«Galiziako herritarrekiko eta autonomia estatuarekiko konpromisoagatik» hartu du Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak Xuntarako hauteskundeak urrira aurreratzeko erabakia. Ondorioz, martxoan egitekoak ziren arren, 2009an bezalaxe EAE Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaritzarako hauteskundeekin egokituko dira, datorren urriaren 21ean, alegia. Feijook adierazi du testuinguru ekonomikoa, alderdien arteko banaketa eta Espainiaren egonkortasuna kontuan izanda hartu duela martxoko bozak aurreratzeko erabakia.
Patxi Lopez EAEko lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako bozak martxotik urrira aurreratu izana «erabakigarria» izan dela adierazi du Feijook. Haren hitzetan, «gastuak aurrezteko eta egonkortasun politikoa bermatzeko» aukera ematen du bi autonomietako bozak batera egiteak. Hala ere, zenbaiten arabera,EAEko bozetan alderdi abertzaleek lor ditzaketen emaitzen inpaktua arintzeko asmoz hartu du Espainiako PPk Galiziako bozak aurreratzeko erabakia.
Feijook, berriz, nabarmendu du «zailtasun ekonomiko handiko garaia» kontuan izanda, urriko bozetan osatutako gobernuak «lehenbailehen» onartu behar dituela datorren urteko aurrekontuak. Horretarako, Xuntako buruak azaldu du dagoeneko bildu dela oposizioko buruekin parlamentua osatzeko epea murriztea adosteko. Esan du PPG Galiziako Alderdi Popularreko hiru kontseilariri eskatu diela datorren urteko aurrekontuen proposamena egiteko.
Bestalde, indar politikoen artean «ulermen handiagoa» beharrezkoa dela nabarmendu du Feijook. 2009ko hauteskundeetan Xuntako 75 aulkietatik 38 lortu zituen PPGk, eta 2005etik PSG Alderdi Sozialistak eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak koalizioan gobernatutako parlamentua bereganatu zuen. Hain justu, «zatituta eta jarrera antzuarekin» aritzea leporatu die Feijook oposizioko bi alderdiei, parlamentuko diputatu kopurua gutxitzeari ezetza eman diotelako. Horregatik, adierazi du «une egokia» dela bozak aurreratzeko eta «Galiziak dituen arazoak gutxitzeko».
Madrilek aginduta
PPGko ordezkariek Feijooren erabakia babestu dute, eta Galiziako Parlamentuko popularren bozeramaile Pedro Puyk adierazi du «erantzukizun handiko erabakia» dela. Baina BNGko hautagai Francisco Jorquerak salatu du bozen aurrerapena ez dela Feijooren eskutik etorri, «Lopezek eta Mariano Raxoik aginduta» baizik. Alfredo Perez Rubalcaba PSOE alderdi sozialistako idazkari nagusia ere kezkatuta azaldu da, Raxoirekin bildu ostean adierazi duelako Feijook bozak aurreratzeko asmoa. Rubalcabaren ustez, martxora bitartean «murrizketa gehiago» egin nahi dituela esan dio Raxoik Feijoori; Espainiako Gobernuak «bozen ostean ezartzen dituelako murrizketak», PSOEko ordezkariaren arabera.
Edozein eratara, PSGk larunbatean izendatuko du Xuntarako hautagaia, eta Jose Blanco diputatuak jakinarazi du ez duela bere burua aurkeztuko. Horren ordez, PSGko idazkari nagusi Pachi Vazquezen aldeko apustua egin du.
Galiziako presidentetzarako bozak urrira aurreratzea erabaki du Feijook
«Gastuak aurrezteko eta egonkortasun politikoa bermatzeko», EAEkoekin batera egokitzea nahi izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu