Protestak herrialde arabiarretan

Gaddafiren eta haren familiaren "abusuak" gaitzetsiko ditu Nazio Batuen Erakundeak

Frantziak eta Erresuma Batuak bultzatu duten zirriborroa ezagutarazi du ABC telebista kateak, eta Libiari arma enbargoa ezarriko diote eta erregimenaren arduradunei bidaiatzeko askatasuna murriztuko diete. Azken erabakia datozen orduetan hartuko du NBEk. Ekialdean militarrek hiriburua hartzea pentsatzen ari dira.

Berria.info
2011ko otsailaren 26a
19:01
Entzun

Nazio Batuen Erakundea (NBE) Libiako erregimenaren aurkako erresoluzio bat prestatzen ari da, Frantziak eta Erresuma Batuak bultzatuta, eta zirriborroan Muammar Gaddafi eta bere familiaren "abusuak" gaitzetsi ditu. Zehazki, gaitzespena zortzi seme-alaben aurka eta erregimeneko hainbat arduradunen aurka zabaldu du, horien artean Geeral Abu Bark Junis Defentsa ministroa, Masud Abdulhafiz armadako burua eta Abdula Al Senussi inteligentzia militar buruaren aurka.

AEBetako ABC telebista kateak eman du zirriborroaren berri, eta errepresioaren 22 arduradunek "milaka" hilketaren erantzule direla aurreratu du, gobernuz kanpoko hainbat erakundek emandako datuak eskuetan hartuta. Zirriborro hori jarraituz, NBEak datozen orduetan erabaki bat hartuko du. Atzo Europako Batasunak hartu zuen erabakia bere hartuko du NBEk, eta arma enbargoa ezarriko diote Libiari eta bidaiatzeko askatasuna murriztuko diete erregimenaren arduradunei.

Muammar Gaddafiri, zehazki, manifestazioak zapaltzea agintzea leporatzen diote, eta giza eskubideak ez errespetatzea aurpegiratzen diote. Erregimenean postu bat ez duten bere seme-alabei ere, horrekiko sinpatia dutela esan dute. Horietako batzuei gainera, errepresioaren arduradun izatea leporatu diete. Gaddafiren bi lehengusu, Ahmed Mohamed eta Sajid Mohamed, disidenteen aurkako operazioetan nahastu ditu Nazio Batuen Erakundearen zirriborroak. 1996an Abu Selimgo espetxean izan zen "sarraskian" ere esku hartu zutela dio.

23.000 milioi euroko dirutza

Europako Batasunak atzo, gainera, Gaddafiren eta bere erregimenaren arduradunen diru-kontuak blokatzera erabaki zuen, Suitzak ostegunean egin zuen bezala. The Times egunkariak gaur jakinarazi duenez, Gaddafik aurreko astean 3.490 milioi euro sartu zituen Erresuma Batuen duen ezkutuko kontu korronte batean. Suitzako bitartekari baten bidez egin zuen. Diruaren mugimendua orain dela bost aste hasi omen zen, baina eten egin zen Londreseko negozio enpresa batek "etika argudiatuz" diru hori hartzeari uko egin zionean. Ustez uko egin dion horren arabera, 11.700 milioi euro ditu Gaddafik Erresuma Batuan, "hainbat aktibotan". Iturri horren arabera, azken aldian ugaritu egin dira Ekialde Hurbiletik eta Afrika iparraldetik Londresera iristen diren dirutzak.

Erresuma Batuak atzo esan zuen Gaddafik 23.000 milioi euroko dirutza duela, gehiena atzerrian, batik bat, Erresuma Batuan. Dirutza hori lokalizatuta dutela gaineratu zuten, eta hori blokatzea egun batzuetako kontua dela. Diruaz gain, hainbat inbertsio ditu Gaddafik Erresuma Batuko enpresa komertzialetan, baita 11,6 milioi euro balio duen etxe bat ere. Erresuma Batuan Gaddafiren ondasunen atzetik dabiltza, ostegunean Suitzak hartu zuen erabakia jarraituz. Libiako Inbertsio Agintaritzako zuzendariaren arabera, Gaddafik nahiago zuen Erresuma Batuan inbertitzea "AEBetako merkatuak baino erraztasun gehiago ematen dituelako".

Tripolira joateko deia luzatu dute militarrek

Libia ekialdeko armada buru Abdul Nafa Musak hiriburura joateko deia egin die beste armada buruei, Gaddafiren erregimenaren aurka. Oraingoz, hala ere, ekintza militarrak baztertu egin ditu. "Oraingoz gure misioa Bengazi eta beste hirietako biztanleak babestea da", esan du. Jakinarazi duenez, Libia ekitaldean zenbat soldadu dituzten zenbatzen ari dira orain armada buruak, baina ekialdean ofizial guztiak Gaddafiren aurka daudelako ziurtasuna agertu du.

Herritarrek eta Gaddafiren aurkako oposizioak hiriburua noiz askatuko zain daudela ere gaineratu du. "Ziur gaude jendeak Tripoli askatuko duela". Gaddafik salatu duen moduan euren artean islamistarik dagoenik ukatu egin du. "Herrialde bakar bat gara, eta Gaddafi banatu nahian ari den herrialde askea", esan du adierazpen horiek txalo artean hartu dituzten militarren aurrean. "Gure gazteen eta haurren odola ez dugu ahaztuko Gaddafi erori arte", gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.