Josep Cruanyes Plataforma pel Dret de Decidir Kataluniako erakundeko lehendakariak balorazio ona egin du atzo Katalunian independentziari buruz egin zituzten galdeketen emaitzez. %20ko parte-hartzea izan zen eta %92,5 independentziaren alde agertu ziren.
Nolako balorazioa egiten duzue atzoko galdeketei buruz?
Positiboki ikusten ditugu atzoko galdeketak, egoera konplexua zen-eta atzokoa. Girona, Manresa eta Lleida bezalako hiri handiak oso garrantzitsuak dira eta baliabide asko mugitu behar izan genituen. Gironan lortu dugun mobilizazioa benetan oso positiboa izan da guretzako.
Kontsultetan nazioarteko begiraleak egon dira.
Lehenengo kontsultan ez ezik beste guztietan nazioarteko begiraleak izan ditugu eta bai, egia da adierazgarritasuna dakartela. Bestetik, galdeketa garbiak izan direla adierazi dezakete begiraleek. Egin duten jarraipenari esker argi geratu da ez dela inolako trikimailurik egon.
Maiatzaren 8an Genevara zoazte Nazio Batuen Erakundearen egoitzara, egindako galdeketen emaitzak aurkeztera. Katalunia eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka nazioarteko mailara eraman nahi al duzue?
Beharrezkoa da Nazio Batuek Katalunia eta Espainiaren arteko gatazkaren berri izatea. Gure nahia bada borroka honek nazioarteko oihartzuna izatea. Horretarako goaz Genevara, aurrera pauso bat emateko, gure gatazkaren berri izan dezaten nazioarte mailan.
Atzoko galdeketen ostean, zein pauso emango dituzue etorkizunean?
Kontsulten bidez Kataluniak bizi duen egoera islatzen da, batez ere Espainiako Auzitegi Konstituzionala egiten ari den blokeoaren ondoren. Galdeketek, beraz, Kataluniaren autodeterminaziorako eta independentziarako herri mugimendua planteatzen dute. Hauteskundeak direla-eta alde batera gera daitezke galdeketak, baina guk etorkizun hurbilean autodeterminazio eskubidea eskatzeko erabili nahi ditugu. Galdeketek independentziarekiko beldurra kentzen dute, eta mitoak bota. Ideia hau gizartean sakonduko da, eta gizarteak Kataluniak bere etorkizuna erabaki dezakeela ulertuko du jendeak. Aurrerapausoa besterik ez da.
Katalunia
"Galdeketek independentziarekiko beldurra kentzen dute"
Josep Cruanyes Kataluniako Plataforma pel Dret de Decidir-ko burua gustura azaldu da BERRIA.INFOri emandako elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu