Ekialde Hurbila

Gauerditik indarrean da su-etena Sirian

Menia errespetatzen bada, Genevara itzuliko dela esan du oposizioak. Berri agentzien arabera, errebeldeek eta Gobernuek salatu dute bonbardaketak eta erasoak badaudela su-etena indarrean egon arren.

mikel rodriguez
2016ko otsailaren 27a
09:46
Entzun

Eszeptizismoa da nagusi AEBek eta Errusiak Sirian hitzartutako su-etena indarrean sartuta. HNC Negoziazioetarako Batzorde Gorenak —oposizioko plataforma nagusiak— adierazi du 97 talde armatuk bat egin dutela menia ezartzeko konpromisoarekin. Siriako Gobernuak eta SDF Siriako Indar Demokratikoek —kurduen miliziak biltzen dituen koalizioak— duela egun batzuk adierazia zuten Washingtonen eta Moskuren proposamena onartuko zutela. EI Estatu Islamikoa, Al-Nusra Frontea eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak "terrorista" izendatutako taldeei, ordea, ez zaie meniarik eman.

AEBek eta Errusiak nazioarteko lan talde bat sortzea hitzartu dute, gauerditik aitzinera ezarri den su-etena gainbegiratzeko. Talde horren egitekoa izanen da, bertzeak bertze, EIk, Al-Nusra Fronteak eta "terrorista" izendatutako bertze taldeek kontrolpean dituzten eremuak zeintzuk diren zehaztea, su-etena hitzartu duten aldeek jarrai dezaten muturreko talde horien aurkako erasoak egiten. Al-Nusra Fronteak, ordea, gobernuaren aurka dauden hainbat talde armaturekin elkarlanean borrokatzen du, eta AEBak eta Errusia ez daude ados zenbait talde "terrorista" izendatzerakoan. Horregatik, meniak aukera anitz ditu ahul izateko.

Barack Obama AEBetako presidenteak atzo erran zuen ez daukatela "alferreko itxaropenik", baina uste du "munduak gogor epaituko" dituela ahaleginik egiten ez badute. Vladimir Putin Errusiako presidentea ere antzera mintzatu da gaur. "Adiskidetze prozesua zaila izanen da, eta, agian, kontraerrankorra ere, baina ez dago bertze biderik".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.