Nazioarteko koalizioaren bonbardaketen lehen egunetan, Libiako ekialdean irabazitako posizioei eustea lortu zuten Muammar Gaddafiren indarrek. Azken egunetan, ordea, hegazkinen babesari esker, oposizioko milizianoek etengabe mendebalderantz atzerarazi dute erregimena, eta borroka frontea Gaddafiren jaioterriraino, Surteraino, ailegatu da. Atzoko egunaren hasieran hiria kontrolpean zuela adierazi zuen oposizioak, baina nazioarteko berriemaileek diote erregimenaren esku dagoela oraindik.
Tripolitik 450 kilometro ingurura dago Surt, hiriburuaren eta ekialdeko hiri nagusi Bengaziren artean. 140.000 biztanle ditu. Gaddafik sostengu zabala dauka han, eta zenbait ministerio hiriburutik Surtera eraman zituen; Tripolira bidean, erregimenaren gotorleku nagusienetakoa da. Iragan asteburuan Ajdabija hiria hartu zutenetik, milizianoek egun gutxitan posizio eta kilometro anitz irabazi dituzte. «Surt hartzea ez da uste genuen bezain erraza izanen», adierazi die berri agentziei milizianoen bozeramaile batek. Nazioarteko hedabideek azaldu dutenez, Gaddafiren indarrek hiritik 30 kilometrora defentsarako gerrikoa eratu dute. Gainera, jakinarazi dute Naufalija (Surtetik 147 kilometro hego-mendebaldera) eta erreboltarien esku dagoen Bin Jauaden artean artilleriarekin eraso egin duela erregimenak. Beraz, oposizioa Gaddafiren jaioterritik gero eta hurbilago dagoen arren, borroka frontea zehazki non dagoen ez dago argi.
Surtetik Tripolira bidean Misrata dago, Libiako hirugarren hiria eta mendebaldean oposizioak hasieratik eutsi dion posizio bakarra, setio gogorra jasan arren. Erregimenak dio Misrata kontrolpean duela, eta «terroristen» aurkako ekintzen su-etena aldarrikatu du. Hiriko oposizioko batzordeko kide Mohamed Alik salatu du, baina, bonbardaketak ez direla eten. Ospitaleen egoera hagitz larria dela azaldu du, eta hiriko portuan 4.000 etorkin «deus gabe pilatuta» daudela dio, kanpoko laguntzaren esperoan. Misratako erreboltarien itxaropena da milizianoen kontraerasoa lehenbailehen ailegatzea.
NATOren zuzendaritza
Koalizioko hegazkinak Gaddafiren lurreko indarren aurka ekiten hasi zirenetik, milizianoek aitzinera egiteko erraztasunak topatu dituzte. Nazioarteko operazioaren zuzendaritza NATOk du orain, eta Charles Bouchard jenerala da arduradun nagusia. Aliantzaren asmoa ez dela erreboltarien alde esku hartzea adierazi du Bouchardek, «erasoak jasateko arriskuan dauden zibilak babestea» baizik. NATOko hegazkinak hasi dira Libiako aire eremuaren debekua zaintzen, eta etzirako operazio mota guztien kontrola hartu nahi du aliantzak.
NATOk ordezkaritza bat bidaliko du nazioarteko koalizioak gaur Londresen eginen duen bilerara. NBE Nazio Batuen Erakundea, Arabiar Liga, Afrikako Batasuna eta Europako Batasuna ere han izanen dira. Frantzia eta Erresuma Batua dira bileraren sustatzaileak, eta Libiako esku hartzearen «zuzendaritza politikoa» eratu nahi dute, militarra NATOren esku utzi ondotik.
Protestak herrialde arabiarretan
Gaddafiren jaioterritik hurbil dago Libiako borroka frontea
Tripolira bidean erregimenaren gotorleku nagusienetakoa da Surt hiria, eta defentsa gogorra prestatu du haren inguruanNazioarteko erasoaren buruak dio NATOren asmoa ez dela erreboltarien alde egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu