Iraultza herrialde arabiarretan: Libia

Gaddafiren erregimena amaitutzat jo du Obamak

Ehunka miliziano armatu Tripoli erdiguneko Plaza Berdera iritsi dira, eta  garaipena ospatu dute. Libiako matxinatuak bart gauean sartu dira hiriburura, NATOren laguntzarekin. Gaddafiren aldekoekin izandako liskarretan 1.700 pertsona inguru hil dira egun bakarrean. Ez dago Gaddafiren arrastorik, baina haren hiru seme atxilotu dituztela diote erreboltariek. Barack Obama AEBetako presidenteak amaitutzat jo du Gaddafiren erregimena.

2011ko abuztuaren 22a
22:12
Entzun

Ehunka miliziano armatu Tripoli erdiguneko Plaza Berdera iritsi dira hiriaren gaineko garaipena ospatuz. Diotenez,  hiriaren %85 edo %90 dute kontrolpean. Matxinoak bart gauean iritsi dira Libiako hiriburura eta Jalud Muammar Gaddafiren aldekoekin istilu gogorrak izan dituzte, Libiako gobernuaren bozeramaile batek esan du bart gaueko liskarretan 1.667 pertsona inguru hil direla eta ospitaleak zaurituz gainezka daudela.

Errebeldeek NATOren laguntzarekin egin dute aurrera, izan ere, NATOk Gaddafiren kuartel nagusia eta Maitikako aireportua bonbardatu ditu Tripolin. Gainera, Maitikan atxilotu dute Al Jituni koronela, Gaddafiri lotuta dagoen militarren nagusienetariko bat. NATOk esan du "Gaddafiren indar guztiek amore eman arte" eutsiko diotela operazioari.

Erreboltariekjakitera eman dutenez Gaddafiren hiru seme atzeman dituzte: Saif al Islam  (errejimeneko bigarrena), Saadi eta Mohamed. Azken hori libre legoke Al Jazeeraren arabera, Gaddafiren aldeko tropen laguntzarekin arrestatuta zeukaten lekutik ihes egitea lortu ostean.  

Hala ere, galdera nagusia Gaddafi bera non dagoen da. Hipotesi bat baino gehiago zabaldu da egunean zehar, besteak beste, jada Libiatik alde eginda dagoela edota Hego Afrikara bidean jartzeko tramiteak egiten. AEBen arabera, Libian jarraitzen du erregimenaren buruak.

Obama:"Gaddafiren aroa amaitu da"

Nolanahi ere, nazioarteko komunitateak nahiko argi du Gaddafiren erregimena amaitu dela edo amaitzear dela. Barack Obama AEBetako presidentea bera izan da hala aldarrikatu duenetako bat; oporreta dagoen arren, adierazpena grabatu du Libiako egoerari buruzko iritzia emateko. "Gaddafiren erregimena amaitu da, eta herriarena da etorkizuna", azpimarratu du. Libiako agintari nagusiari eskatu dio erasoak bertan behera uzteko, hartara odol isurketa gera dadin. Antzera mintzatu dira Ban Ki  Moon Nazio Batuetako buruzagi nagusia eta Herman Van Rompuy Europako Batasunekoa.

Gaddafik, berriz, atzo egindako azken adierazpenetan arma-gordetegiak herritarrentzat zabaltzeko agindu zuen, hiriburua defendatu dezaten. Ez dutela inoiz amore emango azpimarratu zuen eta "borrokan jarraitzeko" esan zien herritarrei.

Libiako matxinoek kostako zenbait herri  kontrolpean hartu zituztela ohartarazi zuten larunbatean; hainbat astez ez atzera ez aurrera egon ostean, Tripolirako bideari ekin diote azken egunetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.