Libian Muammar Gaddafi koronelaren aurkako protesten urteurrena ospatzeko, jendetza karrikara atera da herrialdeko hiri nagusietan, bereziki Bengazin, han egin baitzen lehenbiziko martxa handia iazko otsailaren 17an. Urteurrena bete denean, ordea, Gaddafiren aldekoek elkartu eta erbestean talde bat sortzea erabaki dute: Libiako Herri Mugimendu Nazionala. Indarrak biltzeko asmoa duen talde politikotzat aurkeztu du bere burua. Libian gerra zibil bat eragotz dezakeen gauza bakarra «egiazko aldaketa bat» izanen dela diote Gaddafiren jarraitzaileek. Gaddafi hil zutenetik lau hilabete betetzear direla, Tripolin ezarritako behin-behineko gobernuak ez du lortu Libia osoan bere agintea bermatzea.
Bere sorrera deklarazioan, Libiako Herri Mugimendu Nazionalak dio Libia Berdeko buruzagi politiko, militar eta zibil «gehienek» hitzartu dutela agiria. Gaddafiren alde zeudenak gaur egun «irtenbide politikotik kanpo» daudela salatu du taldeak. Haren helburuen artean, azpimarratzekoa da Libian «demokrazia baketsuan» oinarrituko den sistema «legal, eragile eta judizial bat» eratzeko nahia, herritarrengan «jatorri, itxura edo iritzi politikoekiko aurreiritzirik gabe» aginduko duena. «Preso guztiak baldintzarik gabe» askatzeko ere exijitu du taldeak, «guztien buru Saif el-Islam Gaddafi», eta errefuxiatuei etxera itzultzeko «baldintza egokiak» sortzea. Miliziak desegiteko ere eskatu du, eta milizianoak «aitzineko lanetara» itzul daitezela. Aitzinetik lanik ez zutenentzat, «lanbide zibiletan» trebatzeko ikastaroak proposatu ditu.
Neurri bereziak Tripolin
Nazioarteari ere egin dizkio eskakizunak Libiako Herri Mugimendu Nazionalak. «Nazioarteko eta eskualdeko» erakundeei, NATOri eta Libiako erasoaren alde zeuden herrialdeei exijitu die egungo egoerarengatik «erantzukizun osoa» onar dezatela.
Egungo egoeran tokian-tokiko miliziek botere handia dute, eta elkarren artean liskar gogorrak ere izan dituzte hainbat eremutan. Horregatik, matxinadaren urteurreneko ospakizunetarako behin-behineko gobernuak neurri bereziak hartu ditu, behintzat Tripoli hiriburuan. Airera tiro egitea debekatu dute, eta, agintari zibilek ez ezik, erlijiosoek ere egin dute eskakizun hori. Libian, gerra zibilaz geroztik izan den armen zabalkundea dela eta, ohikoak baitira halako irudiak. Segurtasuna bermatzeko helburuz, gobernu zentralak bertze hirietatik 30.000 miliziano inguru eraman ditu Tripolira.
Hain zuzen, Gaddafiren aurka sortu ziren tokian-tokiko milizien boterea da Libian estatua egituratzeko dagoen arazo nagusia. Zerbitzu anitzek funtzionatzeko zailtasunak dituzte —telekomunikazioek, bankuek, Justizia sistemak...—, eta mugako gune gehienetan ere estatuak ez du kontrol eraginkorrik.
Giza eskubideen arloan, gainera, Gaddafi boteretik kenduta ere ez dira Libiatik datozen salaketak itzali. AI Amnesty Internationalen arabera, armatutako miliziek gehiegikeriak egiten dituzte. «Libian miliziak kontroletik at daude, eta zigorgabetasunak gehiegikeria gehiago egiteko adorea ematen die». Gaddafiren aldekoak atxilotu eta torturatu egiten dituztela salatu du AIk. Irailetik, milizien eskuetan zeuden hamabi lagun torturen ondorioz hil direla ere jakinarazi du, eta immigranteak eta errefuxiatuak ere erasoen jomuga izan direla. Gurutze Gorriak ere kritikatu du milaka lagun inolako salaketarik gabe atxilotuta daudela.
Frantziaren onarpena
Baina nazioarteko erakundeetatik ez ezik, erregimena botatzeko erasoaren sustatzaile nagusietakoa izan zen herrialde batek ere onartu du giza eskubideen egoera larria. Frantziako Atzerri ministro Alain Juppek matxinada goraipatu du, baina legez kanpoko atxiloketa zentroen existentzia eta gutxiengo etnikoen aurkako jazarpena dagoela onartu du.
AEBek, berriz, Gaddafiren aurka borrokatu ziren matxinoei behin-behineko gobernuarekin elkarlanean aritzea eskatu die, eta gobernuari, «gardentasuna». Gaddafi agintetik «manifestari baketsuek» bota zutela dio Washingtonek.
Gaddafiren aldekoek talde bat osatu dute matxinadaren urteurrenean
Libiako Herri Mugimendu Nazionala eratu dute erbestean; «demokrazia baketsua» ezartzea du helburu bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu