Muammar Gaddafirekin eta haren seme Saif al-Islamekin batera, Abdullah al-Senussi (Tripoli, 1949) informazio zerbitzuetako burua izan du Nazioarteko Zigor Auzitegiak Libiako zerrenda beltzean. Gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egitea egotzi dio Hagak, Libian erregimenaren aurkako protestak hasi zirenetik egin diren krimenen erantzule nagusitzat. Al-Senussi falta zen hiruren artean, eta harrapatu dute. Herenegun gauean Nuakchoteko aireportuan atxilotu zuten, Mauritanian, Marokotik iritsi berritan.
Maliko pasaporte faltsua zeukan atxilotu zutenean, Mauritaniako iturri ofizialen arabera, baina ez zuten xehetasun gehiagorik eman. Libiako Gobernuak eta Hagak dagoeneko eskatu dute haren estradizioa, eta Frantziak gauza bera egingo duela esan du —54 frantziar hil zituen 1989ko hegazkin atentatu batekin lotzen dute—. Mauritaniak ez dauka nazioarteko auzitegiaren esku utzi beharrik, ez duelako Erromako Ituna sinatu, eta Gaddafiren aliatu izan da Mauritaniako gobernua. Gaddafiren konfiantzakoa zen El-Senussi, eta agintariaren koinatarekin zegoen ezkondua. Nigerren leherrarazi zuten Frantziako hegazkinaren erantzule egiteaz gain, Eskoziako Poliziaren planetan zegoen hura galdekatzea Lockerbieko atentatuan ustez izan zuen erantzukizunaren gainean. 1980an hasi zen Libiako segurtasunean lanean. Informazio zerbitzuetako buru egin zuten. Besteak beste, 1996an Abu Salimen 1.200 preso hiltzearen erantzukizuna ere bazuen, ustez. Libiako gerra zibilean Bengazin eta Tripolin izandako hilketa askoren erantzule ere egiten dute, baina hori ere ikertzeko dago. «Egia ez daki inork, norberak besterik ez», adierazi zuen 1990eko hamarkadan.
Pertsonaia. Abdullah al-Senussi
Gaddafiren bidelagun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu