Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko miliziek uste baino erresistentzia gogorragoa aurkitu dute Surten, Bani Ualidekin batera, Muammar Gaddafiren aldekoek duten azken gotorlekuan. Iragan ortziralean jakinarazi zuten hirigunean sartu zirela, eta karrikaz karrika hartuko zutela 48 orduan. Borroka gogorrak izan ziren atzo hiriaren erdigunean, Ouagadougou konferentzia zentroaren inguruan. Gaddafiren aldekoen indar nagusiak han daudela uste dute Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko arduradun militarrek. Al Jazeeraren arabera, Gaddafiren aldekoek arma arinekin eta frankotiratzaileekin ez ezik, morteroak jaurtita ere eusten diete han Kontseilu Nazionaleko indarrei.
Surtek balio sinboliko handia du, Gaddafiren jaioterria baita. Tripolitik 360 kilometro ekialdera dago. Irailaren hasieratik du setiatua Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak. 100.000 biztanle inguru zituen, baina setioa hasi denetik gehienek hiria utzi dute, borroketatik, NATOren aire erasoetatik, milizianoen errepresiotik, eta ur, elikagai eta botika eskasiatik ihesi. Herenegundik gutxienez 22 lagun hil direla jakinarazi dute Surteko mediku iturriek.
Nazioarteko bisitak
Trantsiziorako behin-behineko gobernuko lehen ministro Mahmud Jibril Jordanian izan da. Libiako osasun eta hezkuntza azpiegiturak berreraikitzeko laguntza eskatu dio hango gobernuari. Liam Fox Erresuma Batuko Defentsa ministroa, berriz, Tripolin elkartu da Kontseilu Nazionaleko arduradun militarrekin.
Protestak herrialde arabiarretan
Gaddafiren indarrak espero baino indartsuago daude Surten
Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionala hiriaren erdigunera iritsi da, baina ez du lortu loialistak garaitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu