HAITI

Gaizkile taldeek 400dik gora lagun hil dituzte Haitin azken sei hilabeteetan

Krisi politikoaren eraginez, borroka armatuak asko ugaritu dira Port-au-Princen. Haitiko GKE batek salatu du agintariek «esku osoa» ematen dietela gaizkile taldeei zibilen aurka eraso egiteko.

Gazte haitiar bat, agintarien eta talde armatuen protesten ostean, Port-au-Princen, artxiboko irudi batean. JOHNSON SABIN / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko apirilaren 25a
12:35
Entzun

Indarkeriak gora egin du Haitin. Azken sei hilabeteetan 400 pertsona baino gehiago hil edo desagertu dira Amerika Erdialdeko estatu horretan, Haitiko Giza Eskubideen Defentsarako Sare Nazionalak (RNDDH) berriki kaleratutako txostenaren arabera. 2022ko azarotik atzo bitartean, herritarren aurkako zortzi eraso armatu izan dira gutxienez Port-au-Princeko metropoli eremuko lurraldea kontrolatzeko borroketan. Zibilen kontrako oldarraldien gorakadaren aurka, giza eskubideen aldeko erakundeek azalpenak eskatu dizkiete agintariei.

Haitiko herritarren aurkako eraso armatuak eta sarraskiak areagotu egin dira nabarmen 2023 hasieratik. RNDDHk txostenean salatzen duenez, ehunka pertsona hil dituzte, eta dozenaka emakume gazte taldean bortxatu, herrialdearen Mendebaldeko eta Artiboniteko departamentuetan bereziki. GKE gobernuz kanpoko erakunde horren arabera, urte hasieratik aurrez «leku lasaiak» ziren 50 eremu baino gehiagotan eraso armatuak pairatu dituzte bertako herritarrek. «Gaizkile taldeak nahi bezala jarduten dira, eta interesatzen zaien edozein guneren kontrola hartzen dute», dio dokumentuak.

Hain zuzen, GKEaren arabera, atzo bertan beste eraso armatu bat jazo zen; Debussyn izan zen, Port-au-Prince hegoaldean, eta, gertakari horren aurretik, halaber, ekintza «bortitzak» gertatu ziren hiriburuko hainbat lekutan. Hain zuzen, hamar pertsona baino gehiago lintxatu eta erre zituzten hiriburuko kaleetan, herritar askok Polizia Nazionalak ustezko gaizkileen aurka egindako atxiloketa eten ostean, Alter Presse berri agentziak jasotakoaren arabera.

Atzo, gainera, Polizia Nazionalak prentsa agerraldi bat egin zuen, eta, baieztatu zuenez, gaizkile talde bateko buru Carlo Petit Homme Ti Makak hil zuen apirilaren 9an, tiroz; Laboule 12 eta Thomassin —hiriburuko iparraldean dagoen eremu aberatsa da— guneak kontrolatzen zituen Ti Makak.

Indarkeriarekin lotuta, RNDDHk azken sei hilabeteetan jazo diren eraso odoltsuenak zerrendatu ditu txostenean: 2022ko azaroaren 29ko gauean, esaterako, 72 pertsona hil zituzten Sous Matelasen, hiriburuaren erdigunean, eta gutxienez 29 emakume bortxatu zituzten, baita ehunka etxe erre ere.

Aurtengo otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean, bi talde armatuen arteko liskar gogorrak izan ziren Port-au-Prince hego-mendebaldean, eta gutxienez 148 pertsona hil edo desagertu ziren.

Apirilaren 14tik 19ra bitartean, berriz, Cite Soleileko hainbat gunetan borroka armatuak izan ziren, eta gutxienez 70 pertsona hil eta beste 40 zauritu zituzten, tiroz. Oraindik, ordea, ez dute kopuru zehatzik eman.

GKEak apirilaren 19tik Source Matelasen gertatu diren oldarraldiak ere jasotzen ditu bere txostenean. Bertan, gutxienez ehun pertsona hil zituzten gaizkile talde batzuek, horietako batzuk etxebizitzetan giltzapetu eta su eman ostean. Dozenaka lagun ere zauritu zituzten, tiroz.

Bost milioi haitiar, gosete larrian

RNDDHk irmoki gaitzetsi du herritarren babesa bermatu behar dutenek herrialdean ezarritako «izu giroa»; izan ere, erakundearen ustez, agerikoa da gaizkile armatuek agintean dagoen koalizio gobernua «babesten» dutela, eta «erabateko eskua» dutela zibilei eraso egiteko. Bide horretan, GKEak jakin egin nahi du polizia agintariek zergatik indargabetu zituzten talde armatuak geldiarazteko ezarritako hainbat neurri. Erakundearen esanetan, erabaki horrek «indarkeria areagotzea» eragin du.

Haitiko Polizia Nazionalak nazioartetik —batez ere, AEBetatik— orotariko ekipamendua eta ibilgailuak jaso zituen iaz, lurraldea hobeto kontrolatzeko eta gaizkile taldeen mugimenduak oztopatzeko. RNDDHk, ostera, salatu du estatuko agintariek ezarritako neurriak «antzuak» izan direla, indarkeriak bere horretan jarraitzen baitu.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Haitiko Ekintza Humanitarioak ere berretsi du garrantzitsua dela laguntza humanitarioa bermatzea, baita osasuna, hezkuntza eta egoera txarrean dauden azpiegiturak zaintzea ere. Haitiko krisi politiko eta humanitarioen ondorioz, bost milioi pertsona inguru —herrialdeko biztanleriaren erdia— gosete larrian daude. Egoera horrek, gainera, okerrera egin duela ohartarazi du NBEk.

Horren guztiaren ondorioz, gero eta haitiar gehiagok euren sorterria atzean utzi eta Dominikar Errepublikara joateko ahalegina egiten dute; Hispaniola uhartea partekatzen du herrialde hark Haitirekin. Halere, Santo Domingok neurri gogorrak ezarriak ditu «legez kanpoko» immigrazio jarioari aurre egiteko; iaz, esaterako, bi mila haur migratzaile inguru bidali zituzten Haitira, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.