Muammar Gaddafi Libiako erregimeneko buruzagi nagusiari aire eremua ixtea, eta, ondorioz, bonbardatzeekin aurrera segitzeko aukera etetea lortu duela dio nazioarteko koalizioak. Horrez gain, Bengazin Gaddafiren tropak matxinoen aurka egiten ari ziren erasoaldia etetea erdietsi duela. Bi lorpen horien bidez, atzo abiatutako esku-hartze militarra arrakastaz ari direla aurrera eramaten azpimarratu dute nazioateko koalizioko iturriek, eta lehen erasoaldian helburu nagusiak bete dituztela.
Koalizioak atzo hasi zuen Gaddafiren aurkako erasoa, Frantzia buru zela. Hain zuzen ere, Frantziako armada izan zen atzo arratsaldean Libiako lurretan erasoak egiten lehendabizikoa, 17:45 inguruan, Parisen Mendebaldeko herrialde nagusiek goi bilera egin eta bi orduren buruan. Haren atzetik, Erresuma Batuko eta AEBetako indarrak hasi ziren erasoan, 'Egunsentiko odisea' deitu dioten operazioan.
Esku-hartzearen aurkako aurreneko protesta ahotsak ere hasi dira entzuten. Liga Arabiarrak, esate baterako, gaitzetsi egin du erasoa, esku-hartzea azken buruan herritarren kontrako bihurtzen dela iritzita. Bruselan, berriz, bost mila bat lagunek manifestazioa egin dute gaur arratsaldean, 'Gerraren aurka, miseriare aurka' lelopean. Ezkerreko alderdi eta mugimenduek eta talde arabiar eta Ipar Afrikakoek antolatu dute protesta. Esku-hartzearen aurka ez ezik, Gaddafiren erregimenaren aurka ere agertu dira.