Edinburgoko Unibertsitateko zuzenbide irakaslea da Cormac Mac Amhlaigh (Sligo, Irlanda, 1977), zuzenbide konstituzionalean aditua. Londresen eta Edinburgoren arteko liskarra erabat politikoa delakoan dago. «Legeak, auzi honetan, gutxi du esateko».
Nork du, legearen arabera, erreferendumera deitzeko eskumena, Londresek ala Edinburgok?
Hemen denak ados daude erreferenduma egitearekin. Galdeketa nork egin da arazoa, nork kontrolatu. Legearen arabera, bietako edozeinek dei dezake erreferendumera, eta, horregatik, legezkotasun auzia baino gehiago politikoa bihurtu da. Nolanahi ere, uste dut Edinburgok baduela erreferenduma egiteko ahalmena, bete beharrekoa ez bada. Baietzak irabaziz gero, indar politiko handia emango lioke Alex Salmondi David Cameronekin negoziatzeko.
Legea interpretatzeko bi ikuspegi daude aurrez aurre.
Hala da. Biek balio dezakete, baina Erresuma Batuko Auzitegi Gorenari dagokio interpretatzea. Interpretazio zorrotza edo zabala egin dezake, hor dago gakoa. Erabaki dezake Eskoziako Parlamentuarena dela eskumena, Eskoziako Legediak ez duelako kontrakorik esaten, edo legez kanpokoa dela, ondorio politikoak aintzat hartzen baditu. Interpretazio hori egiten du Cameronek ere, uste duelako ez dela galdeketa soil bat.
Bide luzea egingo al du Salmonden erreferendumak?
Londresen onarpenik gabe aurrera egitea erabakitzen badu, ziurrenik norbaitek auzitara eramango du ekinbidea. Galdeketaren bidea Erresuma Batuko Auzitegi Gorenean amaituko da, ia seguru, inkonstituzionaltasuna egotzita. Politikoki, dena den, gizarteak ez du onartuko auzitegi batek eskubide politiko bat ukatzea.
Justiziak oztopatuko du, beraz.
Aurrekariak ikusita, esango nuke baietz. Gerta liteke Justiziak eskuak garbitzea ere. Hau auzi politiko handi bat dela esatea, ez auzi legala, eta formalki legez kanpokoa izan arren, legezkotzat jotzea garrantzi politikoagatik. Antzeko zerbait gertatu zen Irlanda iparraldean errepublikanoek eta unionistek lehen koalizio gobernua osatu zutenean: sei asteko epea zuten gobernua osatzeko, eta bi egun geroago osatu zuten. Talde batek helegitea jarri zuen, eta teknikoki arrazoia izan arren, Auzitegi Gorenak legezkotzat jo zuen gobernu osaketa.
Erresuma Batuan ez dago konstituzioa biltzen duen testu bakar bat: hainbat legek osatzen dute. Egitura horrek zaildu egiten du eskumenen banaketa zein den zehaztea?
Bai. Hainbat lege konstituzional daude, eta Eskoziako Legea, esaterako, konstituziotzat jo daiteke. Justiziarentzat lege konstituzionalak aurretiaz nola interpretatu diren da garrantzitsuena. Eta galdeketaren inguruko Eskoziako lege proiektua atzera bota zuen Auzitegi Gorenak duela bi urte.
Galdeketa egiteko aukera emanda —baldintzak jarri arren—, Eskoziak etorkizuna hautatzeko duen eskubidea aitortzen ari da Londres?
David Cameronek, kontserbadorea izanik, alderdiko lehen ministro ohiek baino begi hobeagoz ikusten du eskoziarrek euren etorkizuna hautatzea. Margaret Thatcher, esaterako, ez zatekeen inoiz hain eskuzabala izango. Estatuaren ikuspegi berria duela erakusten du Cameronek: hainbat zatik osatutako herrialde bat du buruan. Garaiak aldatu direnaren seinalea da. Duela 50 urte ezinezkoa zen Erresuma Batua zatien batura gisa ulertzea. Errealitateak behartuta egin du aldaketa Cameronek, Erresuma Batuaren narrazio nazionala aldatu egin delako. Egun Espainian Francoren garaian bezala nazio bakarra dagoela esatea bezalakoa litzateke kontrakoa.
Hain zuzen, Espainia presio egiten hasi da, Eskozia independentea Europako Batasunera sartzearen kontra egingo duela esanez.
Oso interesgarria da kontua. Eskoziak erabakitzen badu ez dela Erresuma Batuaren parte, ez baita EBren parte ere izango. Estatu kide izatea eskatu beharko du. Espainia ez da ezetz esango dion bakarra: Belgikak, Alemaniak eta Frantziak ere jarrera bera dute. Ez diete hausporik eman nahi euren mugen barruko nazioei.
Erreferente bihurtzen ari da Eskozia Europako estatu gabeko zenbait naziorentzat.
Seguru nago euskal herritarrak, kataluniarrak, korsikarrak… hona begira daudela. Gainera, hain gai politikoa izanda, Brusela ez da inoiz sartuko galdeketen legezkotasunaren eta zilegitasunaren gaineko eztabaidan. Estatu barruko kontuak direla esango du.
Independentzia nahi ez dutenentzat beste aukera bat eskainiko dute: Devo-max. Zer da?
Kontzeptu anbiguoa da, bakoitzak bere erara ulertzen baitu. Finean, estatutik eskumen gehiago jasotzea da. Ia dena, defentsa eta atzerri politika izan ezik. Aukera horrek independentziak baino babes handiagoa du.
Nork bozkatu ere arazo bihurtu da.
16urtetik gorakoek bozkatzea nahi du Edinburgok; 18tik gorakoek, berriz, Londresek. Ez da demokrazia ariketa bat, emaitza bila ari dira biak. Badira Erresuma Batuari eragingo dion erabakia estatu osoko herritarrek bozkatu behar dutela diotenak ere. Gainera, Eskoziatik kanpo bizi diren eskoziarrek ez dute bozkatzeko aukerarik izango. Galdera politiko handia da: zeinena da erabakitzeko eskubidea, Eskozian bizi direnena ala eskoziar guztiena?
Kanadaren jarrera hartzen ari da Cameronen gobernua?
Hala dirudi. Quebecek bi galdeketa egin ostean Clarity Act legea onartu zuen Kanadak, galderetan anbiguotasuna debekatzeko eta independentzia zailtzeko. Cameron aspaldi hasi zen lege hori aipatzen, eta ondo aztertu du Kanadaren jarrera. Galdeketa kontrolatu nahi du.
Cormac Mac Amhlaigh. Zuzenbide konstituzionalean aditua
«Galdeketaren bidea Erresuma Batuko Auzitegi Gorenean amaituko da»
Erreferendumera deitzeko eskubidea Eskoziak zein Erresuma Batuak izan dezakeela uste du, eta, horregatik, legezkoztasunari buruzko auzia baino gehiago politikoa bilakatu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu