CATHERINE ASHTON
EBko Atzerri Politikarako goi ordezkaria
«Libia aro berri bateansartu da, eta trantsizioa prestatu behar da orain»
Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak adierazi zuenez, Europako Batasuna Muammar Gaddafi aintzat hartu gabe ari da jada Libiaren etorkizuna prestatzen: «Libia aro berri batean sartu da, eta trantsizioa prestatu behar da orain». Aro berri hori iristeko borrokatu direnen «ausardia» nabarmendu zuen Ashtonek, eta Libiako Trantsizioko Kontseilu Nazionalari eskaera luzatu zion: «Giza eskubideen inguruko nazioarteko legedia bete dezatela, eta erantzukizunez joka dezatela bakea eta egonkortasuna mantentze aldera».
BARACK OBAMA
AEBetako presidentea
«Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak lidergoa hartzeko gai dela erakutsi behar du»
Erreboltariek Tripoli ia mendean hartuta zeukatela jakin ahala, ohar baten bidez eman zuen AEBetako presidente Barack Obamak bere iritzia. Gaddafiri Libiaren kontrola galdu duela eta indarkeriari uko egiteko eskatu zion. Aurrera begira, aldiz, zera: «CNT Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak lidergoa hartzeko gai dela erakutsi behar du orain, Libiako herritarren eskubideak defendatuz, biktima zibilak galaraziz, Libiako estatuaren erakundeak defendatuz eta trantsizio demokratikoa bermatuz».
DAVID CAMERON
Erresuma Batuko lehen ministroa
«Gure egitekoa libiarrei laguntzea da, trantsizioa eraginkorra izan dadin»
Behin Gaddafi boteretik kenduta, libiarrei hitza ematearen alde mintzatu zen atzo Erresuma Batuko lehen ministro David Cameron. «Gure egitekoa libiarrei laguntzea da orain, trantsizioa eraginkorra izan dadin. Libiarrek gidatu behar dute prozesu hori, nazioartearen babes osoarekin, eta NBEk koordinatuta». NATOren operazioan parte hartzeaz «harro» agertu zen Cameron.
NICOLAS SARKOZY
Frantziako presidentea
«Sekulako ausardia erakutsi dute altxatu diren guztiek»
«Diktaduraren eta zapalkuntzaren kontra egiteko» libiarrek erakutsi duten ausardia nabarmendu zuen atzo Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak bere oharrean. «Trantsizio garaia hastera doan honetan, dei egiten diet libiar guztiei garai berri horri elkartasun eta adiskidetze espirituarekin aurre egitera».
SILVIO BERLUSCONI
Italiako lehen ministroa
«Dei egiten diegu matxinoei mendeku mota guztiakalbo batera utz ditzaten»
Italiako Gobernua alboan izango dutela nabarmendu, eta «mendeku mota guztiak» albo batera uzteko eskatu zien atzo Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak Libiako matxinoei. «Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak mendekua albo batera utzi behar du, eta trantsizio demokratikorako bideari ekin, herritar guztiengana irekita».
HUGO CHAVEZ
Venezuelako presidentea
«Bizitzak salbatu dituztela esanez, sarraski inperialista egin dute Libian»
Hasieratik izan da kritikoa nazioarteak Libian izan duen jarrerarekin, eta ildo horretatik mintzatu zen atzo ere Hugo Chavez Venezuelako presidentea. «Hori ari dira Libian egiten: sarraski inperialista bat. Eta bizitzak salbatzeko egiten dutela diote! Zelako lotsagabekeria, zelako zinismoa! Hori da herrialde bat inbaditu eta haren aberastasunak hartzeko darabilten aitzakia». Chavezek, gainera, bere herrikideak ohartarazi zituen: «Jar gaitezen Jainkoaren eskuetan, inperio yankiak gure herrialderako dituen asmo berberak gauza ez daitezen».
KONSTANTIN KOSATXOV
Errusiako Kanpo Harremanetarako burua
«NBEren erebakiak bete eta Libiaren barne arazoetan ez sartzeko eskatzen dugu»
Errusiako kanpo harremanetarako buruak bere «porrota» onartzeko eskatu zion atzo Muammar Gaddafiri, eta eskaera argi bat egin zion nazioarteari: «Estatu guztiei eskatzen diegu NBEko Segurtasun Batzordearen 1970eko eta 1973ko erabakiak errespeta ditzatela eta ez daitezela Libiaren barne arazoetan sartu».
AMNESTY INTERNATIONAL
«Indar armatu guztiek herritarren eskubideak errespetatu behar dituzte»
Herritarren eskubideekin kezkatuta agertu zen atzo Amesty International erakundea. «Indar armatu guztiek herritarren eskubideak errespetatu behar dituzte, eta Tripoliko eta beste hainbat tokitako borrokek ez dezatela errepresaliak hartzeko biderik ireki». Gaddafiren semeak eta, errenditzen bada edo harrapatzen badute, Gaddafi bera, nazioarteko zigor epaitegian esku egoera onetan uzteko eskatu die erreboltariei.
HUMAN RIGHTS WATCH
«Borroketan harrapatutako zibilak defendatu behar dira»
Human Rights Watch erakundeak ere Libiako herritarrengan jarri zuen atzo begirada, eta haien defentsa egiteko eskatuzion nazioarteari. «Alde guztiek, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak, Gaddafiren aldekoek, Nazio Batuen Erakundeak, guztiek, ahal duten guztia egin behar dute borroketan harrapatuta gelditu diren zibilak babesteko».
SAMI ABU ZUHRI
Hamaseko bozeramailea
«Gaddafi erortzeak zoriontsu egin ditu libiarrak eta borroka berean ari diren beste asko»
Gaddafiren kontra altxatu diren libiar guztiak zoriondu zituen Hamaseko bozeramaileak. «Zorionekoak dira libiarrak, eta zorionekoak borroka berean ari diren beste asko; siriarrak esaterako».