Garzon epailea zigortu dute

Espainiako Auzitegi Gorenak 11 urtean epaile izateko gaitasunik gabe utzi du, 'Gurtel auzian' entzuketak agintzeagatik«Erregimen totalitarioetako praktikak» erabili izana leporatu dio Justiziak

mikel rodriguez
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Baltasar Garzon epailearen karrera amaitutzat jo dute Espainian, Gurtel auziaren instrukzioa dela-eta jaso duen zigorrak hagitz tarte murritza utziko baitio: 11 urtean epaile izateko gaitasunik gabe utzi du Auzitegi Gorenak, Gurtel auziko ustelkeria sarea ikertzerakoan agindu zituen entzuketekin ikertutakoen defentsarako eskubidea urratu duela ebatzi baitu —2.520 euroko isuna ere ordaindu beharko du—. Auzitegi Goreneko zazpi epaileek aho batez erabaki dute zigorra. Bertzeak bertze, Garzonek «erregimen totalitarioetako praktikak» erabili dituela adierazi dute. Garzonek, ordea, Auzitegi Konstituzionalean helegitea paratuko duela iragarri du. Bertze bi auzibide ditu irekiak Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak: New Yorken emandako ikastaro batzuetan ustez legez kanpoko ordainketak jasotzeagatik bata eta frankismoaren hainbat krimen ikertzeagatik bertzea. Azken horregatik hogei urtean epaile izateko gaitasuna ken diezaiotela eskatu du akusazioak.

Garzonen aurkako epaia gogorra eta adierazgarria da. Auzitegi Gorenaren arabera, Garzonek «drastikoki eta justifikaziorik gabe» murriztu du defentsarako eskubidea, Francisco Correak eta Pablo Crespok —espetxean daude, Gurtel auziagatik— beren abokatuekin izan zituzten elkarrizketak grabatzeko agindu zuelako. Adierazgarriena Auzitegi Gorenak Garzonen jarduna baloratzeko erabili dituen termino gogorrak dira: «Espainiako zigor prozesu osoa, teorian zuzenbide estatu garaikide baten berme konstituzional eta legal guztiak dituena, gainditu diren garai bateko sistema politiko eta prozeduren mailan paratu du». Iraganeko prozedurak ez ezik, «gaur egungo erregimen totalitarioetakoak» erabiltzea ere egotzi dio; «estatuarentzat interesgarria» den informazioa lortzeko «denak» balio duen erregimenen pare jokatzea, alegia. Auzitegi Gorenak dioenez, Garzonek «arbitrarioki» jokatu du; epaileen arabera, soilik inputatutako presoen aurkako delitu zantzuak zeuden, eta ez haien abokatuen kontrakoak.

Presoaren eta abokatuaren arteko harremanak pribatua izan behar duela defendatu arren, «terrorismo» kasuetan salbuespena ezar daitekeela oroitarazi du Auzitegi Gorenak. Delitu horren zantzua eta epailearen agindu bat beharrezkoak dira, beraz, presoaren eta abokatuaren arteko elkarrizketak grabatzeko. Argudio horrekin, euskal presoei egindako entzuketak ohiko praktika dira Espainiako espetxeetan.

Garzonek, ordea, helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean. Epaia «erabat» errefusatzen duela adierazi du. Haren arabera, ustelkeria ikertzeko «aukera oro» baliogabetzen du eta «zigorgabetasunerako guneak» ahalbidetzen. Horrez gain, «epaile zehatz bat suntsitzeko nahiagatik», Espainiako magistratuen independentzia «murriztea» egotzi dio Auzitegi Gorenari.

Bertze auzi bat epaiaren zain

Gurtel auzia 2009an abiarazi zen, eta PP eskuineko alderdiari lotutako sare bat zuen ikergai, eroskerian aritzen zelakoan. Egun behin-behineko espetxealdian dago sarearen ustezko burua, Correa enpresaria. PPko bi goi kargudun ere epaitu dituzte kasuarekin zerikusia zutelakoan: Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohia eta Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari nagusi ohia. Biak errugabe zirela ebatzi zuen herritarrek osatutako epaimahai batek.

Garzonen aurkako bertze auzietako bat, frankismoaren hainbat krimenen ikerketa hasteagatik duen auzia, Auzitegi Gorenaren epaiaren esperoan dago herenegundik. Manos Limpias eskuin muturreko sindikatuak prebarikazioa egotzi dio Garzoni, bertzeak bertze, diktadura ondoko Amnistiaren Legea hautsi duelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.