Gaur goizean 7,1 graduko lurrikara bat izan da Fukushiman (Japonia). Lur azaletik hamar kilometrora gertatu da, eta ondorioz, tsunami aleta piztu dute. Bi metroko olatuak iragarri dituzte hasieran, eta arriskurik ez dagoelakoan kendu duta jada tsunami alerta.
Zentral nuklearrean lanean ari ziren langileek aldi batez lanak utzi behar izan dituzte, baina agintariek diote oraingoz ez dutela erradiazio maila handitu denik igarri. Dirudienez, ordea, argindarra eten egin da 1., 2. eta 3. erreaktoreetan. Horiek hozteko lanak eskuz ari dira orain egiten, suhiltzaileen kamioiak erabiliz.
Lurrikara gertatu aurretik, Japoniako Gobernuak Fuskuhimako zentran nuklearraren inguruko ebakuazio eremua handitzea erabakia zuen. Yukio Edano Gobernuko bozeramaileak esan duenez, 40 kilometrora dauden zenbait herrietan erradiazio maila oso altuak jaso dituzte, eta hor dauden bizilagunek euren etxeak utzi beharko dituzte.
Une honetan 20 kilometrokoa da segurtasun eremu hori, eta 20 eta 30 kilometro bitartean bizi direnei etxean geratzeko edo etxea uzteko aholkatu diete. 2.350 aterpe daude eta horietan euren etxea utzi behar izan dute 147.000 lagunek.
Gaur betetzen da hilabete bat martxoaren 11n lurrikara batek eta ondoren sortu zen tsunamiak Bigarren Mundu Gerraz geroztik Japonian izan den hondamendirik handiena sortu zutenetik. Hilabete batera hildakoen kopuruak gora egiten du oraindik, eta Fukushimako zentralean arazoak ohikoak dira.
Datu ofizialen arabera 13.116 dira hondamendian hildakoak, eta 14.377 desagertuta daude. Miyagi, Iwate eta Fukushima izan dira lurralde kaltetuenak. Erreskate taldeek oraindik ere gorpuak ateratzen jarraitzen dute. Atzo, esate baterako, 103 gorpu jaso zituzten.