Fumata edo ke beltza atera da Sixtoren Kaperako tximiniatik, eta beraz, bihar berriro bozkatu beharko dute 115 kardinalek aita santu berria aukeratzeko. Sixtoren Kaperan bildu dira arratsaldean, eta espero bezala, gaur ez da fumata zuririk egon.
Hautagai sendorik gabe hasi da konklabea. Ez dago faborito argirik, eta aditu gehienek Italiatik kanpora begiratzen dute, uste baitute Vatileaks auziak eragindako eskandaluak ondorioak izan ditzakeela. Afrika eta Amerika dituzte jomugan; bi kontinente horietan mundu osoko katolikoen erdiak bizi dira —600 milioi pertsona inguru—.
Milaka fededun bildu dira Done Petri plazara, euria ari badu ere; goizean basilikan egin duten elizkizunean 20.000 inguru izan dira. Orotara 100.000 eta 200.000 fededun artean espero dituzte, baita hamarnaka herrialdetako gobernuburuak ere, eta guztiz prest egotea zaila izan ohi da halakoetan. Gianni Alemanno Erromako alkateak berak azaldu duenez, fumata zuria noiz aterako den ez jakiteak zaildu egiten du dena behar bezala antolatuta izatea.
Sixtoren Kaperatik ke zuria irten bezain pronto jarriko dute martxan antolaketa plan berezia: segurtasun gehiago inguruan eta garraio publikoa Done Petri plazarantz.
2005eko konklabea baino zabalagoa izango da, beraz, aurtengoa. Orduko hartan, Joseph Ratzinger —Benedikto XVI.a izan zena— faboritoen artean zegoen hasieratik, Carlo Maria Martini eta Dionigi Tettamamzirekin batera. Gaur hasiko den konklabean, ordea, zatiketa da nagusi taldeen artean, eta adituek diotenez, zatiketa eta desadostasun horrek dakar hautagai sendo baten aldeko apusturik ez egotea.
Vatileaks, Joseph Ratzingerren agiri sekretuak zabaldu zireneko eskandalua, presente da berriro ere. Azken egunetan kardinal batek baino gehiagok eskatu du horren gaineko informazio sakona. Vatikanoko behatzaileen arabera, horrekin "fronte" bat sortu nahi dute estatubatuarrek Afrikako eta Latinoamerikako kardinalekin, hurrengo aita santua italiarra eta europarra izan ez dadin.
Hautagai sendorik egon ez arren, badira azken egunetan gehien aipatu diren izenak. Hauek dira horietako batzuk:
Angelo Scola
• Italia, 71 urte. Milango artzapezpikua, italiarren itxaropena.
Leonardo Sandri
• Argentina, 69. Wojtilaren garaian kuriako hirugarrena izana.
Mauro Piacenza
• Italia, 68. Kurian 20 urte.
Marc Ouellet
• Kanada, 68. Apezpikuen kongregazioko arduraduna.
Timothy Dolan
• AEB, 62. New Yorkeko apezpikua, berritzaileegia aukeran.
Peter Turkson
• Ghana, 64. Afrikaren aukera.
Odilo Pedro Scherer
• Brasil, 63. Kontserbadorea Brasilen, moderatua Erroman.
Joao Braz de Avis
• Brasil, 65. Askapenaren Teologiaren babesle moderatua.
Christoph Schoenborn
• Austria, 67. Vienan apezpiku.
Gianfranco Ravasi
• Italia, 70. Kulturaren ministro Vatikanoan, 2007. urtetik.
Luis Tagle
• Filipinak, 55. Itzal handikoa, eta Ratzingerren hurbilekoa.
Donald Wueri
• AEB, 72. Intelektual jantzia.