G8 taldeak 18 herrialde pobreren kanpo zorra osorik ezabatuko du

Afrikako 15 estatuk eta Ameriketako hiruk ez dute pagatu beharko nazioarteko finantza erakundeei zor diotena

2005eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Munduko zazpi estaturik aberatsenak (AEBak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada) eta Errusia biltzen dituen G8 taldeak atzo Londresen hitzartu zuen «oso-osorik» ezabatuko duela 18 estatu pobreren kanpo zorra. Horietatik 15 Afrikakoak dira, eta hiru Ameriketakoak. Erresuma Batuko Ekonomia ministro Gordon Brownek eman zuen asmoaren berri, eta ezabatutako zorraren multilaterala eta bi aldekoa kopuru osoa 40.000 milioi dolarrekoa dela jakinarazi.

Askotan artifizialki eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), Munduko Bankuak eta Garapenerako Afrikako Bankuak ezarritako baldintzen ondorioz puztutako zorrak «barkatuta» erakunde horien eta estatu aberatsen zein neoliberalen terminoa da izango dituzten lehenbiziko herrialdeak hauek izango dira: Benin, Bolivia, Burkina Faso, Etiopia, Ghana, Guyana, Honduras, Madagaskar, Mali, Mauritania, Mozambike, Nikaragua, Niger, Ruanda, Senegal, Tanzania, Senegal, Uganda eta Zambia. Horien ondoren, beste bederatzi estaturi ezabatuko diete kanpo zorra, orotara 11.000 milioi dolarrekoa, 12 eta 18 hilabete arteko epean. Gainera, egitasmoaren baldintzak betetzen dituztenean, beste 11 estaturen txanda etorriko da gero. Brownen esanetan, 55.000 milioi dolarrekoa da hiru talde horietako 38 herrialdeek guztira zor duten kopurua; horietatik 44.000 milioi Munduko Bankuari zor dizkiete, 6.000 milioi dolar NDFri, eta 5.000 milioi dolar Garapenerako Afrikako Bankuari. Browni jarraiki, estatu emaileek konpromisoa hartu dute zorra ezabatzeak erakunde multilateralei eragingo dien gastua finantzatzeko. «Pobrezia eta zorra arintzeko G8koen konferentzia batean inoiz lortutako akordiorik osoena da», adierazi zuen Ekonomia ministro britainiarrak. «Ez da lotsati jokatzeko garaia, ausardiaz jokatzekoa baizik». Nolanahi ere, kanpo zorra ezabatzearen inguruko kontuak ez dira oraingoak. Gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) 80ko hamarkadatik lortu nahi izan duten helburuetako bat da. GKEk hamaika ekimen eta kanpaina egin izan dituzte estatu aberatsek eta nazioarteko finantza erakundeek herrialde txiroen kanpo zorra ezaba dezaten.

Kanpaina franko

Gobernuz kanpoko erakundeen presioaren ondorioz, 1988an G8 taldeak lehen urratsak egin zituen kanpo zorra ezabatzearen inguruan. Halere, 1996 arte G8koek ez zuten garrantzi handiko erabakirik hartu. Hala, Zor Handia Duten Herrialde Pobreetarako Ekimena deitutakoa aurkeztu zuen, 41 herrialdek Munduko Bankuarekin zuten kanpo zorra murriztera bideratua.

2000n 65 estatutako erakundeek Jubileu 2000 koalizioa eratu zuten; talde horrek kanpo zorra ezabatzea nazioarteko agendan jartzera behartu zituen agintariak. 2001ean Bolivia, Mozambike, Tanzania eta Uganda herrialdeak zorraren ezabatzearen onura batzuk jasotzen hasi ziren. Baina iaz ekimenak ez zuen lortu G8koek 41 herrialde txiroren zorra kentzea. Atzo Brasilgo Ogasun ministro Antonio Paloccik erreforma egiteko eskatu zien G8koei, Nazioarteko Diru Funtsa krisiak «aurreikusteko modukoagoa bilakatzeko, behatzaileagoa baino». Gainera, garapenean diren herriek NDFn parte-hartze handiagoa eta beren ahotsa izatearen aldeko agertu zen. Nikaraguak, berriz, zorra ezabatzea eskertu, eta esan zuen diru gehiago bideratuko duela gastu sozialera.



-

AHOTS KRITIKOAK



Estatu aberatsek justizia egin behar dutela dio Naomi Kleinek



Naomi Klein idazle eta globalizazioaren kontrako ekintzaile kanadarrak hau nabarmendu zuen herenegun Londresko The Guardian egunkarian: «Afrika kontinente aberatsa da, Mendebaldeko konpainia putreek pobre bilakatua». Gordon Brownek egindako proposamen bati honela erantzun zion: «Ministroak Ekialde Hurbileko herrialde petrolio-ekoizle aberatsenei eskatu die Afrikari laguntzeko dagoen hutsunea bete dezatela. Baina honatx beste ideia bat hobea: Saudi Arabiaren petrolioa Afrika salbatzeko erabili beharrean, zergatik ez erabili Afrikaren petrolio aberastasuna baita gasa, diamanteak, urrea, platinoa eta ikatza ere, besteak beste Afrika salbatzeko?». Kleinek gogora ekarri zuen pobrezia historiara bidali nahi izan zuen ekintzaile nigeriar bat, Ken Saro-Wiwa. «Saro-Wiwa duela ia 10 urte hil zuen Nigeriako Gobernuak; Ogoni herriko beste zortzi ekintzailerekin batera heriotza zigorra ezarri zion, urkatuta. Haien krimena hau izan zen: behin eta berriz esatea Nigeria ez zela batere pobrea, aberatsa baizik, eta Mendebaldeko multinazionalen mesederako hartutako erabaki politikoek zeukatela jendea pobrezia gorrian. (...) Ez zuten karitatea, errukia edo laguntza eskatu, justizia baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.