«Muammar Gaddafiren indarrek herrialdearentzat arriskutsuak izaten jarraitzen dute», Mustapha Abdeljalil Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren ustetan. Hala, martxoan hasitako misioarekin jarrai dezan eskatu dio Abdeljalilek NATOri. Gaddafik, berriz, desagerturik jarraitzen du, baina haren emaztea eta hiru seme Aljerian daude Aljerko Gobernuak jakinarazi duenez. Hamis Gaddafi seme gaztea, berriz, igandean hil zela adierazi du Al Arabija kateak matxinoen iturriak aipatuz. Bitartean, Surt kontrola lortu nahian jarraitzen dute erreboltariek, hiritik 30 kilometrora. Gaddafiren jaioterria da Surt, eta haren jarraitzaileak erresistentzia gogorra egiten ari dira. Matxinoen arabera, gutxienez hamar egun beharko dituzte hiriaren kontrol osoa lortzeko.
NATO ere ahal duen guztia egiten ari da erreboltariei Surterako sarrera errazteko. Azken orduetan, Libiako 40 jomuga baino gehiagori egin die eraso erakundeak, horietatik erdiak baino gehiago Surten bertan. Erreboltarien arabera, Trantsiziorako Kontseilu Nazionala Surteko herritarrekin negoziatzen saiatu da azken egunetan, borrokarik egin gabe errendi daitezen. Tripoliko borrokek ondorio latzak utzi dituzte hiriburuan,eta oposizioa beldur da Surten ere ez ote den berdina gertatuko. Negoziaketek, ordea, porrot egin dute, eta Gaddafiren jarraitzaileek uko egin diote armak uzteari. Mahmud Chamman erreboltarien bozeramailearen esanetan,«berehala akordiorik lortu ezean, armek izango dute azken hitza».
Sabha hirian —Tripolitik 780 kilometro hegoaldera— ere erreboltariek ez dute herritarrekin akordio batera ailegatzerik lortu, eta bi aldeen arteko borrokak daude. Al Jazeera katearen arabera, gutxienez hiru lagun hil eta hamar zauritu dituzte Sabhan azken orduetan.
Badirudi azken egunetan erreboltariek eginiko aurrerapenek larritu egin dutela diktadorea, haiekin negoziatzen saiatu baita. Oposizioak, ordea, argi utzi du ez dagoela Gaddafirekin inolako akordiorik lortzeko prest.
230 lagun hil dituzte Tripolin
Orain egoera lasaiagoa bada ere, astebeteko borrokek erabat txikituta utzi dute hiriburua. Gutxienez 230 lagun hil dituzte Tripolin joan den asteburuaz geroztik, hango medikuen esanetan. Horrez gain, ez dute argindarrik, ezta edateko moduko urik ere. Elikagaiak, sendagaiak eta erregaiak, berriz, gero eta urriagoak dira, eta kaleetan gorpuak ageri dira nonahi.
Edateko ur gabezia dela eta, «inoiz ez bezalako izurritea» nozitzeko arriskua dute Tripoliko herritarrek, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak salatu duenez. «Aurki genezakeen egoera okerrena da, eta zaila izango da ur korrontea berriro martxan jartzea», adierazi du Christian Balslev-Olesen erakundeko kideak. Dagoeneko, 23.000 botila ur banatu ditu Unicefek Tripoliko bi ospitale handienetan, eta gaur bertan beste 90.000 botila banatzeko asmoa dute. Datozen egunetan, berriz, Libiako hiriburura guztira bost miloi litro ur bidaliko dituztela iragarri du erakundeak.
Europako Batzordea ere ohartu da Tripoliko egoeraren larritasunaz, eta giza laguntza kudeatzeko bulego bat ireki du hiriburuan. Europako Batasunak bidalitako giza laguntza «bizkor» banatzen dela ziurtatuko du aditu talde batek, eta Tripoliko herritarrek dituzten beharrak aztertuko ditu. Hamar miloi euro bidaliko ditu Europako Batzordeak Libiara, eta horietatik lau segurtasuna bultzatzeko, edateko ura banatzeko eta osasun arloan hobekuntzak egiteko erabiliko dituzte.
OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak, berriz, Tripolin harrapatuta geratutako 850 etorkin atera zituen atzo hiriburutik ontziz. Joan den ostegunean 263 etorkin atera zituzten, eta bart beste ontzi bat irtetekoa zen Bengazitik Tripolira bidean, etorkinak ateratzen jarraitzeko. OIMek salatu duenez, oraindik etorkin asko geratzen dira harrapatuta, segurtasun arazoengatik ezin izan dutelako beren enbaxadarekin harremanetan jarri, edota Tripoliko portura iritsi.
Gehiegikeriak bi aldeetan
Tripoliko egoera baretzen ari den heinean, jendea kalera irteten hasi da, eta borrokek utzitako gorpuak edonon ageri dira. Hiriburutik gertu dagoen biltegi batean, 50 gorpu inguru aurkitu dituzte guztiz kiskalita. HRW Human Rights Watch erakundearen arabera, Gaddafiren indarrek joan den astean hildako matxinoak dira, baina oraindik ez dituzte identifikatu. Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak salatu duenez,erregimenak atxilotutako 50.000 lagun desagerturik daude.
Gehiegikeriak, dena den, bi aldeetan eman dira. Azken egunetan, erregimenaren aldeko lagunen gorpuak aurkitu dituzte, besoak lotuta; zantzu guztien arabera erreboltariek hildako presoak dira. Gurutze Gorriaren arabera, erregimenaren aldeko ehunka lagun daude atxilotuta. Presoen aurka mendekurik ez hartzeko eskatu die Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak erreboltariei.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
Gaddafiren emaztea eta hiru seme Aljerian daudela esan du gobernuak
Ur gabezia dela eta, «inoiz ez bezalako izurritea» izateko arriskua dute Tripoliko herritarrek, Unicef erakundearen araberaAzken negoziazioek porrot egin dute, eta erreboltariak Surt hartu nahian dabiltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu