Muammar Gaddafi inguraturik dutela adierazi dute Libiako erreboltariek. «Ezin du ihes egin», azaldu du Anis Sharif Kontseilu Militarreko bozeramaileak. Erregimenaren burua dagoen lekutik 60 kilometrora daudela baieztatu du, baina ez du non dagoen esan nahi izan. «Puntako teknologia eta giza adimena erabilita aurkitu dugu». Gaddafiren nondik norakoen inguruko bertsio asko daude, dena den, eta ikusteko dago oraingoan harrapatzea lortuko duten, sarritan esan baituteinguraturik dutela.
Hisham Buhagiar Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko kideak Gaddafi Bani Ualidetik kanpo dagoela adierazi du —han zegoela uste zuten askok orain arte—. «Kanpadenda batean dago, ez baitu etxe batean egon nahi». Gaddafi bera, ordea, ez du inork ikusi. Erregimenaren burua hegoalderantz doa Buhaigarren arabera, Txadera edo Nigerrera.
Astelehenean erregimeneko kide ugari Nigerrera igaro ziren konboi militar batean, eta Gaddafik konboi horrekin bat egin duela uste dute matxinoek. Niger zeharkatu eta Burkina Fasora joan nahi du Gaddafik erreboltarien esanetan, Burkina Fasoko Gobernuak babesa eskaini baitzion duela aste pare bat. Asteartean Uagaduguk ukatu egin zuen Gaddafi herrialdean zegoela.
Nigerrek onartu du erregimeneko kide batzuk herrialdean hartu dituela, baina koronela ez. «Gaddafi edo bere semeren bat Nigerren dagoela dioen informazio oro gezurra da», adierazi du Mohamed Bazum Nigerko Atzerri ministroak. Gaddafi herrialdean egotea arazo bat izango litzateke Nigerrentzat, Bazumen esanetan. Izan ere, herrialderen batek Gaddafi hartuz gero, NBE Nazio Batuen Erakundeak hari jarritako bidaiatzeko zigorra hautsiko luke. Hala, erregimeneko buruzagia herrialdera sartuz gero, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren esku utziko dutela esan du Bazumek. Niger ez da gai Libiarekin duen muga ixteko Atzerri ministroaren esanetan. «Oso eremu handia da, eta oso baliabide urriak ditugu ixteko».
Gaddafik ez ezik, Nigerrera igarotako erregimeneko kideek —gobernuaren arabera hiru konboi sartu dira gutxienez— ere bidaiatzeko debekua dute, AEBen esanetan. Hori dela eta, kide horiek atxilotzeko eskatu diote Nigerri, «epaiketa egiteko, armak kentzeko, eta Libiako Gobernuari dagozkion dirua edo bitxiak Libiako herritarrei itzultzeko». Bazumek adierazi duenez, «arrazoi humanitarioengatik» utzi diete erregimeneko kideei Nigerrera sartzen.
NATOk, berriz, argi utzi du ez dakiela erregimenaren burua non dagoen; erakundearen helburua ez da Gaddafi aurkitzea, Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiaren esanetan. Libiako misioa «laster» amaituko dutela esan du Rasmussenek aste honetan, baina atzo gogortu egin zituzten erasoak. Surt hiriaren inguruan gutxienez hogei jomuga bonbardatu zituen NATOk. Erregimenaren indarren mende jarraitzen du Surtek, eta matxinoek setiaturik dute. Sabha ingurua ere bonbardatu du.
Negoziaketak, bertan behera
Bani Ualid ingurua, berriz, bakean utzi du NATOk. Matxinoek setiaturik dute Bani Ualid, eta hango tribuekin negoziatzen saiatzen ari dira, hiria bakean hartu ahal izateko. Etzira arteko epea dute errenditzeko; osterantzean, indarrez sartuko dira matxinoak.
Asteartean akordioa lortu zuten erreboltarien eta hiriko bost ordezkariren artean. Errendituz gero, Gaddafiren jarraitzaileen aurka ez zutela eraso egingo hitz eman zuten matxinoek, eta ordezkariek agindu zuten herritarrak konbentzitzen saiatuko zirela. Al Jazeera katearen arabera, ordea, Bani Ualidera itzultzean, Gaddafiren indarrek ez zieten ordezkariei hirira sartzen utzi, eta haien aurka egin zuten; matxinoen gunera itzuli behar izan ziren. Erreboltarien ustetan, Gaddafiren bi seme Bani Ualiden daude oraindik, eta horregatik egin dute porrot negoziazioek.
«Tribuetako zaharrenek bat egin dute iraultzarekin», adierazi du Abdulla Kenshil erreboltarien aldeko negoziatzaileak. «Tribu batzuek uste dute, gobernua aldatuz gero, lurrak kendu eta haien lurraldeetatik botako ditugula; horregatik ematen diote babesa Gaddafiri», azaldu du bestalde Buhagiarrek.
Egoera horren aurrean, datozen egunetan eraso egiteko prestatzen ari dira matxinoak. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak baimena eman bezain laster sartuko dira Bani Ualiden hiria setiaturik duten milaka matxinoak. Hiria kontrolatzen duten erregimenaren jarraitzaileak, berriz, 200 edo 300 inguru direla diote erreboltariek. Badaezpada, aire zabaleko ospitale bat eraiki dute hiriaren kanpoaldean, erasorik izaten bada, zaurituak artatzeko.
20.000 misil lapurtuta
Tripolin, bestalde, erregimenarenarmategi bat arpilatu dute «erreboltariekin harremana duten miliziek», HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez. Peter Bouckaert HRWko zuzendariaren esanetan, egoera hau ohikoa bihurtzen ari da Libia osoan.«Guztira 20.000 misil inguru lapurtu dituzte Libiako armategietatik»; merkatu beltzean saltzen dituzte lapurtutako armak. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak herritarrei armak erosiko dizkiela adierazi du, behin gatazka amaituta zibilek armarik izan ez dezaten.
Dufanen, berriz, erregimenaren tankeak aurkitu dituzte erreboltariek hondar azpian ezkutaturik. Misratatik —kostaldean— Bani Ualidera bidean dagoen basamortua da Dufan, eta Gaddafiren aldeko brigadek base militar gisa erabili izan dute. Hamar tanke baino gehiago aurkitu dituzte hondar azpian, zuhaixkekin estalita.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Gaddafi hegoalderantz doa Libiatik ihesi, eta matxinoek diote inguraturik daukatela
Niger edo Txadera bidean da, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren arabera; matxinoak Bani Ualidera sartzeko prestatzen ari diraMuga zeharkatu duten erregimeneko kideak atxilotzeko eskatu diote AEBek Nigerri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu