Jubatarrak lanpetuta egon dira gaurko eguna prestatzen; eraikin nagusiak margotzen, etorbideetan zuhaitzak landatzen eta kale bazterretako zaborra jasotzen. Hiriburuko erdigunean, erloju erraldoi batek ereferenduma irabaziz geroztik gaur arteko denbora kontatu du. Poz giroa ez da gutxiagorako, Sudanen menpe bizi izan diren bitartean bigarren mailako herritar izan dira: barne egiturarik gabeko etxaldeetako biztanleak hegoaldean, Khartum inguruko auzo pobre marjinaletakoak iparraldean eta desplazatuak kanpalekuetan.
Baina Jubak gerra aztarnak ditu oraindik. Eraikin erdi eroriak eta etxolak daude ministerioen eta hotelen artean. Kale gutxi batzuk dauzka asfaltatuak; lur eta hautsezko errepideak dira gehienak, abeltzainen behien eta ahuntzen garraiobideak. Sudan baino hezeagoa den arren, beroa egiten du urte osoan —askotan 35 gradutik gora—, eta ez dute ur edangarria bideratzeko sistemarik. Argindarra etxe pribilegiatuetara heltzen da, ez beste inora. Handik kanpo, Hego Sudan berri zabalean, lehen mailako beharrak betetzeko modurik ez dute; bizirik irauteko nekazaritzatik jaten dute, eta nazioarteak ematen dien laguntzatik, iristen denean. Eskolara joatea utopia da ume askorentzat, batez ere neskentzat, eta osasuna, naturak ematen dien dohaina. Gaixotasunak maizegi daude heriotzarekin loturik.
Eta gerra danborrak ez dira isildu. Segurtasunak lehentasuna izan beharko du herrialde sortu berrian; etnien arteko etengabeko auzietan emakumeek eta umeek pairatzen duten arriskua saihesteko neurriak hartu beharko dituzte, gaur-gaurkoz hilketak, sexu erasoak eta zapalketa egunerokoak baitituzte.
Gerra arriskua
Bake akordioak jasotzen duen bezala independentziaren eguna heldu zaien arren, arazo askori irtenbidea eman ezinik jarraitzen dute Hego Sudanen. Abiein eta Hego Kordofanen maiatzetik gogortu diren borrokak dira indarkeria horren erakuslerik bizienak. Joan den ekainaren 20an bi aldeek akordio bat sinatu zuten Etiopian, Abieitik militarrak ateratzeko eta 4.000 militar etiopiar bake misioan bidaltzeko hara, Nazio Batuen Erakundearen babesean, baina Khartumgo militarrek hartuta daukate, eta bi hilabetean ia 100.000 herritarrek alde egin behar izan dute etxetik. Joan den uztailaren 1ean nazioarteko gobernuz kanpoko 22 erakunderen Sudanerako taldeak nazioarteari dei egin zion «benetako neurriak» har zitzan gerra saihestu nahi badute, bake akordioan Abieiri irtenbidea emateko hango biztanleei erreferendumean norekin joanerabakitzeko eskubidea aitortu bazien ere, oraingoz erreferendumak ez dauka egunik jarrita.
Abiein bi etnia bizi dira –petrolio hobi gehienak han daude–, eta batzuek hegoaldearekin bat egin nahi dute –dinka, animistak–, eta besteak iparraldearekin bat egitearen aldekoak dira –misserija, artzain arabiarrak–. Bizimoduari eusteko, ezinbesteko dituzte lurralde berde horretako belazeak –iparraldea idorregia da animalientzat–. Misserijak nomadak dira, eta hori izan da aitzakia nagusia erreferendumerako: errolda osatzeko arazoak sortu ditu.
Abieirekinbatera, Hego Kordofanen ere borrokak izan dira joan den ekainaren 5etik, eta 73.000 desplazatu inguru eragin dituzte NBEren arabera. Darfurko eta Nilo Urdineko auziek, berriz, irtenbide errazik ez dutela dirudi, ez berehalakorik behin tzat.
Hego Sudango auziak
Sudanekin konpontzeko hamaika arazo geratzen zaizkio, borrokez gainera, petrolioaren ingurukoak, zeina diru iturri garrantzitsuena den. Hobi gehienak Hego Sudanen esku dauden arren, findegiak Sudanen daude. Etxe barruan ere gatazkak ez dira gutxi. Bostehun bat etnia daude, eta horietako asko elkarren artean haserre, ura eta lurra dela eta. Uniti eta Jonkeli estatuetan, berriz, armadaren eta talde armatuen arteko sua etengabea da.
Bakea egonkortzeko arazoak asko dira. 2005ean nazioarteak sustatutako Erabateko Bake Akordioa ez dakite zer den nekazaritza guneetan. Ingelesez dago idatzita, askorentzat hizkuntza arrotza da, eta etengabeko eskubideen bortxarekin bizitzen ikasita daude.
Galdera asko erantzunik gabe
Hego Sudanek premiazko beharrak betetzeko modurik ez du oraingoz, Sudanekin mugaldeko gatazka konpondu gabe dauka eta etnien arteko borrokari ere aurre egin beharko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu