Libiako krimenen inguruko ikerketak amaitzear ditu Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Muammar Gaddafik gizateriaren aurka krimenak egin dituela baieztatzeko behar beste froga dauden edo ez erabakiko du aurki Hagak, eta horren arabera hartuko ditu diktadorearen aurkako neurriak. Froga horiek biltzen aritu dira fiskalak azken hilabete eta erdian, eta Jennifer Schensek ere parte hartu du prozesu horretan.
Noren erabakia izan da Libiako krimenak ikertzearena?
Ikerketa NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak otsailaren 26an aho batez onartutako 1970 ebazpenean oinarritzen da. Izan ere, Libiako egoeraren ikerketa Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku uzten du ebazpen horrek. Hori izan da ikerketaren jurisdikzioaren oinarria.
Gaddafik gizateriaren aurkako krimenak egin dituen ikertu behar duzue. Zein informazio du auzitegiak eskuartean Gaddafiren erruduntasuna frogatzeko?
Orain, hain justu, informazio hori biltzen ari gara. Krimen salaketa baten inguruan, lekukoak bildu behar dira. Horrez gain, salatu nahi den norbanakoak krimenak zuzenean egin ez dituenean egoera konplikatuagoa da. Norbaitek hilketa bat agindu baina tirorik bota ez duenean, esaterako, krimena sustatu duen horrek gertakariekin duen lotura frogatu behar dugu. Alegia, Gaddaffik eta beste hainbatek erasoak agindu dituztela eta horien plangintzan parte hartu dutela demostratu behar dugu.
Zeintzuk dira ikerketa prozesuaren hurrengo urratsak?
Lehen kasua amaitzear gaude, eta aurki Aurretiazko Erabakizunen Ganberan aurkeztuko dugu bildutako informazioa. Horren arabera, atxilotze agindu eskaerak egingo ditugu. Lehenik, Auzitegiko fiskalak NBEko Segurtasun Kontseiluari egoeraren berri emango dio, eta gero, pare bat astetara, Aurretiazko Erabakizunen Ganberara joango gara. Orduan, epaileen esku geratuko da eginiko atxilotze eskaerak egiteko bildu ditugun frogak nahikoa diren edo ez ebaztea.
Oposizioa ere ikertzen ari zarete, ala Gaddaffiren ingurua soilik?
Oposizioaren aurkako salaketak ere egon dira. Beraz, bi bandoek egin dituzten krimen larrienen erantzuleak ikertzen ari gara.
Nazioarteko esku hartze militarrak nolabaiteko eragina izan du Nazioarteko Justizia Auzitegiak abian jarritako ikerketa prozesuan?
Ikerketaren helburua zibilak babestea da, erasoak geldiaraziz eta etorkizuneko erasoak saihestuz. Hori horrela, esku hartze militarraren 1973 ebazpenarekin baditu antzekotasunak, bi ebazpenen xedea berdina baita. Prozesu juridikoa abiarazi zuen erabakia aho batez onartu zen; izan ere, krimenaren arduradunak justiziaren aurrera eramateak zibilak babestuko dituela uste da. Gure egitekoa, hala ere, berdina da esku hartze militarrarekin ala gabe.
Epaileek Gaddafik gizateriaren aurkako krimenak egin dituela frogatutzat ematen badute, zein neurri hartu ditzakete haren aurka?
Guk aurkezten ditugun frogak Gaddafi krimenen erantzule dela frogatzeko nahikoa direla ebazten badute, haren aurkako atxilotze agindua emango dute. Gero herrialdeen ardura litzateke agindu hori betetzea, Libiatik hasita noski. Hori da epaileek egin dezaketena, hortik aurrera ez baitago euren esku.
Libian gerra egoeran bizi dira. Ez al da auzitegiaren erabakia libiarrak babesteko beranduegi iritsiko?
Ahalik eta azkarren egiten ari gara gure lana, eta prozesua nahiko azkar egiten ari garela esango nuke. Dena den gure lana ongi egin behar dugu, ezin dugu okerrik egin. Ahalik eta froga gehien bildu behar dugu epaileei krimenak nork egin dituen erakutsi ahal izateko eta krimenen erantzuleak zigortu ahal izateko.
Protestak zabaldu diren beste herrialdeetan, Sirian eta Yemenen esaterako, posible litzateke Nazioarteko Justizia Auzitegiak ikerketa abiaraztea?
Ez Siriak ez Yemenek ez dute onartu Erromako Estatutua. Hori horrela, Libiako kasuan bezala, ikerketa bat abiarazteko NBEren Segurtasun Kontseiluaren agindua beharko genuke. Izan ere, Erromako Estatutua onartu ez duten herrialdeetan ezin dugu gure kabuz ikerketarik martxan jarri.
Nazioarteko Justizia Auzitegiaren eraginkortasuna zalantzan jarri izan da, sarritan.
Auzitegiaren erantzukizuna ikerketak egitea da fiskaltzaren aldetik; eta epaileen aldetik, berriz, ikerketa horien inguruko erabakiak hartzea aurkeztutako frogetan oinarrituta. Hori da gure lana. Ondoren, epaileen erabakiak betetzea eta atxilotze aginduak betetzea nazioarteari dagokio.
Kasu horrek eraginkortasuna frogatzeko balio dezake?
Nazioarteak nola erantzuten duen ikusi beharko da; epaileen erabakia betetzeko egiten duten ahaleginaren arabera neurtuko baita eraginkortasuna.
Beraz, iraganean gertatu bezala, krimenen erantzuleek atxilotze aginduak saihestea gerta liteke?
Gerta liteke, bai. Lehen arduraduna herrialdea bera da; kasu honetan Libia. Baina Erromako Estatutua onartu duten herrialde guztien ardura ere bada auzitegiaren erabakiak betetzea; 114 herrialderena izango da, beraz, atxilotze aginduak bete gabe ez geratzearen ardura.
Protestak herrialde arabiarretan. Jennifer Schense. Hagako auzitegiko fiskala
«Gaddafik erasoak agindu eta plangintzan parte hartu duela frogatu behar dugu»
Libian gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egin diren ebatziko du aurki Nazioarteko Justizia Auzitegiak; Muammar Gaddafiren aurkako atxilotze agindua eman dezakete epaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu