Protestak herrialde arabiarretan

Gaddafi errefusatu, eta oposizioa onartu du solaskide politikotzat EBk

Frantzia eta Erresuma Batua izan dira Libiako oposizioko Kontseilu Nazionalaren alde egin duten herrialde nagusiakErregimenaren indarrek Ras Lanuf gainditu, eta borroka frontea ekialderago eraman dute

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Ez dugu Gaddafirekin harremanik nahi». Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak iragarri du EB Europako Batasunak Libiako oposizioaren Kontseilu Nazionala onartu duela «solaskide politiko» gisa, erregimena errefusatuz. Horrekin batera, Muammar Gaddafiri boterea «oraintxe bertan» utz dezala exijitu dio EBk. Erregimenaren aurka hartu beharreko neurri militarren aukera ez du zehaztu, baina Van Rompuyk azaldu du esku hartzekotan, NATOk paratutako hiru baldintzekin ados daudela — «froga daitekeen beharra egotea, legezko oinarri argia izatea eta eskualdeko herrien oniritzia»—.

Libiako egoera aztertzeko bilkura berezia egin zuen atzo Bruselan Europako Kontseiluak. Eztabaidagai nagusietako bat izan zen Kontseilu Nazionalaren onarpenaren ingurukoa. Aitzineko egunetan, Frantziak eta Erresuma Batuak izan dute haren aldeko jarrera nabarmenena, baina EBko herrialde gehienak, oro har, eszeptiko agertu dira. Horregatik, azken ebazpenean «solaskide politikotzat» onartu dutenean, terminoa ongi neurtu du EBk. Alemaniako kantziler Angela Merkelek berak argi azaldu du Kontseilu Nazionalarekin harremanak izateak ez duela erran nahi hura erabat onartzea.

«Eraso selektiboak»

Izan ere, Frantziak Libiako herriaren «legezko ordezkari bakar» gisa onartu du Kontseilu Nazionala, eta enbaxadore bat bidali du Bengazira —Libiako oposizioak hiriburua—. EBk ez du Frantziak adinako pausoa eman, baina Nicolas Sarkozy presidentea Bruselaren erabakiarekin hagitz pozik agertu da, Kontseilu Nazionala «akuilatu» duelako.

Parisek eta Londresek oposizioaren onarpen instituzionala lortu badute ere, esku hartze militarraren aldeko jarreran ez dute halako adostasunik bildu. Gaddafiren erregimenaren aurka «eraso selektiboak» egitearen alde dago Sarkozy; Merkel, ordea, ekintza militarrak egitearekin «eszeptiko» agertu da. Van Rompuyk, berriz, erdibidean, adierazi du «Gaddafik zibilak eraso ez ditzan aukera guztiak aztertuko» dituztela, eta NATOren baldintzetara mugatu da. Hain zuzen, aliantza militarrak ere atzo bukatu zuen Libiari buruzko bilkura Bruselan. Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak adierazi du, baina, NATOren bilkuran inork ez duela proposatu «eraso selektiboak» egitea.

Barne adostasuna lortzeko zailtasunak dituen arren, Libiako egoeraren inguruan eragile garrantzitsua dela erakutsi nahi du EBk, eta, horretarako, Arabiar Ligarekin eta AB Afrikako Batasunarekin goi bilera bat prestatzen ari da. AB atzerriko esku hartze militarraren aurka azaldu da, eta Arabiar Ligak gaur eginen du Libiari buruzko bilkura, bertzeak bertze, aire eremua debekatzearen inguruan eztabaidatzeko.

EBren ebazpena jakin aitzinetik, Gaddafik ohar bat kaleratu du, Bruselari bi ohartarazpen argi eginez. Alde batetik, «terrorismoaren aurkako nazioarteko aliantzatik irten» eginen dela mehatxu egin dio; bertzalde, Afrikatik Europara bidean Libiatik pasatzen diren etorkinei «bidea libre» utziko diela ziurtatu du.

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak, berriz, ohartarazi du Libian «zibilak sarraskituta» ikusiz gero, «alerta sistema» bat martxan dutela, baina ez du horri buruzko zehaztapenik egin.

Gaddafiren indarrak nagusi

AEBetako Inteligentzia Nazionaleko zuzendari James Clapperrek iragarri du gerrak bere horretan jarraituz gero, Gaddafiren indarrek gain hartuko diotela oposizioari. Oraingoz, Clapperren iragarpena betetzen ari da, oposizioak ekialdean dituen lehen posizioak estu hartu baititu erregimenak. Borroka frontearen inguruko berriak, ordea, nahasgarriak dira, oposizioak berriemaileei zailtasunak paratu baitizkie gatazka lekuetara ailegatzeko.

Ras Lanuf hirian (Tripolitik 700 kilometro ekialdera) Gaddafiren aldeko indarrak sartu dira. Oposizioko iturriek ere hori berretsi dute, baina hiriko industrigunea oraindik kontrolpean dutela diote —hirigunetik 5 kilometrora dago—. Al Jazeerak dioenez, Ras Lanufeko petrolio instalazioak bonbardatu dituzte. Erreboltarien komandante batek azaldu du Gaddafiren aldeko borrokalariak lurretik ez ezik, itsasotik ere sartu direla hirigunera.

Aste honetan erregimenaren hegazkinek gogor bonbardatu dute Ras Lanuf, bi aldeek kontrolatutako eremuaren muga bertan baitzegoen. Erasorik bortitzena herenegun egin zuten airetik, lurretik eta itsasotik, eta horri esker tropak hirigunean sartu dira. Oposizioko miliziano gehienak ekialderago erretiratu dira. Borrokaldiak Ras Lanufetik 50 kilometrora, Ujalara ere hedatu dira berri agentzien arabera. Gaddafiren helburua Ajdabijaraino aitzinatzea da (Ras Lanufetik 200 kilometro ekialdera). Ajdabija eskuratuz gero, oposizioaren hiriburua, Bengazi, kinka larrian paratuko luke, 170 kilometro eskas baitaude bien artean.

Mendebaldean, Az Zauiatik (Tripolitik 50 kilometro mendebaldera) ailegatu diren berri eskasek diote hiria kontrolpean duela Gaddafik. Bertako petrolio birfindegia berriro martxan paratu duela dio erregimenak, borroken ondorioz aste osoan itxita egon ondoren. Libiako hirugarren hiririk handienean, Misratan (hiriburutik 200 kilometro ekialdera) borrokak lehertu dira, Al Jazeeraren arabera. Hiria oposizioaren esku dago, baina Gaddafiren indarrek setiatuta dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.