Galiziako bozetan, PPri gehiengo osoa eragozteko itxaropena dute abertzaleek

Inkestek 38 eserleku ematen dizkiote PPri, eta 23 edo 24 PSGri; abertzaleen artean, hamabi edo hamahiru BNGri eta bat AGEriLehenengoz aurkeztuko da Anova alderdia, BNGtik irtendako sektore batetik sortua

Galiziako bozetan, PPri gehiengo osoa eragozteko itxaropena dute abertzaleek.
Samara Velte.
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Urriaren 21a ez da soilik Eusko Legebiltzarra hautatzeko eguna izango; bihar, Galizian ere izango dute aukera legebiltzar berria osatzeko. Inkestek PPri gehiengo osoa ematen diote, orain arte bezalaxe, eta abertzaleek elkartuta ere ezingo liokete aurre egin. Eusko Legebiltzarrean eta Kataluniako Parlamentuan abertzaleek indar handia hartzea espero da, eta joera bera nahi lukete Galiziarako, baina badakite aukera gutxi dituztela PP boteretik kentzeko, are gutxiago gehiengo abertzalea lortzeko.

Espainiako Gobernuaren gertuko CIS erakundearen inkestek 38 eserleku ematen dizkiote PPri, gehiengo osoa izateko behar den kopuru justua. Gainontzeko alderdientzat ere ez du aldaketa handirik iragartzen: PSG Galiziako PSOEk aulki bat edo bi galduko ditu, eta 23 edo 24rekin geldituko da. Galera hori AGE Alternativa Galega de Esquerda koalizio sortu berriaren mesedetan izango da. Ezkerreko hainbat alderdi batuta sortu dute hori: Anova-Irmandade Nacionalista, Esquerda Unida —Galiziako EzkerBatua—, Equo eta Espazo Ecosocialista Galego. AGEk botoen %4,6 lortuko dituela iragartzen du CISek, eta horrela aulki bat eskuratuko duela. Alderdi abertzaleen artean, koalizio horrentzat —bere neurrian— aurreikuspen baikorrak dituzte inkestek. BNG Galiziako Bloke Nazionalistak, berriz, botoen %15,6 eskuratuko ditu, eta oraingo ordezkari kopuru bertsuarekin geldituko da: hamabi; beharbada, hamahiru.

PPk gehiengo osoa lortuko duen edo ez; hortxe dago zalantzarik handiena. Alberto Nuñez Feijoo Xuntako presidentearen gobernuak krisia aurka du oraingoan. INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, %21eko langabezia du Galiziak. Feijook 2009an kargua hartu zuenetik ia bikoiztu egin da; orduan %12an zegoen tasa. «Higatze orokorraz» mintzo dira gobernuarekiko kritiko direnak; iragan den agintaldiak zapore txarra utzi diela diote.

Izan ere, Mariano Raxoik Espainian indarrean jarritako hainbat neurri eta murrizketen laborategi izan da Galizia azken lau urteotan. Feijoo kanpainan Raxoirengandik urrun gelditzen saiatu den arren, Raxoik berak adierazi izan du Xuntako murrizketak izan dituela oinarri Madrilen neurriak hartzerakoan. Feijooren neurri polemikoenen artean daude Galiziako hurrengo bost gobernuak hipotekatu dituzten hainbat azpiegitura erraldoi eta osasun arloko zenbait murrizketa: 2010etik, Galiziako osasun zerbitzu publikoak eritasun bakoitzerako botika merkeenak baino ez ditu finantzatzen. Caixa Galicia eta Caixanova kutxek ere hondoa jo dute tarte horretan, eta urri hasieran argitara atera zen Xuntak 2010ean oker kontabilizatutako 411 milioi euro 2011ko aurrekontuetara pasatu zituela, 2010eko defizita murrizte aldera.

Abuztuaren amaieran jakinarazi zuen Feijook hauteskundeak aurreratuko zituela; berez, 2013ko martxoan ziren, bainaEusko Jaurlaritzakoen egun berera aurreratzea erabaki zuen. Helburua, Feijooren hitzetan, aurrekontuak hasieratik kudeatzea da; baina abertzaleek jaurlaritzan espero duten arrakasta itzaltzeko ere ondo etorriko zaio PPri Feijooren garaipena.

Abertzaleak, banatuta

Egoera ez da samurrena PPrentzat, baina oposizioarentzat ere ez. 2005etik 2009ra lortu zuten bi alderdiren arteko akordioa, elkarrekin agintzeko; PSG eta BNG alderdien artean ozta-ozta lortu zituzten 38 aulki, eta PP gobernutik kanpo utzi zuten, 37rekin.

Oraingoan, ez dirudi halakorik gertatuko denik, oposizioko alderdien arteko harremana ez delako batere ona. Lehenengoz aurkeztuko da Anova-Irmandade Nacionalista alderdi sortu berria, Xose Manuel Beiras Galiziako Alderdi Sozialistaren fundatzaileetakoa zerrendaburu duela.BNGtik ateratako sektore batetik sortutako alderdia da Anova, «oinarri asanblearioago bat» bilatzen zuelako. Beiras bera BNGren bozeramaile izandakoa da Galiziako legebiltzarrean, baita Xuntarako hautagai ere.

EU Esquerda Unida Galiziako Ezker Batuarekin koalizioan aurkeztuko da Beirasen alderdia hauteskundeotara, Alternativa Galega de Esquerda izena hartuta. Hasieran, ezkerreko koalizio zabalago baten alde agertu zen Anova; Compromiso por Galicia eta BNG alderdiei ere eskaini zien koalizioan joatea. Lehenak onartuko zuela zirudien hasieran, baina bere kontura aurkeztuko da.

BNGk traizio gisa hartu du EUrekin batzea. «Negargarri samarra da euren buruari abertzale deitzen dioten zenbaitek nola ematen dioten galiziartasun izaera EUri. Politikari espainiarrak dituzte Galizian kanpaina egiten», salatu du Carlos Aymerich BNGko diputatu eta Pontevedrako zerrendaburuak. Haren hitzetan, ezker galiziarra Bloke Nazionalistak bakarrik ordezkatzen du hauteskundeotan: «Haien [AGEren] ustez, oinarrizko kontraesana ez da Galizia eta Espainiaren artekoa, ezkerraren eta eskuinaren artekoa baizik, eta nahastu daiteke bat Espainiako ezkerrarekin. Guretzat oinarrizko printzipioa da burujabetza. Indar politiko galiziarrak behar ditugu, kanpoko lizentziei men egingo ez dietenak».

Beirasek Anovaren erabakiaren alde egin du, esanez «salbuespen egoera bati» aurre egiteko hartutako neurria dela: «Estatu mailan, gain behera doan erregimen baten testuinguruan egingo dira bozak. PPk agintean jarraitzea larria da oso; erantzun bat eman beharra geneukan, fronte herrikoi zabal batekin. Eta ez PSOErekin, txanponaren beste aldea baita». BNG eta PSGren bi alderdiko gobernua ere kritikatu du: «Zergatik leporatzen zaio espainolismoa testuinguru jakin batean helburu jakin baterako sortutako koalizio bati, eta ez autodeterminazioari uko egiten dion indar espainolista askoz eskuindarrago batekin osatutako gobernuari?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.