Gasbide bat lehertu da Sinai penintsulan, eta Jordaniako emaria geldiarazi dute
Al Arish hiriko —Sinai penintsularen ipar kostaldean— gasbide garrantzitsuenetako bat lehertu zen atzo, eta, horren ondorioz, Jordaniarako gas emaria geldiarazi egin zen. Egiptoko agintariek ez dute zehaztu zerk eragin duen leherketa, baina telebista publikoaren arabera «sabotajea» izan da. Azken egunetan erasoak eta borrokak izan dira Sinain bertako beduinoen eta Egiptoko indar armatuen artean. Herenegun, adibidez, Al Arishko kuartel baten aurka granadak jaurti zituen beduino talde batek —ez zen inor zauritu—, eta iragan urtarrilaren 29an hamabi lagun hil ziren beduinoen eta Poliziaren arteko tiroketan. Sinain 300.000 beduino inguru bizi dira, baldintza gogorretan, eta Egiptoko agintarien aldetik marjinazioa pairatzen dutela salatzen dute. Kairok, berriz, beduinoei egozten dizkie Sinain gertatzen diren sabotaje ekintza gehienak. Gaur egun 4.000 inguru beduino preso daude Egiptoko espetxeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu