Denera 2,6 milioi herritar bizi dira itsasoz haraindiko departamendu, eskualde eta kolektibitateetan.Zenbaitzuek badute autonomia apur bat, baina ez independentzia lortzeko aukerarik. Garai berrietara egokitu da, izan ere, Frantziaren kolonialismoa.
Itsasoz haraindiko lurraldeakNicolas Sarkozyren gobernuaren menpe daude, baina menpekotasun maila desberdina da kasu bakoitzean. Frantziaren menpeko ehun departamentuetatik lau itsasoz haraindikoak dira: Guadalupe, Guyana Frantsesa, Martinika eta Reunion. Horiek dira okerren daudenak. Frantziako legediaren arabera, araudi bera dago indarrean kontinentean eta departamentuetan, nahiz eta zenbait puntu bertako egoerara egokitu daitezkeen.
Arazoa da, ordea, Parisen erabakiak hartzen dituztela kontinenteko bizi-baldintzak kontuan hartuta, eta horiek, oro har, itsasoz haraindiko lurraldeetakoak baino nabarmen hobeak direla. Ondorioz, horietan krisiak gogorrago jo du.
Bestelakoa da itsasoz haraindiko eskualdeen kasua. Horiek autonomia gehiago dute, eta beraz, erabakiak hartzeko askatasun gehiago. Dena den, hainbat arlok Parisen kontrolpean jarraitzen dute, besteak beste, justiziak, defentsak eta nazioarteko harremanek.
Kasu bereziak
Egun Frantziaren menpeko lurralde gehienak itsasoz haraindiko kolektibitateak dira, Mayotte edo Saint-Pierre eta Mikelune kasu. 2003an, Konstituzioa aldatu ostean, sortu zuen estatus hori Parisek. Kolektibitateek, eskualdeek bezala, departamentuek baino autonomia handiagoa dute. Horretaz gain, Frantziaren zati diren arren, ez dira Europako Batasuneko kide, eta beraz, ez daude haren zerga politiken menpe.
Parisen kolonien artean, badira bi kasu berezi: Polinesia Frantsesa eta Kaledonia Berria. Lehena itsasoz haraindiko herrialdea da 2004az geroztik. Frantziako Konstituzionalak nabarmendu du, hala ere, kolektibitateen estatusa izaten jarraitzen duela.
Bigarren berezitasuna Kaledonia Berriarena da. Hura itsasoz haraindiko eskualdea izan zen 1999a arte. Orduan Noumeako Akordioa sinatu zuten bi aldeek, eta subiranotasuna partekatzea erabaki. Hitzarmenaren arabera, 2014 eta 2019 urteen artean independentziari buruzko erreferenduma egingo dute herrialde hartan. Bitartean, berriz, Frantziako Gobernuak eskumenak itzuli beharko dizkio 1853tik haren kolonia den lurraldeari.
Garai berrietako kolonialismoa
Frantziaren menpeko ehun departamentuetatik lau, Guadalupe, Guyana Frantsesa, Martinika eta Reunion, itsasoz haraindikoak dira; horietaz gain, baina, baditu itsasoz haraindiko bost kolektibitate ere, kontinentetik milaka kilometrora guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu