Fujimoriren gizona

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Vladimiro Montesinosek (Arequipa, 1945), 25 urteko espetxe zigorraren kondena entzun aurretik, Peruko armadaren ereserkia abesten jardun du epaitutako gainerako militarrekin, baita irribarretsu entzun ere zigorraren irakurketa. Oraingoan Barrios Altosko eta Cantutako sarraskiengatik kondenatu dute, Colina taldeko beste hogei militarrekin batera. Sendero Luminosoko gerrillarien taldekoak zirela argudiatuta egin zituzten bi sarraskiak. Alberto Fujimori Peruko presidentea izandakoak jada jaso du zigorra delitu horiengatik. Gertaera horiek ekarri zuten diktadorearen amaiera.

2001etik Callaoko basean dago Montesinos, preso, arma trafikoarengatik kondenatuta, eta denbora horretan espetxean idatzi dituen bi libururen berri emateko baliatu du epaiketa. Colina talde paramilitarra sortzeaz eta zuzentzeaz erantzule egin dute, baina Colina taldearekin egindakoa beste ekintza bat besterik ez da.

Fujimoriren ondo-ondokoak diktadorearen ustelkeria kasuen eta hilketen frogak garbitzen lan asko egin du, bereak garbitzeaz gain, eta Fujimoriren diktaduran leku garrantzitsua izan zuen. 90eko hamarkadan hasi zuen haren ondoko lana abokatu gisa. Fujimori presidentetzara iritsi zenean aholkulari izendatu zuen, eta, ezkutuan, bera zen Peruko segurtasun erakundeen arduraduna. Fujimorik estatu kolpea eman zuenean, 1992an, berak bota zituen gobernutik presidentearekin ez zeuden guztiak, eta komunikabideak ere itxi zituen. 2000. urtean alde egin zuen Perutik, kongresista bati eskupekoa ematen erakutsi zuten bideoaren ondorioz. 2001ean Venezuelatik deportatu zuten Perura, narkotrafikoagatik, legez kanpo aberasteagatik, hiltzegatik eta dirua garbitzeagatik prozesatzeko. AMAGOIA MUJIKA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.