Hondamendia Japonian

Fukushimako itsasoan erradiazioa 1.250 bider handiagoa dela jakinarazi du Japoniako Segurtasun Nuklearraren Agentziak

Pertsona heldu batek ur horren litro erdi edango balu, urtean jasan daitekeen gehienezko erradiazio maila jasoko lukeela argitu dute.

Berria.info
2011ko martxoaren 26a
14:07
Entzun

Fukushimako hondamendia gertatu eta bi astera, itsasoan dagoen erradiazio mailak sortzen du une honetan kezka gehien. Japoniako Segurtasun Nuklearraren Agentziak jakinarazi duenez,  itsasoko ur lagin batean segurutzat hartzen den erradiazio maila 1.250 bider handitu dela ikusi dute. Gaineratu dute pertsona heldu batek ur horren litro erdi edango balu urtean jasan daitekeen gehienezko erradiazio maila jasoko lukeela.

Agentzia horretako bozeramaile batek esan duenez, ordea, erradiazioa ur korronteekin sakabanatzea espero dute, eta erradiazioak ez dela Fukushima inguruan bizi direnentzat arriskutsua adierazi du. Hala ere, azken orduetan hainbat herrialdek kontrol neurri bereziak ezarri dizkiete itsas portuetan Japoniatik iristen diren itsasontziei.

27.500 hildako eta desagertu

Fukushimako zentralean, bitartean, martxoaren 11ko lurrikarak eta ondorengo tsunamiak sortutako kalteak konpontzeko lanetan jarraitzen dute. Gaur Tokyo Electric Company-ko bi langile ospitaleratu dituzte. Itxura denez, oinak ur kutxatuan sartuta aritu dira lanean. Gaur jakin denez, erradiazio maila altuko ur putzuak daude erreaktoreen inguruan, batzuk 1,8 metroko sakonera dutenak.

Bi horiekin hamazazpi dira jada larrialdi egoeratako gehienezko erradiazio mailatik gora lanean aritu diren langileak. Hondamendian hildakoen kopurua 10.418koa da dagoeneko. Desagertuak, berriz, 17.072 izango lirateke. Miyagiko prefektura da kaltetuena. Iturri beren arabera, han hildakoak 6.338 badira jada. Iwaten, aldiz, 3.123 zendu dira eta Fukushiman 904.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.