Gainbehera neurtzeko ordua

Baden-Wurttemberg eskualde garrantzitsua galtzeko arriskua dauka gaurko bozetan Merkel Alemaniako kantzilerrak

Berlin
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Asteburu honetan, bi hauteskundetan erabakiko da zein izango den Angela Merkel kantziler alemanaren bigarren agintaldiaren etorkizuna. Batez ere, Baden-Wurttenberg eskualdean —tradizioz, kontserbadorea—, energia nuklearra erabiltzearen inguruko eztabaidak arriskuan jarriko baitu bere boterea. Horrek ez ezik, ordea, gizarte zerbitzuak gutxitzearen inguruko eztabaida amaigabeek eta Libiaren kontrako gerrak ere kolokan jarriko dute Merkelen alderdi kristau-demokrata (CDU), oraindik ere beste bost eskualde hauteskunderi aurre egin beharko baitio aurten.

Baden-Wurttemberg eta Renania-Palatinatuko hauteskundeen inguruabarrak ez ditu aldeko Mekerlen gobernuak. Azken asteburuan bere hartan eutsi ahal izan zion CDUk Sajonia-Anhalt-en—botoen %32,5 lortu zituen—; hala ere, FDP alderdi liberala—gaur egungo gobernuko kide izaki— inkestetako mailarik beherenetan dago. Sajonia-Anhalten, botoen %3,9 bakarrik lortu zituzten, eta ez dute ordezkaritzarik izango estatuko hurrengo parlamentuan. Alemanian badute %5eko klausula bat, alderdi gutxiengodunik izan ez dadin legegintzaldietan.

Era berean, otsailaren 20an egin zituzten Hamburgoko hiri-estatuan aurten izatekoak diren zazpi hauteskundeetatik lehenengoak, eta horietan izandako emaitzek urduri dauzka oraindik ere gobernuko alderdiak. Hansako estatuan, botoen %21,9 bakarrik lortu zituzten kristau-demokratek. Azkeneko zenbaketan, 2008koan, %42,6 bildu zituzten.

Kontseilu Federalean, Errepublika Federaleko Goi Ganberan, gobernuko alderdien eta oposizioaren arteko berdinketari bere hartan eusteko, CDUk botereari eutsi behar dio, kosta ahala kosta, Baden-Wurttembergen. Hori, baina, gaitza gertatuko zaio Stefan Mappusi, lehen ministro eta Merkelen alderdiko kideari. Azkeneko iragarpenen arabera, Berdeak alderdikoek botoen %25 lortuko dituzte; sozialdemokratek, berriz, baliteke botoen %22 lortzea. Ezkerra alderdi sozialistakoek ere, oraindik orain sortuak izanagatik, landtageko parlamentuan sartzeko aukera izan dezakete—orain arte, 58 urtean, kristau-demokratek agindu izan dute—.

Garai berriaren hasiera

Azken inkesten arabera, litekeena da datorren igandean amaitzea garai hau, aukerak baitituzte SPDko sozialdemokratek eta berdeek botoen %47 lortzeko; CDUkoek —%38— eta FDPko liberalek —%5—, berriz, botoen %43 bakarrik lortuko lituzkete, onenera jota.

Egoeraren larria ikusirik, nazioartean babesa lortzen ahalegindu zen Merkel, jarrera populistak baliatuta. Horren adierazgarri da Libiriaren kontrako gerran parte hartzea baztertu izana. «Kantziler izandako Gerhard Schroderrek bezala, Merkelek badaki gerra batek bakarrik galaraz diezazkiokeela hauteskundeak Alemanian». Hala adierazi du Wolfgang Gehrcke diputatu sozialista eta nazioarteko politikako adituak, BERRIAk elkarrizketatu duelarik. Hala ere, nabarmena da politika anbiguoa darabilela gobernuak gatazka horretan: Merkelen gobernuak uko egin zion Libiaren kontrako misioan parte hartzeari, baina indartu egin zituen Afganistango tropak. Era berean, gerra horren kontra daude Alemaniako biztanleen %80 inguru.

Bada beste eztabaidagai nagusi bat ere: energia nuklearraren erabilera. Hain zuzen ere, Baden-Wurttemberg eta Renania-Palatinatuko hauteskundeak izan baino hiru egun lehenago, politika agenda bete-betean hartua du Angela Merkel kantzilerraren gobernuaren sinesgarritasunari buruzko eztabaidak, baita energia nuklearra bertan behera uztearen ingurukoak ere.

Süddeutsche Zeitung egunkarian jakinarazi dutenez, Rainer Bruderle Ekonomia ministroakbilera itxi bat egin zuen hainbat enpresa handitako ordezkarirekin; han, gutxietsi egin omen zuen energia nuklearren erabileraren inguruko atzerapena, eta gaur egungo hauteskunde kanpainako estrategiatzat jo zuen. Egunkari horren arabera, energia enpresa horietakoen protestak baretzen ahalegindu zen Bruderle —FDP Alderdi Demokrata Liberala—.

Ministroak bilera egin zuen martxoaren 14an BDI Alemaniako Industrien Elkarte Federaleko kideekin; bileran azaldu zienez, eskualde hauteskundeak direla-eta gobernuari egindako politika presioaren ondorioz iragarri zuen Merkelek atzerapena. Japonian gertatutako hondamendi nuklearra ikusirik, Angela Merkel ataka gaiztoan jarri du energia nuklearraren inguruko eztabaidak—oso gorabeheratsua izan da Alemanian, hango mugimendu ekologista sendoa dela bitarteko—. Joan den asteburuan, oposizioko alderdien inguruko zenbait erakundek, ingurumena babesteaz arduraturikoek, protesta jendetsuak iragarri zituzten, Alemaniako lau hiritan energia nuklearra bertan behera uztearen alde. Alemanian hamazazpi zentral nuklear daude.

Oposizioaren akusazioak

Azkenaldian Japonian izandako gertaerak eta energia nuklearra erabiltzearen kontrako protestak ikusirik, zazpi planta nuklear behin-behinean itxiko zituztela iragarri zuen Merkelek. Hala ere, oposizioak kritikatu egin zuen hiru hilabeteko atzerapena, sinesgaitz iritzita.

Steffen Seibert gobernuko bozeramaileak hauxe idatzi zuen bere Twitterreko kontuan: «Zentralen ikuskapenak ez du inolako zerikusirik hauteskunde estrategiarekin». Haren azalpenek, ordea, ez zituzten konbentzitu oposiziokoak: «Merkelen sinesgarritasunari ez zion mesederik egin gai mugarri batek», esan zuen Jurgen Trittin berdeen talde parlamentarioko buruak. Argi eta garbi hitz egiteko eskatu zion Klaus Ernst ezkertiarren buruak: «Edo Bruderle kanporatzen du Merkelek, edo boto-emaileei iruzur egiten ari zaien politikaritzat jo beharko du bere burua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.