Ez dago inor Argentinan itzal egingo dionik Cristina Fernandez presidenteari; garaipena ziurtatua du gaurko presidentetzarako hauteskundeetan, eta, ziurrenik bigarren itzulia egin beharrik izan gabe, presidente bilakatuko da berriz. Gainera, herri hartako historian izan den garaipenik handiena lortuko du, inkestek esaten dutena betetzen bada: botoen %52 edo %53 bereganatuko dituela diote. Hala balitz, Raul Alfonsinek 1983an lortutakoa ere gaindituko luke. Diktadura amaitu berritan botoen %51, 7 eskuratu zituen.
Bigarren itzulia ere oso litekeena da ez egitea: hauteskunde legeak ezartzen duenaren arabera, bigarrenarekin hamar punturen aldea edota botoen %45 eskuratuta lehen itzulia nahikoa da presidentetza eskuratzeko. Ricardo Alfonsin Raulen seme eta orain arte oposiziorik sendoena izan denaren gainetik Hermes Binner sozialista jarri dute, baina aurreikuspen guztietan bere aldeko botoa ez da %20ra iristen. Ezer apartekorik gertatzen ez bada, beraz, gaur bertan berretsiko du Fernandezek kargua.
Argentinako politikagintza berea egin du, gainera, Fernandezek. Kirchnerismoak peronismoa jan du, presidentearen egiteko modua da gobernua, eta haren indarra nabarmendu da kanpainan ere: oposizioa hutsa eta gobernua beteegi agertu dira. Fernandezek, bere senarra eta bere aurretik presidente izan zena gogoan —hilaren 27an urtebete izango da Nestor Kirchner hil zela—, diskurtso sentiberak eginez, haren lekukoa berak eskatu bezala jaso duela esan du tonu triunfalistan leku guztietan. Oratoria eta karisma handikoa da, eta hainbat mitinetan Eva Peron Evitari keinuak ere egin dizkio, hura bezala arituz.
Aurreikusita zeuzkan hainbat ekitaldi ere bertan behera utzi ditu; batetik, jasaten duen hipotentsioak behartuta, eta, bestetik, beharrik ere ez duelako izan. Mitin handiak, gogoangarriak, eta gutxiago, boto bila joan behar izan gabe.
Ekonomia, bere alde
Argentinako ekonomia haziz doa, zortzi urtean %7 eta %9 artean igo da urtero, eta langabeen kopurua izugarri jaitsi da. Boto-emaile askorentzat, kezka nagusiak inflazioa eta segurtasun falta dira, baina ia herritar guztiek garailetzat jotzen dutelako eztabaidaezina da haren proposamenetatik kanpo dagoen beste edozein. Oposizioak inflazioa kritikatu nahi izan du, soldata igotzen dena baino askoz gehiago garestitzen ari delako bizitza, eta urte batzuetara arazo handiak iragartzen badituzte ere, oraingoz, ez du eraginik herritarrengan.
Eduardo Duhalde presidente ohia da Fernandezi gogorren eman diona, peronista hura ere, eta hark esana da Fernandezen FV Garaipenaren Frontea «sekta bat» dela eta peronismoaren barruan denbora gutxi geratzen zaiola. Jorge Arias analistak, ordea, peronismoaren barnean dauden korronteen joera honela laburbildu du: «Peronismoan irabazten duenak gobernatu egiten du, eta galtzen duenak, lagundu». Argentinako 23 probintzietatik hamazazpi peronismoaren esku daude, eta formula hori erabiltzen dute guztietan.
Ricardo Alfonsin ere nahi eta ezinean aritu da Fernandezen aurka. Raul Alfonsin presidente ohiaren semeak peronismo disidenteen eta PR Alderdi Erradikaletik datozenekin osatu du AUDS Gizarte Garapenerako Aliantza Batua, eta hark ere gogor kritikatu du Fernandezen politika, baina konbentzitu gabe. Primarioetan bigarren geratu zen botoen %12,20 jasota —Fernandezek %50,24 lortu zuen—, baina kanpainan indarra galdu du, eta aukera gutxi ditu oposizioaren gidaritza lortzeko.
Haren lekua hartu duena Hermes Binner sozialista izan da. FAP Fronte Zabal Aurrerakoiaren buruzagiak ezustekoa eman du kanpainan. Argentinan politikariek hitz egiteko duten modu sutsuarekin ez du zerikusirik. Pausatua da, inoiz ez ditu iraintzen gainerako hautagaiak, eta programa betetzea dela politika egitea defendatzen du behin eta berriz. Fernandezek asetzen ez dituen intelektual asko gerturatu zaizkio. Fernandezen gobernuak dituen ustelkeria arriskuez ohartarazi du politikariak kanpainan, baina presidenteak egindako hainbat proposamenekin bat egiten du. Santa Feko gobernadorea izan da orain arte Binner, Argentinako probintzia handienetan hirugarrenarena.
Kirchnerismoa
Kirchnerismoa 2001eko krisiaren ondorengo garaietan agertu zen, baina Nestor Kirchner hil ondoren hartu du mugimendu gisara askoz indar handiagoa. Kirchner eta haren emazte Fernandez mitin batean elkar besarkatzen daudela bilakatu da mugimendu horren irudia. Aditu batzuren arabera, peronismoaren beste modu bat da mugimendu hori, baina beste batzuentzat, peronismoa gainditu du, oinarri nazionalista sakonekin, inperialismoaren kontrako eta iraultzaren aldeko mezuekin eta tonu populistarekin.
Cristina Fernandezek nortasunaren anbiguotasun horrekin jokatzen du, eta ez dago jakiterik zenbateraino hausten duen peronismo tradizionalarekin. 1970eko peronismo iraultzailearen oinordekoak direla dio, baina ez dago Montoneros erakundeak aldarrikatzen zuen gizarte sozialistarik eraikitzeko asmorik, ezkerrari keinuak egin arren. Ongi aztertutako jarrera da Fernandezena, oso bizkorra, ahalik eta jende gehien erakartzeko diseinatua.
Oposizioan daudenen arteko aliantzak beharko lirateke Fernandezen mugimendua kanporatzeko. Ez dago, ordea, horretarako baldintzarik gaur-gaurkoz, eta Fernandezek beste lau urtean gobernatuko du, oposizioarentzat horrek politikaren gainbehera ekarriko badu ere.
Argentinako presidentetzarako hauteskundeak
Garaipen historikoa du eskura kirchnerismoak gaur Argentinan
Inkesten arabera, Cristina Fernandez presidenteak jasoko ditu botoen erdiak, eta ez du bigarren itzuliaren beharrik izangoOposizioa ahul dago, eta hazkunde ekonomikoa bere alde du gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu