SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna erori zenean, Errusiak, Boris Jeltsinen agintepean, iraganeko egitura ekonomikoak desegiteari ekin zion abiadura bizian, ordura arte etsai izan zen Mendebaldearen sistema kapitalista ezartzeko. 1990eko hamarkada pribatizazioen aroa izan zen. Ondorio ezagunenak dira estatuaren kontrolpean zeuden industria handien salmentak —siderurgia, gasa, petrolioa...— sortutako magnateen kasta, eta herri xeheak pairatutako eskasia, hotza eta arretarik eza. Vladimir Putinek, baina, ezegonkortasun garai hori amaitu izana aldarrikatu du behin eta berriz. Herrialde osoan lehertu diren protestek, baina, erakutsi dute sozialismotik kapitalismoranzko trantsizioaren trauma ez dela gainditu oraindik.
«SESB erori eta ondorengo hilabeteetan, Alderdi Komunistak debekatutako Mendebaldeko produktu andana ailegatu zen Errusiara», gogoratu zuen Ben Aris Business New Europe aldizkariko zuzendariak Mikhail Gorbatxoven aurkako estatu kolpearen hogeigarren urteurrenean idatzitako artikuluan. «Karrikako saltzaileek Levis galtzekin, oinetako onekin eta atzerrian ekoitzitako zigarroekin bete zituzten postuak. Baina zer zentzu dute kalitatezko produktuek, ezin badira erosi? Merkatu askearen ironia da gauza gehienak garestiak direla». Troika Dialog inbertsio bankuaren arabera, 1991n SESB erori zenean Errusiako herritarren gutxieneko soldata hilero 548 errublokoa zen —gaur egun 14 euro—. «Baina hori aski zen bizitza duin bat izateko», Arisen arabera, «estatuak etxebizitza, zerbitzu publikoak, osasuna, haurtzaindegia, oporrak eta zahar etxeak segurtatzen baitzituen. Zerbitzu horiek ez ziren kalitate handikoak, baina guztientzat eskuragarri zeuden, eta doan ziren».
XXI. mendean kapitalismoan sakontzen ari da Errusia. 1990eko hamarkadako krisi latzaren ondoren, sistema berriaren bi aldeak ezagutu dituzte Errusiako herritarrek. Alde batetik, SESBen garaian baino jabetza material gehiago eskuratzeko ahalmena dute; iazko ekainean gutxieneko soldata 4.611 errublotan ezarri zen —114 euro—. Kontsumorako gaien liberalizazioak produktuen eskaintza eta aniztasuna hazi du. Adibidez, Russia Today telebistaren arabera, SESBen herritarren %3k zuten autoa jabetzan, eta gaur egun populazioaren %37k du. Klaseen arteko aldea, ordea, zeharo handitu da, eta polarizazio kezkagarria sortu. Errusiako Estatistika Agentzia Nazionalaren datuen arabera (2010), herritarren %91k 25.000 errublo —618 euro — baino gutxiagoko soldata du; herrialdeko 500 lagun aberatsenek, berriz, 497.000 milioi euroko kapitala dute guztiena elkartuz gero —Errusiako Estatuaren 2010erako aurrekontua 182.000 milioi euro ingurukoa zen—.
Kapitalismotik sozialismoranzko aldaketak ere zerbitzu publikoei eragin die ezinbertzean. Hezkuntzan, eskola pribatuak eratu diren arren, oraindik hezkuntza publikoak du izen onena herritarren artean. Osasun sisteman, ordea, egoera aldatu egin da. OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, mediku aseguruen %40 inguru dira pribatuak, AEBen marka erruz gaindituta. Errusiak 2009an Gizarte Segurantzari BPG barne produktu gordinaren %4,25 eman zion; Mendebaldeko herrialdeetan, BPGaren %8-10 artean hartzen du batez bertze.
Komunistak kritikoenak
Egitura sozialisten desegitearekin kritikoen agertu direnak, nola ez, komunistak izan dira. Iazko ekainean Dimitri Medvedev presidenteak goraipatu zuen SESBen desegitearen ondoren Errusiak «aurrerapen izugarria» egin duela. Aurrerapen hori, ordea, lehengaien esportazioan —bereziki erregaienean— oinarritzen du, KPRF Errusiako Alderdi Komunistaren arabera, industriaren garapena baztertuz.
«Ekonomian bi bide daude», KPRFren Sovietskaya Rossia egunkarian Gennadi Turietskik azaldutakoaren arabera. «Herrialde garatuenentzat, industrializazioa edo, orain erraten duten bezala, gizarte ekoizle zientifiko-tekniko baten sorrera. Menpekotasun ekonomikoa dutenentzat, berriz, lehengaien esportazioa, eta beharrezko gaien inportazioa». Putinen Errusiak bigarren bidea hartu du Turietskirentzat. «Elikagaien artikuluen artean %80 inportatuak dira, eta sendagaien artean, %77. Lehengaien ustiatzearekin lotuta ez dagoen hazkunde ekonomikoa, beraz, inportatutako gaien birsalmentan, finantza zerbitzuen garapenean, merkataritza minoristan, elikagaien industrian eta eraikuntzako sektore batzuetan oinarritzen da».
Herritar anitzek SESB erorita askatasunaren eta oparotasunaren aroa irekiko zela espero zuten, baina orduan sortutako ilusioak ez dira guztiz bete.
Gainditu gabeko trauma
SESB desegin zenean, sistema berriak askatasuna eta oparotasuna ekarriko zituela pentsatu zuten Errusiako herritar anitzek. Garapen politikoak ez ezik, ekonomikoak ere ez ditu ilusioak bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu