Muammar Gaddafiren erregimenari arrakala sakona sortu zaio Libiako ekialdean. Herrialdeko Justizia ministro ohi Mustafa Abdel Jalilek adierazi du eremua Gaddafiren kontrolpetik «erabat askatu» duela oposizioak. Ekialdean sartzea lortu duten nazioarteko hedabideek ere hori jakinarazi dute. Baina geografian ez ezik, estatuko egituretan ere pitzadurak agertu zaizkio erregimenari, gero eta gehiago baitira oposizioaren alde paratzea erabaki duten armadako ofizialak.
Gaddafirekin ez jarraitzea erabaki duten armadako kideen artean garrantzia handiko bi jeneral daude: Abdul Fata Junis Barne ministro ohia —herenegun eman zuen dimisioa— eta Suleiman Mahmud Obeidi. Biek parte hartu zuten monarkia eraitsi eta Gaddafi boterean paratu zuen estatu kolpean, 1969an.
Erregimena «bukatu» dela adierazi dio Junisek Al Jazeerari, eta jakinarazi du bere menpeko soldaduei agindu diela armak herritarren aurka ez erabiltzeko. Barne ministro ohiak ukatu egin du manifestazioen errepresioan erantzukizunik izan duenik, gainera. Kurina egunkariaren arabera, Junisek adierazi du Gaddafik Bengazi hiria bonbardatzeko plana azaldu ziola, baina berak halakorik ez egiteko erregutu ziola. Horrez gain, Junisek dioenez Gaddafiren laguntzaileetako batek buruzagiaren aurka tiro egin zuen, baina bertze lagun bat zauritu zuen haren ordez. Bertzelako xehetasunik ez du eman, ordea.
Obeidi jenerala, berriz, ekialdeko armadako buruzagi nagusia da. Tobruk hirian du aginte postua. Bera eta bere aginduetara dauden soldaduak «herriaren alde eta tiranoaren aurka» jarri direla adierazi dio Al Jazeerari.
Erregimenaren aurka jarri diren militarren erabakian eragin handia izan du haien leinuaren jarrerak. Izan ere, armada egituratzerako orduan, Gaddafik Libiako leinuen banaketaren arabera antolatu zuen, militarren gaineko kontrola errazago mantentzeko asmoz. Horregatik, militar anitzengan eragin handia izan du leinuak protestekiko hartu duen jarrerak.
Bi jeneralez gain, Al Jabal al Akhdar barrutiko ofizialek ere oposizioarekin bat egin dutela adierazi dute Al Jazeera eta Al Arabija kateen bidez. Barruti hori herrialdearen ipar-ekialdean dago, eta Al Baida hiri garrantzitsua du hiriburu. Al Baida «herriaren esku» dagoela adierazi dute ofizial horiek.
Armadako disidentziaren bertze adibide bat da Kurina-k jakinarazitako gertakaria. Ajdabija hiritik hurbil hegazkin militar bat erori zen, pilotuek paratxutekin jauzi egin ondoren. Egunkariaren arabera, Bengazi bonbardatzeko agindua zuten bi militarrek, baina horri uko egin eta hegazkina utzi zuten. FIDH Nazioarteko Giza Eskubideen Federazioaren arabera, errebolta hasi zenetik armadak 130 soldadu hil ditu herritarren aurka tiro egiteko agindua ez betetzeagatik.
Iturri anitz dira Libiako ekialdea Tripoliren kontroletik at gelditu dela diotenak. Bertzeak bertze, Egiptoko mugatik nazioarteko kazetari gehiagok lortu dutelako Libian sartzea. Ekialdeko hiri nagusi eta herrialdeko bigarrenean, Bengazin, oposizioak «herri komiteak» eratu ditu, Kurina-ren arabera. Iturri horrek dioenez, batzorde horien helburua da jabetza publiko eta pribatuak babestea, istiluetan arpilatutakoa berreskuratzea eta protestetan kuarteletatik hartu zituzten armak berreskuratzea. Horrez gain, saltzaileei dendak irekitzeko eskatu diete, oinarrizko elikagaien eskasia saihesteko.
Al Jazeerak jakinarazitakoaren arabera, Bengazi, Darna, Al Baida, Tobruk eta El Marj hiriak, guziak ipar ekialdean, oposizioaren kontrolpean daude.Iturri berberak dioenez, mendebaldean ere gero eta indartsuagoa da errebolta. Misurataz jabetu da —Libiako hirugarren hiririk handiena—, eta Sabrathan eta Zauian ere altxamenduak indartu dira. Zauia hiriburutik 50 kilometrora dago.
Tripoliko egoera, ordea, bertzelakoa da, BBCk dioenez. Hiriburuan dauden lekukoak aipatuz, Erresuma Batuko kateak dio ia ez dagoela protestarik. Gainera, erregimenak biztanleei lanera normal joateko eskatu dien arren, kalera inor gutxi atera dela dio BBCk, mertzenarioak karriketan zibilei tiroka ibili direlako. Hedabideak aipatutako lekuko batek dio oposizioaren jarraitzaileek ekialdetik Tripolira laguntza etorriko zaien itxaropena dutela.
Hildakoen kopuruen dantza
Errepresioak hildakoen inguruan erakundeek emandako zifrak, berriz, haziz doaz egunero. Nazioarteko Justizia Auzitegiko kide Sajed al Shanuka libiarrak hildakoak 10.000 direla erran du, baina ez ditu iturriak zehaztu. Italiako Gobernuak, berriz, gutxienez mila inguru direla adierazi du. FIDHen datuen arabera, berriz, gutxienez 640 lagun hil dira.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, bertzetik, kezka agertu du Libian dauden Saharaz hegoaldeko etorkinen egoerarengatik. UNHCRen arabera, somaliar eta eritrear jatorriko etorkinek jazarpena salatu dute. Erakundeak dio Gaddafiren aldekoek «atzerritarrei» egotzi dietela errebolta sustatzea, eta oposizioak mertzenario izatea leporatu diela.
AEBetako Gobernuak, berriz, jakinarazi du Barack Obama presidentea Libiako egoeraz mintzatuko dela lehenbiziko aldiz. Etxe Zuriko bozeramaile Jay Carneyk iragarri du Gaddafiri presio egiteko «neurri sail bat» prestatzen ari dela Washington.
Protestak herrialde arabiarretan
Gaddafik kontrola galdu du
Libiako ekialdea oposizioaren esku dagoela jakinarazi dute eremu horretara ailegatu diren nazioarteko hedabideekGero eta gehiago dira altxamenduaren alde paratu diren armadako ofizialak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu