Hegi babesgarria operazioaren hirugarren eguna da. Israelen erasoek ez dute etenik Gazan, eta hildakoen eta kaltetutako guneen kopurua gorantz doa. Leherketak entzun dira gauerdian, eta zibilen etxebizitzak, Hamasen eraikinak eta etxaldeak bonbardatu ditu Israelek, airez. Dagoeneko 30etik gora dira hildakoak, tartean familia oso bat.
Gauerditik 180 gune baino gehiago bonbardatu ditu. Israelek nabarmendu du bonbardatutako guneak milizien kokalekuak eta trebatzeko eremuak direla. Palestinako iturrien arabera, ordea, etxebizitzak eta kafetegiak ere suntsitu dituzte Israelgo hegazkinek.
Armadaren arabera, eraikinez gain, "Hamaseko terrorista baten" kontrako erasoa egin du, eta Jihad Islamista taldeko hiru milizianoren aurka ere jo du. Hilaren 7tik Tel Avivek hil dituen palestinarren %70 zibilak dira, osasun zerbitzuek azaldu dutenez.
Erasoa "gogortu eta zabaltzeko" asmoa agertu zuen atzo Israelgo armadak. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak "genozidioa" egitea leporatu dio Israeli. "Familia bateko kide guztiak hiltzea genozidioa da. Palestinar guztien aurkako gerra da hau; ez da soilik militanteen aurkakoa".
Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera du gaur, gatazkaz hitz egiteko. Bien bitartean, Israelgo Gobernua babes bila ari da nazioartean. Benjamin Netanyahu lehen ministroa Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiarekin, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eta John Kerry AEBetako Estatu idazkariarekin batzartu da, eta hurrengo egunetan ordezkari gehiagorekin biltzea espero du.
Betselemek, giza eskubideen aldeko Israelgo elkarteak, gogorarazi du zibilen etxebizitzak bonbardatzeak "urratu" egiten dituela "nazioarteko giza eskubideak". Elkarteak dio etxebizitza horiek ez direla "bidezko helburu militarrak".