Bi aste baino gehiago igaro dira Libian protestak hasi zirenetik. Tunisiako eta Egiptoko ereduen antzeko altxamendua zena, ordea, militarizatutako gatazka bilakatu da, eta azken egunetan gerra zibilaren antza hartzen hasi da. Oposizioak ekialdea kontrolatzea lortu du, eta haren alde jarri diren militarren sektorearekin armada bat eratu du. Muammar Gaddafiren erregimena, berriz, eraso militarren bidez saiatu da oposizioaren esku eroritako hiriak berreskuratzen. Horren aitzinean, protestak hasi zirenetik lehenbiziko aldiz, oposizioak laguntza militarra eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeari.
«Gure armadak ezin du mertzenarioen aurkako erasorik egin, izaera defentsiboa duelako», azaldu du oposizioko bozeramaile Abdelhafiz Hogak Bengazin emandako prentsaurrekoan. Hori dela eta, NBEri eskatu dio Gaddafiren indarren aurkako aire erasoak egiteko. «Aire eraso estrategiko bat eta atzerriko esku hartzea ez dira gauza bera. Azken hori errefusatzen dugu», zehaztu du Hogak. Bozeramaileak iragarri du oposizioak ordezkari bat izendatuko duela nazioarteko erakundeekin harremanetan paratzeko.
Era berean, Hogak dei egin dio nazioarteari Libiaren legezko ordezkari bakar gisa onar dezan oposizioak eratutako Batzar Nazionala. Azaldu duenez, batzar horren asmoa da oposizioaren esku dagoen lurraldean behin-behineko gobernu bilakatzea. Herrialde guziko 30 ordezkarik osatu dute erakundea, eta Justizia ministro ohi Mustafa Abdeljalil da haren presidentea.
Gerra krimenen ikerketa
Gaddafik, berriz, ohartarazi du AEB edo NATO Libian sartzen badira «milaka hildako» egonen direla. «Ezin gara AEBen esklabo izan», adierazi du estatuko telebistan zuzenean emandako hitzaldian. Haren ustez, libiar guziek armak hartuko dituzte «batasun nazionalaren aurkako erasoa» egonen balitz, edo petrolioa arriskuan balego.
Gainerakoan, erregimenaren jarrera justifikatzeko azken hitzaldietako argudio berberak erabili ditu Gaddafik, eta haren aurkako manifestaziorik egon dela ukatu du. Koronelaren arabera, Al Kaeda da istiluen erantzule bakarra. NBEri eta NATOri, berriz, Libian gertatutakoa ikertzeko galdegin die.
Erregimena ikertuko duen erakundea, baina, Nazioarteko Zigor Auzitegia izanen da. Protesten errepresioan egindako ustezko gerra krimenengatik ikertuko du, NBEko Segurtasun Kontseiluak hala eskatuta. Gaur jakinaraziko du auzitegiak Libian gerra krimenak egin dituztelakoan susmagarri direnen zerrenda.
NATOk, berriz, jakinarazi du «giza laguntzarako» edo «ebakuaziorako» planak eratzen ari dela. Aliantzako idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenen arabera, «eskakizunik jasoz gero, edozein gertakizunen aitzinean laguntza ematea» da NATOren asmoa.
Liga Arabiarra, ordea, nazioarteko esku hartzearen aurka agertu da. Libiako erreboltari sostengua adierazi dio, eta jakinarazi du Tripolira ordezkaritza bat bidaltzea aztertzen ari dela. Gaddafi eta haren sendiarentzat herrialdea uzteko «irtenbide segurua» bilatzea litzateke ordezkaritzaren helburuetako bat.
Erregimena erasora
Gaddafik, ordea, argi adierazi du ez duela amore emateko asmorik, eta erasora jo du. Erregimenaren indarrak gogor saiatu ziren atzo ekialdeko Brega herria berreskuratzen. Tripolitik 800 kilometro ekialdera eta Bengazitik 200 kilometro mendebaldera dago, gune estrategikoan. Petrolio hobi garrantzitsua dago bertan.
Mertzenarioek eta erregimenaren aldeko militarrek infanteriaren, artilleriaren eta hegazkinen bidez egin diote eraso hiriari. Borroken inguruko informazioa nahasgarria izan da, baina BBCk Bregan duen berriemailearen arabera, oposizioko indarrek herriaren kontrola mantentzea lortu dute. Al Arabijaren arabera, berriz, hegazkinen bonbardaketetan hamalau lagun hil dituzte. Hedabide horien arabera, Ajdabija hiritik miliziano ugari joan dira Bregara oposizioko indarrei laguntzera. Iturri berberek diotenez, Brega eskuratuz gero, Gaddafiren hurrengo helburua Ajdabija izanen dela uste du oposizioak.
Protestak herrialde arabiarretan
Gaddafiren mertzenarioei aire erasoak egiteko eskatu dio Libiako oposizioak NBEri
Laguntza militarra eskatu arren, erreboltarien zuzendaritzak atzerriko indarrak herrialdean sartzea errefusatu duAEB edo NATO Libian sartuz gero, «milaka hildako» egonen direla dio Gaddafik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu