eta goi-bilera batean parte hartzeko atzerrian baliatuiz, Japonian babestu zen eta handik eman zuen dimisioa, fax baten bidez.
2005ean Peruko hauteskundeetan parte hartuko zuela iragarri zuen, eta horretarako Ameriketara itzuli zen Japoniatik, zehazki, Txilera. Heldu eta hurrengo egunean atxilotu egin zuten, eta haren kontrako estradizio eskaera egin zuen Peruk. Arestian aipatu bezala, Txileko Auzitegi Gorenak atzo eman zuen Fujimori estraditatzeko agindua.
Mundua
Fujimori Perura estraditatu du Txilek, epai dezaten
Peruko Poliziaren egoitza batean sartuko dute behin-behinekoz. Giza eskubideen kontrako delituak eta ustelkeria leporatzen dizkio Peruko Justiziak presidente ohiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu