Erregaia ateratzeko prozesua behin eta berriz errepikatuko dute Japoniako zentral nuklearrean,1.533 barra erregai atera arte, urtebete inguru. Erregai barrak ateratzea da zentral nuklearraren desegiteko lehen pausoa.
Begi guztiak jarrita daude Tepcok hasi duen prozesuan. Prozesu hori oso arriskutsua da, eta, gainera, laugarren erreaktoreko eraikinean leherketa bat izan zen lurrikararen eta tsunamiaren ostean, eta zalantzan dago eraikina sendo ote dagoen. Horrez gainera, erregai gastatua ateratzerakoan leherketaren ondorioz biltegian geratu ziren hondakinak uraniora itsatsita gera daitezke, eta horrek erradiazio izugarria eragin dezake.
Uranio dioxidoa biltegi batera eramaten hasi dira, prozesu horretarako espresuki egin den garabia erabiliz. Inoiz ez da horrelakorik egin, eta, beraz, ez dakite oso ongi zeri egin beharko dioten aurre. Biltegian urez estalita dagoen barrikan sartuz joango dira erregaia —gehienez, segundoko zentimetro bateko abiadura har dezake garabiak—, barrika bete arte. Barrikan 22 sorta sartzen dira, eta bi egunean beteko dute. Beste garabi batek aterako du barrika biltegitik, eta handik leku seguruagotzat jotzen duten beste biltegi batera eramango dute.
Hotzeko geldialdia jada gauzatutzat eman dute, eta desegiteak, orotara, 40 bat urte iraungo du.