Ajdabija hiriaren kontrol ia osoa lortuta, Bengazi berreskuratzeko giltza inoiz baino eskurago du Muammar Gaddafik. Hori eginda, batetik, oposizioaren hiriburura iristeko atea zabalik luke, 170 kilometrora baitago, eta tartean ez baitago beste hiri handirik. Bestetik, Egiptoko muga berreskuratzeko aukera luke eta erreboltariak Bengazin setiatuko lituzke. Gerra bideratuta daukala ikusirik, etxekoei zein nazioartekoei mehatxuka hasi da Gaddafi.
«Amore ematen badute, ez ditut hilko», abisu eman die erreboltariei Il Giornale Italiako egunkarian. Bestalde, «Europako lagunek» berarekin hartu duten jarrera ez duela ulertzen aitortu du Gaddafik. Petrolioaren eta immigrazioaren mamuak ekarri dizkie berriz ere Mendebaldeko potentziei. Gainera, txarren txarrenean, Al Kaedarekin bat egin eta gerra santua deklaratuko diela egin die mehatxu.
Oposizioak, baina, ez du etsi. «Edo berak hilko gaitu, edo guk hilko dugu bera», diote Bengazin. Gerra frontea atzera eta aurrera dabil. Atzo egun osoan bonbardatu zuten Gaddafiren tropek Ajdabija hiria airez, itsasoz eta lurrez, eta ia kontrol osoa eskuratu zuten. Hala ere, oposizioko hegazkinek erregimenaren bi itsasontzi hondoratu zituzten Ajdabijako kostan. Brega hiriak ere borroka bizian segitzen du; hiri hori mendebalderago dago. Ez dago oraindik argi zeinen esku dagoen.
Kontseilu Nazionala Bengazin zokoratuta egon arren, nazioarteko babesa jasotzen ari da. Hillary Clinton AEBetako Estatu Idazkariarekin bildu zen atzo Parisen Mahmud Jibril oposizioko ordezkaria. Laguntza politikoa eta ekonomikoa eskaintzeko aukera aipatu zuten bileran, baina ez zuten inolako konpromisorik hartu.
Berandu baino lehen aire eremua debekatzeko eskatu dio oposizioak nazioarteari, baina urrun dago oraindik horretarako adostasuna. G8ko Atzerri ministroek neurriak hartzeko bilera egin zuten atzo Parisen, baina ez zuten adostasunik lortu.
Protestak herrialde arabiarretan
Gaddafi, Ajdabija hiria mendean hartuta, Bengazin zokoratzen ari da oposizioa
G8ko Atzerri ministroek Parisen egindako goi bileran ez dute Libian esku hartzeko neurririk adostu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu