San Petersburgoko agintariek (Errusia) debekatu egin dituzte globalizazioaren aurkako mugimenduek antolatutako manifestazioak. Valentina Matvienko San Petersburgoko gobernadoreak segurtasun arrazoiak argudiatu ditu horiek debekatzeko. Han egingo dute asteburu honetan G8aren bilera. Ekintzaileek salatu dute haien kide askori ez dietela muga igarotzen utzi, nahiz eta Errusiako Gobernuak inoiz zigortuak izan ez diren ekintzaileei hirira sartzeko oztoporik ez zietela jarriko agindu. 200 ekintzaile atxilotu dituztela eta 10-15 eguneko kartzela zigorra ezarri dietela salatu dute giza eskubideen aldeko taldeek. Beraz, atxilotuek ezin izango dute protestetan parte hartu.
G8an batuta dauden munduko zazpi herrialde industrializatuenek -AEBak, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Japonia, Kanada eta Italia-eta Errusiak osatzen dute G8a, eta guztiak San Petersburgon (Errusia) izango dira asteburuan. Bilera honetan lehen aldiz, Errusiak egingo ditu buruzagi lanak. Besteak beste, Ekialde Hurbileko krisia eta aldaketa klimatikoa izango dituzte hizpide agintariek. Italiako lehen ministro Romano Prodik gogor salatu zuen atzo Israelek lurralde palestinarren eta LIbanoren kontra abiatutako operazioak.
Aurten Brasil, Txina, Hegoafrika, India eta Mexiko gonbidatu dituzte San Petersburgora. Blairrek iragarri du gonbidatuekin G-13a sor dezaketela, baina gainontzeko partaideak ez dira iritzi berekoak, eta bileraren helburua ez dela hori erantzun diote.
Greenpeaceeta Naturarentzako Mundu Funtsa talde ekologistek G-8aren bileran energia nuklearraren kontra egiteko eskatu diote Italiako lehen ministroari; izan ere, Alemania eta Italia dira energia mota hori areagotu nahi ez duten herrialdeak.
G8aren kontrako protestetan 200 manifestari atxilotu dituzte
G8ko kideek bi eguneko goi bilera hasiko dute gaur Errusiako San Petersburgo hirian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu