Gurtelauzian nahastutako abokatuei entzuketak egiteagatik zigortu zuen Espainiako Gorenak Baltasar Garzon, zeina Auzitegi Nazionaleko epaile baitzen. 11 urteko inhabilitazioa ezarri zioten 2012an, eta haren ibilbidea kolpetik amaitu. Orain, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak ondorioztatu du erabakia «oinarririk gabea» izan zela, eta epailearen errugabetasun presuntzioa urratu zuela. Horregatik, hari kalte ordainak emateko eskatu dio Espainiako justiziari.
Nazioarteko erakundearen ebazpenaren arabera, Gorenak ez zuen bermatu Garzonen aurkako auziaz arduratu ziren epaileen inpartzialtasuna, eta akusatuak ez zuen aukerarik ere izan bere inhabilitazioari helegitea jartzeko. Ondorioz, eskatu du ezaba ditzatela auziaren ondorioz jasotako zigor aurrekariak, eta «errepara dezatela egindako kaltea» sei hilabeteko epean.
Giza Eskubideen Batzordeak bost urte behar izan ditu Garzonek berak jarritako salaketari erantzuteko. Epaileak helarazitako idatziak zioen «jazarpen eta errepresalien biktima» izan zela, Gurtelauzian izandako rolaren eta frankismo garaiko ikerketen ondorioz. Batzordeak ontzat eman ditu Garzonen arrazoiak, eta txostenean gogorarazi du epaileak akusatuei entzuketa egiteko baimena eman bazuen Poliziak berak eskatuta eman zuela, eta Fiskaltzaren onespena zuela horretarako.