Aldaketa gosez daude Irlandan, krisi ekonomikoak herrialdea oso gogor kolpatu baitu. Europako Batasunak iazko abenduan onartu zuen Irlanda erreskatatzea, eta Brian Cowen lehen ministroaren gobernuak hauteskundeak aurreratu behar izan zituen berehala; iragan otsaileko bozetan Fianna Fail alderdi kontserbadoreak boterea utzi behar izan zuen Fine Gael zentro-eskuineko alderdiaren mesedetan. Gaur, berriz, Irlandako presidente berria aukeratuko dute hiru milioi pasatxo herritarrek, 1997az geroztik presidentetzan bi legealdi egin dituen Fianna Fail alderdiko Mary McAleesen ondorengoa.
Sinn Fein alderdiak Irlandako Errepublikako presidentetzarako hautagaia aurkeztu du historian lehen aldiz, baina McGuinnessen hautagaitzaren iragarpenak kanpaina hasieran proiekzio handia izan arren, errepublikanoen aukera txikituz joan da, eta, inkesten arabera, botoen %15 lortuko ditu. Badirudi etorkizuneko Irlanda batuaren gaineko diskurtsoak ez duela lekurik aurkitu lehentasuntzat krisi ekonomikotik ateratzea duen gizartean. McAleese jarduneko presidentea, esaterako, Belfasten jaioa da, eta Ipar Irlandan jaiotako lehen presidentea da, eta hauteskunde kanpainan McGuinnessek argi utzi du Ipar Irlandan jaiotako bigarren presidente bilakatu nahi duela.
Itzal luzeko gizona da McGuinness Irlandako politikan, eta bere ibilbide politikoa izan du kanpainaren oinarri nagusi. Derryn jaioa, 1969an egin zen IRAko kide, eta erakunde armatuko bigarrena izan zen 1970eko hamarkadan.1998ko Ostiral Santuko Akordioaren ostean bake prozesuan buru-belarri aritu zuen, baina 2008an izan zuen proiekzio mediatikoa, ordura arte etsai izandako Ian Paisley apaiz protestantearekin batera Ipar Irlandako Gobernua eratu zuenean.
Irlandako presidentetzarako kanpainaren hasieran bake prozesuan lortutako emaitzak nabarmendu zituen McGuinnessek, baina hautagaien arteko lehia politikoa arlo ekonomikora lerratu den neurrian bestelako iragarpenak ere egin ditu. Bere soldata bakarra, 1.859 eurokoa, Sinn Feinetik jasotzen duela adierazi du, eta hitzeman du presidente izanez gero uko egingo diola urteko 249.014 euroko soldatari; horren ordez 35.000 euroko soldata izango du, Irlandako lansarien batez bestekoarekin parekatuz.
Hiru faborito
Ofizialki zazpi dira hautagaiak, baina hiru dira faborito nagusiak: Sean Gallagher enpresaburu independentea, Michael Higgins laborista eta Martin McGuinness Sinn Fein alderdiko hautagaia. Azken inkesten arabera, botoen %40 lortuko ditu Gallagherrek, %25 Higginsek eta %15, berriz, McGuinnessek. Alabaina, ez dago oso argi nor izango den garaile, eta boto joerak gorabehera dezente izan ditzake, kanpainako azken egunotan ustelkeria kasuetan nahasita egotea leporatu baitiote aurkariek faborito nagusiari.
Influentzia trafikoa egotzi dio McGuinnessek Gallagherri. Haren arabera, 2008an gobernuan zegoen Fianna Gail alderdiarentzat 5.000 euroko donazioa jaso zuen presidentegaiak erregaien kontrabandoagatik kondenatutako enpresaburu baten eskutik. Sinn Feinen esanetan, hainbat enpresaburuk ordaindu zuten diru kopuru bera Gallagherrek antolatutako ekitaldi batean sartzeko, gero han Brian Cowen orduko lehen ministroarekin harremanetan jartzeko aukera izan zezaten. Hautagai faboritoak astelehenean esan zuen gertakari hori ez duela gogoan, baina herenegun guztiz gezurtatu zuen.
Dena dela, ez da izan Gallagherren hautagaitza zipriztindu duen eskandalu ekonomiko bakarra. Higgins laboristak eskatu dio duela bi urte bere konpainietako batek interesik gabe eman zion 82.000 euroko maileguaren inguruko azalpenak lehenbailehen emateko. Bere kontulariak izandako «benetako errorea» izan zela erantzun dio Gallagherrek: «Okerreko kontu korrontean sartu zuen dirua, eta errorea lau asteren buruan konpondu zen».
Ekonomiaren pisua
Ikusteko dago faborito nagusiaren gaineko zalantzek zenbateraino eragin dezaketen inkestek iragarri dioten gorako joeran. Gallagherren galera hautagai laboristaren mesedetan izan daiteke, baina baliteke eskandaluen gainetik krisi ekonomikoa kudea dezakeen enpresaburuaren irudia gailendu eta gehiengoaren babesa lortzea ere. Izan ere, ekonomiak berebiziko pisua du Irlandako hauteskunde hauetan.
RTE Irlandako telebistako The Dragon's Den saioan egin da ezagun Gallagher. Enpresaburu ekintzaileentzako programan negozio proiektuak baloratzeaz arduratzen den epaile gisa aritu izan da Gallagher. Hortaz, politikari gisa baino telebistako enpresaburu moduan ezagutzen du jendeak, eta horregatik jaso du horrenbesteko babesa. Irlandarrek hautagai independente gisa ikusten dute, ohiko alderdi politikoetatik urrun. Gainera, bere kabuz aurrera egitea lortu duen negozio gizon gisa definitzen du bere burua, eta herrialdea krisi ekonomikoaren zulotik ateratzeko ahalmena eta ezagutza dituela uste dute irlandar askok.
Hain zuzen ere, bere alderdi ekonomikoa erakutsi eta politikoa ostentzeko ahalegin berezia egin du Gallagherrek kanpainan. Izan ere, oraintsu arte harreman estua izan du egun oposizioan dagoen Fianna Fail alderdiarekin. Irlandarrek Fianna Fail krisi ekonomikoaren erantzule nagusitzat jotzen dutela jakinda, kanpaina hasieran argi utzi nahi izan zuen alderdian izandako «parte hartze aktiboa» bertan behera laga zuela 2009an, nahiz eta ofizialki alderdiko organo nazionaleko kide izan den iragan urtarrilera arte.
«McAleese presidenteak Ipar Irlandan bake prozesuaren alde egin zuen tamainako apustua egin nahi dut ekonomiaren alde», adierazi du Gallagherrek hauteskunde kanpainan bere soslai ekonomikoa sendotzeko.
Gallagher jotzen dute Irlandan krisia gainditzeko presidentetzat
Sinn Fein alderdiko Martin McGuinnessen hautagaitzak indarra galdu du kanpainan, eta hirugarren postua lortuko lukeFaborito nagusiari eskandalu ekonomikoak leporatu dizkiote gainontzeko hautagaiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu