Eskoziako Alderdi Kontserbadoreko burua da Ruth Davidson (Edinburgo, 1978) iazko azaroaz geroztik. Erresuma Batuko gobernuburu kontserbadoreak irmotasunez defendatzen du Eskoziaren galdeketaren inguruan duen jarrera.
Zer iruditzen zaizu Eskoziako Gobernuak aurkeztu berri duen erreferenduma?
Mundu guztiak nahi duena da erreferenduma legezkoa, zuzena eta erabakigarria izatea. Etorkizun konstituzionala gai oso garrantzitsua da, eta herriak horri buruzko iritzia eman behar baldin badu, ezinbestekoa da erabakia ganoraz hartzea: auzitara ez jotzea, alde batek zein besteak bidegabekeriarik ez ikustea. Garbia izan behar du galdeketak.
Alex Salmond lehen ministroaren galdeketa garbia dela uste duzu?
Legeak jartzen dituen mugak argiak dira. 1999an, Eskozia eskumenak berreskuratutako nazio bihurtu zen; hortaz, hainbat eskumen jaso zituen: osasuna, hezkuntza, justizia, garraio arloko zenbait gai... Baina beste zenbait arlo Westminsterren esku daude, eta Erresuma Batuak du erabakimena: atzerri politika, defentsa, ongizatea... baita auzi konstituzionalak ere. Halaxe jasotzen du 1998ko Scotland Act legeak, eta Salmond jaunak ere sinatu zuen, Westminsterreko legebiltzarkidea baitzen garai hartan. Hark badaki legea argia dela.
Orduan, garbia da galdeketa?
Erresuma Batuak hauxe esan dio: zuk ez daukazu legezko galdeketa egiteko botererik, eta erreferenduma egiten baduzu, kontsultarako bada ere, legearen kontrakoa izango da, eta auzitegietan amaituko du. Edozein alderdik eraman dezake justiziaren aurrera Salmonden galdeketa.
Zer egingo duzue kontserbadoreek?
Botere batzuk ematea eskaini diogu Salmondi, hark erreferenduma egin dezan. Eskoziarrek erabakiko dute Eskoziaren geroa, baina zenbait berme izan behar dituzte horretarako. Galdeketa legezkoa, zuzena eta erabakigarria izatea. Horixe eskaintzen ari gara hain zuzen.
Erreferenduma Justiziak geraraziko duela uste duzu?
Espero dut ezetz. Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuaren arteko negoziazioak martxan daude. Espero dut akordioren bat egingo dugula prozesu honetan. Uste dut baietz.
Epe laburrera ala luzera?
Epe laburrera. Urtea amaitu baino lehen. Hiru dira gatazka puntuak: nork bozkatu, galdera eta epea. Nahiago nuke lehenago izatea, baina uste dut onargarria dela epea eta 2014an egingo dela galdeketa. Hauteskunde Batzordea Eskoziaren esku laga daitekeela ere uste dut. Bestalde, bozkatzeko garaian Edinburgoko parlamenturako baldintza berberak mantenduko direla uste dut. Hau da, bertan erregistratuta daudenek eta 18 urtetik gorakoek izango dute botoa emateko aukera. Hautesle horiexek aukeratu zuten Salmond lehen ministro iaz.
Onartuko duzue bigarren galdera?
Galderena da daukagun borrokarik handiena. Lan handia egin beharko dugu gai horren inguruan akordioa lortzeko.
Salmondek, ordea, argi laga du ez diola uko egingo bigarren galdera egitearen aukerari.
Dena dela, hark amore ematea espero dut. Ikuspuntu ugari daude Eskoziak Erresuma Batuaren barruan izan behar lukeen estatusaren inguruan; alderdi politiko bakoitzak iritzi sendoak ditu horren inguruan. Baina eztabaida hori behin nazioak Erresuma Batuan jarraitu nahi duela erabaki ostean izan behar genuke.
Bi eztabaida bereizi direla deritzozu, beraz.
Hala dira, eta ez lirateke aldi berean egin behar.
Cameronen jarrera ez al da independentismoa hauspotzen ari?
Jendeak ulertzen du erreferenduma badatorrela, eta Londresko gobernuak, jakina, Erresuma Batuaren geroarekiko interesa du. Westminsterrek du erabakimen eskubidea, eta, beraz, prozesuaren parte izan behar du. Interesgarria da, gainera, 2010eko bozetan koalizio gobernuko alderdiek boto gehiago jaso zituztela Eskozian, 2011n SNPk baino. Aginteari dagokionez, beraz, Eskoziak bi parlamentu ditu, bi gobernu. Gehienek elkarlanean ikusi nahi dituzte biak, borrokan ikusi beharrean.
