Protestak herrialde arabiarretan. Libia

Gaddafiren erregimenak ez du etsi, eta Tripoli bonbardatzen ari da

Kanpo Arazoetako ministroak bukatutzat eman du erregimena, eta amore emateko gomendatu die Gaddafiren jarraitzaileeiTrantsiziorako Gobernu Nazionalak egoitza Tripolira eraman nahi du datozen egunetan

2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
«Borrokan jarraituko dut hil arte, edo irabazi arte». Horixe baieztatu du Muammar Gaddafi Libiako diktadoreak, irrati bidez. Eta badirudi halaxe egingo duela. Asteartean erregimenaren aurkako erreboltariek Bab al Azizijako egoitza nagusira sartu eta mendean hartzea lortu bazuten ere, Tripoliko hainbat auzotan bi aldeen arteko borrokek diraute oraindik; egoitzan bertan borrokak izan dira azken orduetan, eta aireportu inguruan ere bai. Gaddafiren indarrak, gainera, Tripoliko zenbait auzo bonbardatzen ari dira.

Atzo gauean, bestalde, Italiako lau kazetari bahitu zituzten Gaddafiren aldekoek Zauijatik Tripolira bidean zihoazela, eta gidaria hil zuten, La Repubblica egunkariaren arabera.

Hiriburuaren %90a mendean dutela dio oposizioak; datozen egunetan Trantsiziorako Gobernu Nazionalaren egoitza Tripolira eramateko asmoa dutela iragarri dute, baita zortzi hilabete barru hauteskundeak egitekoa ere.Erregimenaren arabera, ordea, Gaddafiren indarrek kontrolatzen dute hiriburuaren %80a. «Erregimena gai da urtetan erreboltarien erasoei aurre egiteko», adierazi du Musa Ibrahim Libiako Gobernuko bozeramaileak. Gainera, 12.000 lagun inguru Tripolira bidean direla adierazi du Ibrahimek, erreboltariei aurre egiten laguntzeko; «ez dute irabaztea lortuko, NATOren laguntza behar izaten baitute beti».

Asteartean erreboltariek Bab al Azizijako egoitza hartu izanari, bestalde, garrantzia kendu dio Ibrahimek: «handik alde egin genuen jada ez zuelako balore militar edota zibilik, ez da ezeren adierazgarri». Gaddafiren hitzetan ere, ordurako jauregiak ez zuen garrantziarik, eta NATOk eraikina bonbardatu ostean, handik alde egin zuten.

Al Obeidi Gaddafiren Kanpo Arazoetarako ministroak, ostera, erregimena «bukatuta» dagoela esan du; «ez nago gobernuko inorekin harremanetan, baina nire esku balego, borrokak bertan behera uzteko esango nieke Gaddafiren jarraitzaileei».

Azken orduetan irrati eta telebista bidez bi mezu bidali baditu ere, Gaddafik ez du agerraldi publikorik egin erreboltariak Tripolira sartu zirenetik; oposizioak, dena den, Tripolin jarraitzen duela uste du. Asteartean atxiloturik zegoela ukatzeko agerraldia egin zuenetik, berriz, inork ez du Saif al Islam Gaddafiren semearen berririk.

Diktadorea harrapatzea uste baino zailagoa suertatzen ari zaiela oharturik, erreboltariek amnistia emango diete hura «hilik nahiz bizirik» entregatzen duen edonori. Bengaziko enpresari batek, berriz, 833.000 euro eskaini ditu Gaddafi harrapatzen duenarentzat. Dena den, Mustapha Abdeljalil Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko buruak adierazi duenez, nahiago du Gaddafi bizirik aurkitu, epaiketa egin ahal izateko. Hagako auzitegiak ekainean eman zuen diktadorea eta haren semea atxilotzeko agindua, baina erreboltariek, bizirik aurkituz gero, Libian epaitzeko asmoa dute.

EBk Giza laguntza bidaliko du

Erreboltariek Tripoli hartu dutenetik, bestalde, gutxienez 400 lagun hil eta 2.000 baino gehiago zauritu dituzte, oposizioaren esanetan. Inguruko ospitaleetan, berriz, baliabide eskasak dituzte zauritu guztiak behar bezala artatzeko; langile kopurua urria da, ez dago gaixo denentzako lekurik, eta sendagai gabezia dute, gainera.

Hori dela eta, EB Europako Batasunak giza laguntza banatuko du erreboltarien esku dauden hainbat ingurutan, Tripoli eta kostaldeko hirietan, besteak beste. Ospitaleetarako materiala eta sendagaiak banatuko dituzte gehienbat. EBren arabera, Libian biltegiraturik dute materiala, eta gatazka guneetarako sarbidea bermatu bezain pronto hasiko dira banatzen.

Zaurituei ez ezik, errefuxiatuei laguntzeko asmoa ere agertu duEBk. Azken egunetan, milaka errefuxiatu itzuli dira Tunisiatik Libiara, Gaddafiren erregimenaren amaiera gertu ikusten baitute. Gaddafiren indarrek, ordea, minak jarri dituzte Misrata eta beste hiri batzuen inguruetan, jendearen joan etorriak oztopatzeko, eta giza laguntza sartzea galarazteko. Hala, minak kentzeneta «arrisku guneak» identifikatzen lagunduko duela adierazi du EBk, «zibilen itzulera segurua ahalbidetzeko».

Guztira 150 miloi euroko giza laguntza bidaliko duela agindu dute Europako Batzordeak, eta EBko estatu kideek. Horietatik 10 miloi ahal bezain laster bidaliko dituztela adierazi dute.

Oposizioa, finantziazio bila

Libiako oposizioak amaitutzat eman du jada Gaddafiren garaia, eta ordurako prestatzen hasi da.Finantziazioa da puntu garrantzitsuenetariko bat; hala, trantsizio demokratikoa bideratzeko laguntza ekonomikoa eskatzeko itzulia hasi du Mahmud Jibril Trantsiziorako Gobernu Nazionaleko kideak. Atzo, esaterako, Qatarren bildu zen Jibril AEBetako, Erresuma Batuko, Frantziako, Italiako eta Turkiako ordezkariekin. Segurtasuna eta egonkortasuna sustatzeko beharra nabarmendu zituen Jibrilek.

Frantziak eta beste hainbat herrialdek, bestalde, erregimenari blokeaturiko dirua desblokeatzeko eskatu dute, diru hori erreboltariei laguntzeko erabil dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.