Merkea eta lortzen erraza den botika baten gaineko ikerketa baten berri eman du gaur Oxfordeko Unibertsitateak. Ikertzaileek ondorioztatu dute dexametasona esteroideen dosi txikiekin egindako tratamendu batek balioko lukeela COVID-19 gaitzari aurka egiteko. Adierazi dute arnasketa lagundua duten pazienteei laguntzen diela gehien: hiltzeko arriskua orain baino heren bat txikiagoa litzateke botika erabilita, ikertzaileen esanetan. Arnasteko oxigenoa behar dutenen artean, hilgarritasuna bosten bat txikiagoa izan liteke.
Mundu osoko ikerlariak ari dira koronabirusaren kontrako formulen bila, eta «saio klinikorik handiena» deitu diote sendagaia bilatzeko munduan egiten ari den ikerlanari. Erresuma Batuko talde batek adierazi du berak lortu duela orain arteko arrakastarik handiena, eta zenbakietara eraman du dexametasonak izango lukeen eragina: botika hori erabili izan balitz, Erresuma Batuan 5.000 pertsona gutxiago hilko ziratekeen pandemia hasi zenez geroztik. Nabarmendu dute merkea dela, eta aproposa dela gaixo asko dituzten herrialde pobreetara eramateko ere.
Ikerketaren arabera, gaixotutako hogei pazientetik hemeretziren osasunak hobera egin du ospitaleratzeko beharrik gabe. Haatik, arnasketa lagundua dutenei egiten die mesede handiena, lanean jaso dutenez. Beste gaixotasun batzuek eragindako hantura jaisteko erabiltzen dute dexametasona.
Ospitaleratutako 2.000 pazientek hartu dute parte dexametasonaren saio klinikoan, eta tratamendu hori jaso ez duten 4.000 gaixoren bilakaerarekin alderatu dituzte emaitzak.
«Orain arte lortutako botiken artean, hau da hilgarritasuna murrizten duen bakarra, eta nabarmen murrizten du, gainera. Aurrerapen handia da», adierazi du Peter Horby lanaren ikerlari nagusiak. Haren kide Martin Landrayk esan du arnasketa lagundua duten zortzi pazienteren artean bizitza bat salbatzen duela sendagaiak, batez beste. Esperimentuaren arabera, dexametasonak ez die askorik laguntzen sintoma arinak dituztenei.
Oraingo koronabirus hau agertuz geroztik, mundu osoko ikertzaileak lanean ari dira COVID-19aren kontrako botika eraginkorren bat topatu nahian. Hidroxiklorokina ezagun egin da, tratamendu gisa erabili baitute munduko hainbat herrialdetan, eta Donald Trumpek eta Jair Bolsonarok haren alde egin dute; malariaren kontra erabiltzen da berez. Polemika handia ibili da botika horren inguruan; haren «arriskuez» ohartarazi zuen The Lancet aldizkari medikoan argitaratutako ikerketa batek, eta horrek kezka eragin zion Osasunaren Mundu Erakundeari; gerora, ikerketa horretan erabilitako datuak faltsuak zirela jakin zen. Katalunian egindako ikerketa batek, ostera, ondorioztatu du hidroxiklorokinak ez duela balio gaitzaren aurka egiteko, baina argitu du ez diela kalterik egiten gaixoei.