Gatazka armatuengatik 28 milioi haur ezin dira eskolara joan

Unescoren arabera, horrela segituz gero, 2015ean orain baino ume gehiago egongo dira eskolaratu gabe

Erredakzioa
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Unescok, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, ohartarazi du munduan 67 milioi haur eskolaratu gabe daudela; horietatik 28 milioi, euren herrian gatazka armaturen batek eragozten dielako.

2015erako haur guztiak ikastetxeetan egotea jarri zuten helburutzat 2000. urtean, baina jada esan dute hori ez dutela «askogatik» lortuko, eskolaratzea behar baino mantsoago gertatzen ari delako. Hala diote atzo aurkeztutako txostenean: «Horrela segituz gero, 2015ean eskolaratu gabe daudenen kopurua oraingoa baino handiagoa izango da».

Haur horien artean bada «ezkutuko krisi» bat ere, Unescoren arabera: gerrak egunerokotasunean eragiten dien umeena. Eskolaratu gabe daudenen artean %42 dira horiek, guztira 28 milioi. Txostenaren arabera, «haurrak eta ikastetxeak gatazka horien jomugan egoten direlako» ezin dira normal eskolara joan.

2009tik 2010era, eraso gehienak Afganistanen, Yemen iparraldean eta Gazan gertatu ziren. Urtetik urtera handitzen doa kopuru hori: Afganistanen, 2009an, gutxienez 613 eskolari eraso zieten; 2008an baino 266 gehiagori. Yemenen, 220 eskola suntsitu zituzten. Unescoren arabera, Gazan, 350 haur hil eta 1.815 zauritu zituzten 280 erasotan. Pakistanen ere eraso ugari gertatu direla salatu dute txostenean, kopururik zehazten ez duten arren. Eraso bortitzenak 95 ume zauritu zituen neskentzako ikastetxe batean.

Gerra sufritzeaz gain, askotan gerra egitea ere egokitzen zaie haur horiei; gutxienez 24 estatutan errekrutatzen dituzte haurrak soldadu gisa lan egiteko,besteak beste, Kongon, Txaden, Myanmarren eta Sudanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.