Libiako Al Uruba telebista katearen bidez zabaldutako ahots grabazio batean Muammar Gaddafik dei argia egin die bere jarraitzaileei, "zuen etxeak utzi eta zoazte Tripoli askatzera". Ahts grabazio berri honen bidez matxinoei eta kanpo indarrei aurre egiteko deia zabaldu du Libiako mandatariak. Esan du, Libia libiarrentzat dela eta ez "inperialista edo kanpo indarrentzat".
Moussa Ibrahim Gaddafiren gobernuko bozeramaileak The Associated Press albiste agentziari adierazi dionez Gaddafik Libian jarraitzen du eta matxinoen aurkako borroka zuzentzen ari da.
Matxinoek arratsalde hasieran jakinarazi dutenez Bab al Azizly etxebizitza gunea setiatu dute bertako eraikinen batean Gaddafi edo bere semeren bat dagoelakoan.
NATOren eskuhartzea matxinoen borrokan
NATOko goi kargudun batek CNN telebista kateari baieztatu dio soldadu atzerritarrek zuzenean esku hartu dutela Libiako borroketan. Iturri horren arabera, Libian dauden soldadu atzerritarretako askok matxinoekin batera bidaiatu dute herrialdeko hainbat hiritan zehar horiek hiribururantz zihoazen bitartean. Oro har, "taktikak hobetzen" lagundu dietela azaldu du.
Horretaz gain,"indar berezi horiek helburu posibleei buruzko informazioa eman diete erasoak egiten ari ziren NATOko gerra hegazkinei, eta hiriburuari eraso egiterakoan kontuan izan beharreko komunikazio aholku batzuk eman dizkiete matxinoei", gehitu du adierazpenak egin dituen goi kargudunak.
Soldadu britainiarren kasu konkretua aipatu du; "operazioak hobeto burutzeko antzolatzen lagundu diete", zehaztu du. Arduradun horren arabera, Frantziako eta Qatarreko indarrek armak eman dizkiete Gaddafiren aurka matxinatutakoei.
Erresuma Batuko Defentsa ministro Liam Foxek esan du NATO inteligentzia datuak eta ezagutza misioetako informazioa ematen ari zaiela Gaddafi eta haren seme-alabak atxilotu nahi dituzten errebeldeei.