Baina Cameronek jada aitortu dio Eskoziari, zeharka bada ere, bere geroa erabakitzeko eskubidea.
Beti esan izan du hori. Eskoziak alde egin nahi badu, hark erabaki behar du hori. Horixe da kontua, erabakia eskoziarrek hartzea, ez auzitegiek.
Galdeketan zer emaitza aterako dela uste duzu?
Batasunak irabaziko duela uste dut. Jendeak Erresuma Batuan jarraitu nahi du. SNP gobernuan bost urtez egon den arren, inkestek diote herenak daudela independentziaren alde.
Baina joera alda daiteke bi urtean.
Alda daiteke, bai. Baina jende askok lan egingo du gogor Erresuma Batuaren aldeko aukerak irabaz dezan. Horietako bat izango naiz ni.
Eskozia independenteak ekonomikoki aurrera egingo lukeela uste duzu?
Bai, aurrera egingo luke. Baina indartsuagoak izango gara Erresuma Batuaren parte izanda. Londres mundu mailako potentzia handia da, G8koen artean dago, Europako Batasuneko kide indartsuenetako bat da, NATOn dago, NBEko Segurtasun Kontseiluan... Eskozia independenteak ez luke horrelakorik izango, eta kontu garrantzitsuak dira.
Nolako harremana daukazue kontserbadoreek SNPrekin?
Aurreko legealdian SNPren gobernua gutxiengoan egon zen, etaaurrekontuak onartzeko Eskoziako kontserbadoreon botoak behar izan zituzten. Aurrekontuetan hainbat puntu aldatzearen truk negoziatu genuen. Iraganean, beraz, SNPrekin harreman onak izan ditugu.
Eta orain?
Alderdi gisa, kontserbadoreok oso pragmatikoak gara. Eskoziarrentzat legealdia hobetzen saiatzen gara beti, eta horregatik babestu genuen SNP. Eskoziak aurrekontuak izan zitzan. Orain, gehiengoarekin, ez dute inoren beharrik, baina guk ahal duguna egiten dugu legealdia hobetzeko.
Erreferendumaren auzian Salmondek duen jarrera zinikoa dela salatu izan duzu. Zergatik?
Alex Salmond berariaz ari da konfrontazioa sortzen, eta hori nahiko zinikoa da. Oraintxe arte baztertu egin du Hauteskunde Batzordea. Westminsterreko legebiltzarkidea zenean, ordea, babestu egin zuen haren sorrera, eta, Eskoziako lehen ministro egin zenean, haren eskumenak zabaltzeko bozkatu zuen. Jarrera hori nahiko zinikoa dela uste dut.
Unionista izan arren, Eskozia nazioa dela aitortzen duzu. Nazionalismoa eta patriotismoa bereizi beharra nabarmentzen duzu.
Ni eskoziarra naiz, nire familia hemengoa da, nire kirol taldeak hemengoak dira, Eskoziako Historian lizentziatu nintzen. Maite dut nire herrialdea. Eskoziarra naiz, baina britainiarra ere bai aldi berean. Bi nortasunak ez daude elkarren kontra, elkarren ondoan baizik. Ez dut nahi inork nire alde britainiarra kentzea. Ez zaidana gustatzen da SNPko batzuek esatea gainontzekook eskoziarren kontrakoak garela. Iraingarria dela uste dut. Nazionalistak ez garenok ere patriotak gara.
Kontserbadoreek Erresuma Batuarekiko duten ikuspuntua aldatzen ari dela uste duzu?
Erresuma Batua zatiak dira, eta batasuna. Biak aldi berean. Azken hamarkadetan boterearen zati bat Eskoziako eta Galesko legebiltzarretara bueltatzeak aldatu du bai egoera. Jendearen pertzepzioa aldatu egin da.
Babestuko zenuke Eskoziari eskumen gehiago bueltatzea?
Eskoziara bidean datoz eskumen gehiago jada. Aurten iritsiko da Westminsterrera, besteak beste, Edinburgori botere fiskal handia emango dion lege proiektua.
Eskozia. Independentziari buruzko erreferenduma (III). Ruth Davidson. Eskoziako kontserbadoreen liderra
«Galderena da daukagun borrokarik handiena»
Urtea bukatu baino lehen Londresek eta Edinburgok galdeketaren inguruko akordioa lortuko dutela uste du, horretarako «lan handia» egin beharko dutela aitortu arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu