'Brexit'-a. Kontserbadoreen konferentzia

Garesti izanen ditu txaloak

'Brexit' gogorraren aldekoek erronka joko diote May lehen ministroari Alderdi Kontserbadorearen konferentzian. 'Tory'-en zatiketa handia bada, hauteskundeak egiteko aukera indartu liteke

Theresa May lehen ministroa eta Philip May inbertsio funtsetako kudeatzaile eta lehen ministroaren senarra (ezkerrean), tory-ek iaz Manchesterren egin zuten konferentzian. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
mikel rodriguez
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
«Brexit-ak brexit-a erran nahi du». Esaldi hori erran zuen Theresa Mayk duela bi urte Alderdi Kontserbadoreak Birminghamen (Ingalaterra) egin zuen konferentzian. Bilkura haren titulu nagusia bihurtu zen orduan. Hiru hilabete eskas igaroak ziren EB Europako Batasuna utzi ala ez erabakitzeko erreferenduma egin zenetik, eta oraindik ez ziren bi hilabete ere igaroak May Erresuma Batuko lehen ministro eta tory-en buruzagi hautatu zutenetik. Aukera historikotzat aldarrikatu zuen EB uzteko prozesua, eta brexit gogorraren aldekoak kontent utzi zituen hitzaldiarekin. «Ez da Norvegiako eredurik egonen, ez da Suitzako eredurik egonen. Akordio bat izanen da Erresuma Batu independente eta burujabe baten eta Europako Batasunaren artean». Boris Johnsonek, David Davisek eta brexit gogorraren aldeko bertze kideek gogotik jo zioten txalo, eta alderdiak Mayren inguruan elkartuta utzi zuen konferentzia. Bi urteren ondoren, Birminghamera itzuli dira tory-ak, baina Mayren egoera arrunt ezberdina da. Aurten, garesti izanen ditu txaloak.

Izan ere, fronte guztietatik estututa ailegatuko da biharko bilkurara. EBk kolpe latza eman zion joan den astean, brexit-erako zuen eskaintza guztiz baztertuta. Oposizioa ere hazia du, bai Alderdi Laboristari dagokionez, bai Eskoziako eta Irlandako nazionalistei dagokienez. Eta, azkenik, datozen egunotako buruhausterik handiena izanen du: brexit gogorraren aldekoen matxinada eragoztea alderdian. Asteazkenean bukatuko da konferentzia, eta ez dago argi zein izanen den Mayren etorkizuna.

Boris Johnsonen plana

Brexit gogorraren kontserbadoreek ERG Europako Ikerketa Taldea izenekoa osatu dute alderdi barrenean. «30 edo 40» inguru parlamentarik osatzen dute, Davis brexit-erako ministro ohiak duela hiru egun erran zuenez, baina zehaztu zuen haien ideiekin bat egiten dutenak gehiago izan daitezkeela. «Ni neu ez naiz ERGren kide», erran zion Huffington Post-i. Davisek uztailean eman zuen dimisioa, uste duelako lehen ministroaren udako egoitzan (Chequersen) egin zuten plana brexit leun baterako proposamena dela. Hil honen hasieran BBCk argitaratu zuen ERGko kideek asmoa zutela May kargutik kentzeko ekinaldi bat egiteko Birminghamgen, baina parlamentari horiek ukatu egin zuten. Hala ere, Johnson Atzerri ministro ohiak erronka jo dio Mayri, eta brexit-erako bertze plan bat aurkeztuko du konferentzian, Chequers plana «umiliazio moral eta intelektual bat» dela iritzita. Proposatu du Erresuma Batuaren eta EBren arteko harremanetarako eredutzat hartzea EBk eta Kanadak duten merkataritza hitzarmena.

Hortaz, jarrerak aldatu ezean, baliteke Mayren lidergoak segitzea, baina agonian. EBren ultimatuma dauka alde batetik; urriaren 18rako bertze proposamen bat egiteko eskatu dio, iruditzen baitzaio Chequers planean proposatutako harreman ekonomikoak abantailak ematen dizkiola Erresuma Batuari aduana batasunaren betebeharrak konplitzeko beharrik gabe, eta uste baitu Irlandan muga gogor bat eragozteko neurriak ez direla bideragarriak. Bertzetik, ordea,ERGri eta antzeko jarrera duten tory-ei iruditzen zaie Mayren plana indarrean paratuz gero EBk oraindik Erresuma Batuaren gaineko boterea izanen duela etorkizunean ere.

Eta, hain zuzen, nahiz eta alderdiaren konferentzian ez saiatu May eraisten, parlamentuan har lezaketen jarrerak lehen ministroa hondora dezake. Chequers plana-ri, edo bertze edozeini, Westminsterrek baiezkoa eman beharra dio, baina Alderdi Laboristak, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta Liberal-Demokratek errana dute oraingo planaren aurka bozkatuko dutela. ERGko parlamentariek gauza bera eginez gero, Mayk ezinen du asmoa bete, eta erabat ahulduko da.

Gainera, alderdia elkartuta mantentzeaz gain, Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionista ere kontent utzi beharra du, haren hamar diputatuei esker baitauka gehiengo osoa parlamentuan. Eta DUP kontent edukitzeko, Irlandako mugako akordioak haren gustukoa izan behar du. Ezegonkorregia dirudi Mayren egoerak, eta hauteskundeak aitzinatzea gero eta aukera errealagoa bihurtu da. Lehen ministroak, ordea, ez duela etsiko erran du aste honetan New Yorken (AEB). «Ez da interes nazionalaren aldekoa hauteskundeak egitea».

Laboristak, bozen bila

Mayren eta tory-en ur nahasi horietan etekina lortu nahi dute laboristek. Haiek aste honetan egin dute konferentzia, Liverpoolen (Ingalaterra). Jeremy Corbyn buruzagiaren eta alderdiko sektore minoritario baina eragin handiko baten arteko sintonia ez da erabatekoa. Hala ere, boterean ez daudenez, presio gutxiago dute, eta gutxieneko akordio bat egin dute konferentzian: Mayri eskatuko diote laboristen brexit-erako proposamena onartzeko; lehen ministroak hori egin ezean, hauteskundeak aitzinatzeko ahalegina eginen dute, eta brexit-erako bertze erreferendum bat eskatzeko aukera onartu dute, nahiz eta alderdi barreneko bakea mantentzeko azken puntu hori nahiko zehaztu gabe utzi duten. Haizea alde dutela sentitzen dute laboristek, eta tentuz kudeatu nahi dituzte alderdi barreneko kontraerranak. «Ezin baduzu akordio hori negoziatu, hori egin dezakeen alderdiari tokia utzi behar diozu», erran zuen Corbynek konferentzia bukatzeko hitzaldian, Mayri zuzenduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.