Garciak bigarren aukera du Perun

Kontserbadoreen botoei esker irabazi du APRAk, baina nazionalistek gora egin dute nabarmen

arantxa elizegi egilegor
2006ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Aurreko agintaldian (1985-1990) egindako akatsak konpontzeko beste aukera bat izango du Alan Garciak, APRA Peruko Alderdi Apristako hautagaiak. Botoen %91 zenbatuta eta datu ofizialen arabera, %53,53 lortu ditu presidente ohiak. Lehen txandan ez bezala, erraz lortu du garaipena zentro-ezkerreko hautagaiak. Beti ere, kontserbadoreen laguntzari esker. Azken horiek Lourdes Flores eskuineko hautagaiari eman zioten botoa, baina hura bigarren txandara igaro ez zenez, geratzen ziren bietatik «txarrena ez zena» aukeratu zuten.

Hiri handi eta eskualde aberatsenetan lortu ditu boto gehien Garciak. Besteak beste, Liman, hiriburuan, atera da garaile, horri esker lortu du buruzagitza, han bizi baitira Peruko herritarren heren bat. Aldiz, Ollanta Humala nazionalistak 24 departamenduetatik 15etan irabazi du eta presidentetza lortu ez badu ere, gehiengoa izango du Peruko Kongresuan: 45 eserleku.

Igande arratsaldeko lehen emaitzek berretsi egin zituzten inkestak, Garcia zen garaile. Baina Humalak ez zuen haren garaipena onartu nahi izan emaitza ofizialen berri izan arte. Bere alderdikide batek bozketan akatsak izan zirela ere salatu zuen, baina alferrik. Garciak eskuan zuen bere bigarren agintaldia. Hautagai nazionalistak atzo arratsaldean onartu zuen porrota: «Onartzen ditugu Hauteskunde Prozesuetarako Bulego Nazionalaren emaitzak eta Alan Garciak zuzentzen duen alderdia zoriontzen dugu». Era berean, ordea, nabarmendu du pozgarria dela Peruko mapa politikoa aldatu dela jakitea eta, hurrengo bozetan, berarekin bat egitera deitu ditu gizarte eragileak.



IRAGANEKO AKATSAK ZUZENTZEKO PREST. Garciak aurreko agintaldia amaitu zuenean, herrialdea krisi ekonomiko sakonean utzi zuen murgilduta. Bost urtean bost milioitan ugaritu zen Perun pobrezian bizi zirenen kopurua. Orain arteko presidente Alejandro Toledorekin egoera egonkortu den arren, herritarren erdiak pobrezian jarraitzen dute. Horietako asko harrituta geratu dira Garciaren garaipenaren berri izan dutenean, gogoan dutelako oraindik nolakoa izan zen haren presidentetza. Herritarrak lasaitu eta bitan banatuta geratu den herrialdea batzeko ahaleginean, Garciak barkamena eskatu die herritarrei orduan gertatutakoarengatik, eta bigarren aukeran ez diela huts egingo hitz eman, horretarako hil egin behar badu ere: «Herritarrek alternatibaren alde bozkatu dute, eta hori itxaropenaren botoa da, konfiantzarena. Ez da txeke zuri bat. Heldutasuna eta erantzukizuna eskatzen dio aprismoari». Besteak beste, ekonomiaren gorakada mantentzea eta herritarren arteko berdintasuna bultzatzea hitz eman du Garciak: «Pribilegiorik gabeko Gobernua izango da datorrena».



ENPRESABURUEN SOSTENGUA. Limako ekonomialari Fritz du Boisen iritziz, Garciaren gobernua inoizko okerrena izan zen: «Enpresaburuen hautagai bilakatu da. Ollantan Humalaren mezua hain zen erasokorra haientzat, Garciaren alde egin dute». Humalari ez dio mesederik egin anaia kartzelan edukitzeak, eta ezta bere amak homosexualak hil egin behar direla esateak ere.

Floresek, berriz, Garciak kontserbadoreen botoei esker irabazi duela nabarmendu du. «Bere aldeko boto guztiak ez dira bereak, beldur direnen botoak direlako». Kontserbadoreek Garciaren alde baino gehiago, Humalaren kontra egin dute. Humalak Venezuelako presidente Hugo Chavezen sostengua jaso du eta horrek beldurra eragin du enpresaburuen artean.

Europako Legebiltzarreko ordezkariak izan dira Peruko bozak gainbegiratzen. Haien arabera, Humalaren alderdiak galdu egin duen arren, indarra duela erakutsi du. Txileko presidente Michelle Bacheletek, berriz, zoriondu egin du Garcia eta nabarmendu du hauteskundeak era baketsuan egin izana.





############



Soslaia

Errautsetatik berpiztua

Peru inoizko krisirik okerrenean utzi zuen Alan Garciak (Lima, 1949) bere lehen presidentetza amaitu zuenean, 1990ean. Agintaldi gogorra izan zen berea. Gazterik lortu zuen presidentetza, 36 urte besterik ez zituen. Gaztea eta esperientziarik gabea, baina idealak buruan, Peruko John F. Kennedy gisa ikusten zuten askok. Gutxi iraun zuen ilusioak. Sendero Luminoso talde armatuaren erasoek eta ekonomiaren gainbeherak ametsa amesgaizto bilakatu zuten. Inflazioa %7.500ekoa zen. 1985ean auto bat erosteko adina diru eskatzen zuten 1990ean pospolo kaxa batengatik. Horretaz gain, ustez gerrillariekin kolaboratzen zutenen kontra gehiegikeriaz jokatzea leporatu zioten Armadari. Horiek hala, agintaldia amaitu eta Kolonbiara egin zuen ihes, bere lekua hartu berri zuen Alberto Fujimorik ustelkeria leporatu baitzion, eta segurtasun indarrak haren atzetik baitzebiltzan.

Alemanian, Frantzian eta Kolonbian bizi izan zen bederatzi urtez, baina Fujimorik porrot egin zuenean, 2001ean, Perura itzuli zen Garcia, errautsetatik berpizteko asmoz. Ordurako bere kontrako salaketak preskribatu ziren. Urte berean presidentetzarako bozetara aurkeztu zen, eta harrigarria badirudi ere bigarren txandaraino iritsi zen, baina egun jarduneko presidente den Alejandro Toledok irabazi zion. Bigarren saioan lortu du helburua. Beste aukera bat izango du iraganean egindako akatsak konpontzeko. Dena den, mesfidantzaz begiratzen diote oraindik herritar askok, ez duteahaztu nola amaitu zuen lehen agintaldia. ­ A. E.





############



«Herritarrek alternatibaren alde bozkatu dute, eta hori itxaropenaren botoa da, konfiantzarena»

alan garcia
peruko alderdi apristako hautagaia (apra)



############



«Alan Garcia zoriontzen dugu; baina pozgarria da Peruko mapa politikoa aldatu dela jakitea ere»

ollanta humala
peruren aldeko batasuna (Upp)



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.