BESTE BATASUNA. GALES

Galesera sustatzeko Asanblearen planak porrot egin duela salatu dute

Hiztunak belaunaldi batean %30 izateko asmoa «serio» ez hartzea egotzi diote Cardiffi

Edu Lartzanguren.
2004ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Milaka haur «galdu» egiten dira urtero Galesko hizkuntzarentzat, hona 2002an galesera bultzatzeko legea idatzi zutenek egin duten salaketa. Eta errudunak ere izendatu dituzte: Rhodri Morgan lehen ministroa eta Jane Davidson Hezkuntza Ministerioko burua. Legeak ezarri zituen helburuak gauzatzeko baliabideak indarrean jartzen ez direla da salaketaren muina. Baliabideak plazaratzeko edo dimisioak gauzatzeko exijitu diote gobernuari.

Rhodri Glyn Thomas Plaid Cymru alderdi nazionalistako kidea eta galesaren aldeko legearen «aitak» altxatu du ahotsa lehen. 2002ko martxoan onarturiko legeak izen iradokitzailea du: Laith Pawb (Hizkuntza Herritar Denentzat). Errealitatea oso bestelakoa da, ordea. Izan ere, hezkuntza sistema aski zatiturik dago hizkuntzaren inguruan. Horren eraginez, haurtzaindegian galesez ikasitako haur askok hizkuntza galtzen dute galesa gutxi edo batere jorratzen ez duen lehen hezkuntzako ikastetxe batera igarotzen direnean.

Agiri historikoa

Laith Pawb legearen sortzaileek «agiri historikotzat» dute galesaren aldeko araua, herrialdeari, lehen aldiz, hiztun kopurua handitzeko asmoa eta konpromisoa zuen ikuspegia eman ziolakoan. Galesdunen kopurua %20 ingurutik %30era belaunaldi batean handitzea zen legearen asmoa. Horretarako hainbat ekimen murgiltze eskolak, esaterako gauzatu behar ziren, eta, batez ere, gehiago gastatu behar zen galesaren hezkuntzan. Egun derrigorrezkoa da galesaren irakaskuntza 16 urte arte. Baina ikasle askok jakintza txikiarekin ateratzen dira maiz lehen eta bigarren hezkuntzatik.

Jane Davidson ministroaren bozeramaile batek salaketok «Plaid Cymruren zentzugabeko besteadierazpen» bat direla esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.