Gaddafiren jaioterrian sartzea lortu dute matxinoek

Asteon 1.300 familia inguruk alde egin dute Surtetik, bi aldeen artean gerta daitezkeen borroken beldur

Erredakzioa
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Astebeteko barealdiaren ostean, Libiako erreboltariek Muammar Gaddafiren jaioterrian, Surten, eraso bortitza egin zuten, atzo. Bani Ualiden, berriz ere borrokak zaildu egin dira.

Leherketa ugari egin zituzten Surt hirian, eta ke adarrak nonahi ikus zitezkeen. Gaddafiren aldekoek, baina, gogor erantzun zioten erasoari, eta obusak eta granadak jaurti zituzten matxinoen aurka. Gutxienez, erreboltari bat hil dute, eta 25 inguru zauritu, matxinoen arabera. Hiriaren auzo batzuk kontrolatzea lortu dutela ere jakinarazi dute.

Iragan asteburuan saiatu ziren matxinoak Surten sartzen, baina koronelaren tropek atzera bota arazi zituzten. Basamortuko Sabha hiriarekin, Jufra oasiarekin eta Bani Ualid hiriarekin batera erregimenaren gotorleku nagusia da Surt. Gaddafiren jaioterria izanik, gainera, esanahi sinboliko handia dauka hiriak.

Aste honetan 1.300 familiak hiritik ihes egin dutela jakinarazi dute; izan ere, setioak bizi-baldintzak zaildu ditu. Hasiera batean,zibilak irten arte ez zutela erasorik egingo adierazi zuten matxinoek. Orain, baina, arriskuan egon daitezkeenak salbatzeko aurrera egin behar izan dutela azaldu dute. «Ez daukate ez janaririk, eta ez urik ere, eta haur asko gaixo daude, eraso egitea beste aukerarik ez daukagu», adierazi dute.

Tripolin, berriz, portutik gertu dagoen armadaren biltegi batean hainbat leherketa jazo ziren atzo. Biltegitik ke adar beltza ikustean, askok Gaddafiren aldeko indarrak hiriburura itzuli eta erasoa egin zutela pentsatu zuten hasiera batean, eta izua zabaldu zen herritarren artean. Abdel-Rahman Busin Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko bozeramaileak, ordea, istripu bat izan zela argitu zuen geroago. Arazo elektriko baten edo gaizki gordetako munizioaren eraginez gertatu zen leherketa. Inor ez zen zauritu istripuan.

Gobernua osatzeko arazoak

Libiarako atzo edo gaur aurkeztu behar zuten behin-behineko gobernu proposamenari forma ezin emanik dabiltzala aitortu du Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidenteak, Mustafa Abduljalilek, «iritzi ezberdinak» daudelako kontseiluko ordezkarien artean.Mahmud Jibril lehen ministroak egindako proposamena Mendebaldeko agintarien gustukoa bada ere, leinuetako eta hirietako hainbat ordezkarik leku gutxi dutela-eta sortu dira eztabaidak. Kontseiluaren barruan bi talde sortzen ari direla ukatu egin du, ordea, Abduljalilek. Esanduenez, gerra giroa dago oraindik, eta horrek zaildu egiten du elkarrizketak behar bezala bideratzea. Datorren astean espero dute, hala ere, gobernu egonkorra lortzeko proposamena aurkezteko moduan izatea.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.